Berrikuntza teknologikoa, positibotzat

Beherakada izan da berrikuntza teknologikoak txertatu dituzten enpresen kopuruan

EL DIARIO VASCO

Berrikuntza teknologikoak egiten dituzten enpresen %91,7k uste du berrikuntzak eragin positiboak dituela. Hain zuzen, enpresen %84,4ren ustez berrikuntzak eragin positiboa du bere produktuetan, bai ondasunetan bai zerbitzuetan; %71,4ren ustez eragin positiboa du barne prozesuetan; %54,3ren ustez eragina du enpleguan eta %46,0ren ustez badira beste eragin positibo batzuk, hala nola ingurumen inpaktu txikiagoa edota langileen osasunaren hobekuntza, Eustatek landutako datuen arabera.

Berrikuntza teknologikotzat hartzen da enpresek produktu berri edo nabarmen hobetu bat (ondasuna edo zerbitzua) merkaturatzea edo establezimenduan bertan prozesu berri edo nabarmen hobetu bat ezartzea. Hain zuzen ere, EAEn 19.338 enpresa izan dira, %11,9. Neurtutako aurreko aldiarekin alderatuta, %0,3 puntuko beherakada izan zen.

Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen %16,9k berrikuntzak -teknologikoak edo ez- egin zituzten 2015ean, aurreko urtean baino %0,4 gehiagok. Berrikuntzak egin zituzten hamar langile edo gehiagoko enpresak bakarrik kontuan hartuta, enpresa berritzaileak %34,6 izan ziren, 2014an baino %0,1 gehiago.

Halaber, hamar langile edo gehiago dituzten enpresak bakarrik kontuan hartuz gero, portzentaje hori %28,2 da. Tamaina horreta koenpresei dagokienez, %17,6k produktuan egin zuten berrikuntza, eta %22,3k prozesuetan.

Berrikuntza teknologikorako beharrezkoak diren jarduera nagusien artean nabarmentzen dira barneko I+Gn egindako gastua eta kanpoko I+G erostea, besteak beste. Hamar langile edo gehiago dituzten eta laguntzak jasotzen dituzten enpresen % 70ek Jaurlaritzatik jasotzen dituzte laguntzak.

Halaber, enpresen erdiak baino gehiagok uste du hainbat faktorek zaildu egiten dutela berrikuntza teknologikoa. Zehazki, %57,0k uste du gehiegizko arrisku ekonomikoak, berrikuntza egitearen kostu handiak eta finantziazio iturririk ez izateak zaildu egiten dutela berrikuntza teknologikoa.

Azkenik, berrikuntza ez teknologikoari dagokionez, antolakuntzan eta merkaturatzean egindako berrikuntzetan, enpresaren barne funtzionamenduan antolaketa metodo berriak ezartzea sartzen dira. Hamar langile edo gehiago dituzten enpresetan, berrikuntza ez teknologikoa %19,9koa da EAEn.