«Gizartearentzat galera handia da ikertzaile gazteak etsita ikustea»

Jokin Apalategi, 100. zenbakia ospatzeko Bilboko Kafe Antzokian egin zen ekitaldian./
Jokin Apalategi, 100. zenbakia ospatzeko Bilboko Kafe Antzokian egin zen ekitaldian.

27 urtez 'Uztaro' zuzendu duen Jokin Apalategik aldizkaria «une gozoan» dagoela eman dio erreleboa Gidor Bilbaori, aspalditik pentsatuta zeukan moduan

NEREA AZURMENDI

1990az geroztik, «euskal giza eta gizarte-zientzien bilgune» izan da Udako Euskal Unibertsitatearen Uztaro aldizkaria. 27 urteotan, sortu zenetik 100. zenbakira heldu den arte, Jokin Apalategi (Ataun, 1943) EHUko katedradun, ikerlari eta idazlea izan du zuzendari. UEUk zenbaki biribil hori ospatzeko antolatu zuen ekitaldiak omenaldi kutsua ere izan zuen, zuzendaritza utzi baitu Apalategik. «Emozionatuta», egindakoarekin gustura eta datorrenaren aurreran itxaropentsu, aspaldiko lankide zuen Gidor Bilbao (Bermeo, 1965) Filologia Klasikoan doktore eta EHUko irakaslearen eskuetan jarri du lekukoa.

100. zenbakiko hitzaurrean gogoratzen denez, 'Uztaro' ez da euskal aldizkari zientifiko-unibertsitario bakarra, ezta zaharrena ere. Zer du orduan horren berezia?

Bi arrazoi jarriko nituzke nik beste askoren gainetik. Batetik, dudarik gabe berezia da atzean UEU daukalako. UEU historia handi bat egin duen mugimendu soziala da, heldutasun eta gozotasun handi batera iritsi dena. Ni aldizkari askotan ibilita nago, 'Uztaro' ez zen nire lehena izan, eta honek duen diferentzietako bat da UEUk daukan zerbitzu oso metikuloso, zintzo eta profesionala. Horrelako aldizkari batean argitaratu nahi duenarentzat, hori ikaragarria da. Bestetik, hasiera-hasieratik erredakzio kontseilua osatu genuenok, nahiz eta bakoitzak izan bere kezkak, pentsatu genuen ez zela egin behar aldizkari espezifiko bat, soziologiakoa, antropologiakoa edo historiakoa... Hori eskasegia zen euskal munduan, eta guk egin genuen diziplina askoren arteko aldizkaria, giza eta gizarte-zientzien arlokoa, hamar-hamabost adarretakoak, denok elkarrekin. Hori potentzial handia da, eta aldizkariak duen berezitasun nagusietakoa.

Ikuspegi zabal horrek eman dio 'Uztaro'-ri lortu duen irismena? Lagundu dio unibertsitatetik at dauden irakurleengana ere iristen?

'Uztaro' mugimendu sozial eta kultural handi baten emaitza da. Ikerketa asko egiten da, baina oso lotuta dago mugimendu sozial horretan eztabaidan dauden gaiei. Lehen aipatutakoaren ildotik, ez dira espezialistak, gauza oso zehatzak egiten. Hartu izan dira gure herriko gaiak arlo guztietan, punta-puntako mailan, baina herri mugimenduan ere lantzen ari zirenak. Horrek atentzioa ematen du, eta erakargarritasuna du jendearekiko.

Orain arteko 100 zenbakietan aurki daitezkeen 558 artikulu egileen artean ez ezik, erredakzio kontseiluan ere unibertsitate guztietako ordezkariak daude, UEUren izaera bera islatuz. Hori ere badu bereizgarri.

Bai, sentsibilitate handiz jokatu dugu horretan, eta bilatu dugu betidanik denen inplikazioa. Plataforma bakar hori bera da balio handiko formazio sozial bat. 'Uztaro'-n jende asko erabiltzen dugu, modu askotakoa, bai ebaluazioak egiteko, bai erredakzio lanetarako... Eta esan dezaket zuzendari izan naizen 27 urte hauetan unibertsitate desberdinetako jende askori eskatu dizkiodala gauzak, eta ez dudala kalabaza bakar bat jaso. Horrek beti harritu nau, ikaragarria iruditzen zait.

Artikuluak-eta eskatu dituzuenean ere horren erantzun ona izan duzue?

Lanik ez diogu inori eskatu, hori da beste milagro bat. Jendea dabil bere ikerketa gaiekin eta bere kezkekin, gehienetan taldean, eta zerbait prestatzen dutenean 'Uztaro'-ra bidaltzen dute. Orduan guk jartzen dugu martxan gure makinaria, ebaluazioak egiteko-eta. Sare internazional batean sartuta gaude, eta horrek eskatzen dituen baldintzak bete behar ditugu. Oso zorrotzak gara horretan. Kalitate maila bermatzeko, gutxienez bi ebaluatzailek aztertzen dituzte argitaratzen diren artikuluak, baina lanak jendeak proposatzen dizkigu.

