Beste urrats bat euskararen garapenaren inguruko koordinazioan

Ezkerreko muturrean, Nafarroako Mikel Arregi. Erdian, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea./
Ezkerreko muturrean, Nafarroako Mikel Arregi. Erdian, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea.

Nafarroako Gobernua Estatuko hizkuntza politikaren arloko lankidetza protokoloari atxiki zaio, Valentziako Generalitatearekin batera

EL DIARIO VASCO

Galizian egindako bileran, Nafarroako Gobernuaren eta Valentziako Generalitatearen atxikimendua onartu dute Estatuko hizkuntza politikaren arloko lankidetza protokoloaren inguruko hitzarmenaren sinatzaileek. Horrela, sei erakunde izango dira protokoloaren atzean eta era koordinatuan egingo dute lan eleaniztasunaren interesen alde Estatuan eta hizkuntza koofizialen erabileraren alde. Bileran Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak ordezkatu duen Eusko Jaurlaritzaz gain, Kataluniako Generalitat, Galiziako Xunta eta Balear Uharteetako Gobernua ziren aurretik talde horretako kide.

Jaurlaritzako sailburuordearekin batera, bileran izan dira Galiziako Hizkuntza Politikako zuzendari orokor Valentin Garcia, Kataluniako Generalitateko Hizkuntza Politikako zuzendari orokor Ester Franquesa, Nafarroako Euskarabideako zuzendari Mikel Arregi eta Valentziako Generalitateko Hizkuntza Politikako zuzendari Ruben Trenzano.

Dobaranek bileraren «oso balorazio positiboa» egin du, protokoloaren garrantzia nabarmendu du eta Nafarroako Gobernuaren sarrerari balioa eman dio. Halaber, adierazi du Jaurlaritzak «etengabeko harremana» daukala Estatuan gainontzeko hizkuntza propioak kudeatzen dituzten erakundeekin.

«Lankidetza protokoloa eta honen inguruan egiten diren bilerek elkarlan honetan sakontzea ahalbidetzen dute, proiektuak elkarrekin garatzeko aukera ematen digute eta esperientziak trukatzea posible egiten dute. Era berean, Eusko Jaurlaritzaren ustez, oso albiste pozgarria da Nafarroako Gobernuak bat egitea Protokolo honekin. Izan ere, bi erakundeok euskararen garapena defendatu ahal izango dugu foro honetan, elkarrekin eta era koordinatuan», azaldu du.

Estatuan eta Europan hizkuntza aniztasunaren interesak babesteko koordinaziorako jardun ildo nagusiak jorratu dituzte bileran, eta lankidetza protokoloaren barruan galiziera, euskara eta katalana normalizatzeko prozesuetako lan arloei buruzko esperientziez hitz egiteko aukera izan dute.

Besteak beste, honako gai hauek jorratu dira bileran: Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna betetzearen jarraipen txostena; Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarean (NPLD) gobernuen jardun ildoak; eta protokoloaren esparruko aurtengo lan plangintza (estatuko hizkuntza aniztasuneko errealitatearen sustapenari buruzko saria ematea edo Kanpo Gaietarako eta Lankidetzako Ministerioarekiko hitzarmena -zinpeko itzultzaile eta interpretari lanbiderako gaitasunak egiaztatzeko probak elkarri onartzekoa-).