Unibertsitateko irakasle-ikerlarien ibilbide profesionalean, eta hori da artikulu-idazleen artean profil nagusia, oso garrantzitsuak dira publikazioak. Euskaraz argitaratzeak badakarkie eragozpenen bat akreditazioaren aldetik ?

Hori arazo handi bat da. Mundu horretan gabiltza, bai. Hor ebaluatua zara ia etengabe, eta azkenean puntu-sumaketa batean ari zara, karrea profesionalean aurrera egiteko. Besteak beste, egiten dituzun ikerketa ebaluatuek ematen dizkizute puntuak. Gai horren inguruko arazoak ez dira 'Uztaro'-renak edo euskararenak. Frantziako, Alemaniako eta Bretainia Handiko zientzien akademiek protesta-gutun bat bidali diote berriki Carlos Moedas Europako Ikerketa Komisarioari, esanaz badela garaia gure artean gaia serioski hartzekoa, dena Estatu Batuetako unibertsitateek esku geratzen ari delako. Jendeak zer egiten du? Batzuek utzi egiten dute, minimoekin konformatzen dira, eta beste batzuek bidezidor eta trikimailuak aurkitzen dituzte Ameriketan publikatu eta karrera handi bat egiteko. Hori arazo orokorra izanda ere, euskaraz egiten baduzu penalizatuta zaude. Izan ere, ebaluaketa egiten da Espainiako komisio batekin batera, eta irakaslearen lanak euskaraz iristen direnean bigarren maila batean gelditzen dira, gaztelaniazkoek hartzen dituzte puntuak. Hor dago ahulezia ikaragarri bat. Ez noa inoren kontra, baina uste dut denon inplikazioa beharko litzatekeela unibertsitateak, Legebiltzarra, Jaurlaritza..., euskarari errekonozimendua eta duintasuna emateko. Lanei eskatu behar zaie nazioarteko baloreen araberakoak izatea, baina ez daitezela izan baztertuak euskaraz izateagatik. Orduan, euskarak hartuko luke indar ikaragarria.

Azken 27 urte hauetan ere gogotik indartu da. Nolakoa zen 1990ko lehen zenbaki hura, eta nolakoa utzi diozu oinordekoari?

Orduko egoerak, jakina, ez du batere zerikusirik gaurkoarekin. Gu abiatu ginenean Euskal Herriko Unibertsitatea berri-berria zen, promesak gehiago ziren errealitateak baino. Hasi ginen euskararentzat bideak irekitzen, konpetitu nahian, baina gehienok etxeko euskara geneukan, ez besterik. Euskarari dagokionez, autotidaktak ginen, ni bezala nire belaunaldiko asko. Gaurko belaunaldiak datoz, zorionez, kasu gehienetan ikasketak euskaraz eginda. Euskara ikaragarri landu duen jendea daukagu, eta gainera oso formazio sendoa eta sakona eta bide luzea egindakoa. Horrek guztiak elkarturik euskararen kondizioa aldatu da sustantzialki, eta euskara eraman dugu behin ere ibili ez den tokietara, beste maila batera, beste erritmo batzuetara. Jakintza horietan maleruski ez dugu tradiziorik izan, eta oraindik hastapenetan gaudela esango nuke.

Indartsu datoz hortaz belaunaldi berriak, nahiz eta zailtasun handiak dituzten aurrera egiteko. 'Uztaro'-k eskaintzen die, alde horretatik, erakusleiho moduko bat?

Bai, oso onak dira, txundituta uzten naute askotan, gu geu ez bezala prestatuta baitaude. Gu atera ginen atera ginen tokietatik, eta gure aurrekoak okerrago askotan... Eta egia da, bai, oso zaila daukatela aurrera egitea. Asko etsita daude, eta nik uste dut hori galera handia dela gizarte osoarentzat. Gure aldetik, azken hamar urteotan gazte asko etorri dira erredakzio kontseilura. Adin batekoak ez dira erabat urrundu, baita departamentuetan-eta lanean zeuzkaten gazteei ardura pasatzen joan dira. Oso garrantzitsua iruditzen zait jende horri laguntzen saiatzea, alaitasun pixka bat ematea, abandonatzeko puntuan daudenean esatea merezi duela aurrera begiratzen eta borrokatzen jarraitzea...

Zu zeu urrunduko zara erabat 'Uztaro'-tik? Atseden hartzeko gogoz zaue?

Ez dut erabakia hartu nekatuta nengoelako, ezta gutxiago ere. Aspaldi neukan pentsatuta horrela egitea. Uste dut erreleboa pasatu behar dela gauzak ondo daudenean, ez arazoak iristen direnean. Ni ondo eta lanerako gogoz nabil, aldizkaria ere momentu oso on eta gozoan dago. Une egokia zen, beraz. Nire ustez, beste arlo batzuetan ere ikasi beharko litzateke horrela funtzionatzen.

 

Fotos

Vídeos