Aurrerantzean, Akitania Berria

Eskuineko mapan turkesa kolorez margotutako eremua hartuko du Nouvelle-Aquitaine eskualdeak./
Eskuineko mapan turkesa kolorez margotutako eremua hartuko du Nouvelle-Aquitaine eskualdeak.

Bere burua izendatzen azkena izan da Ipar Euskal Herria barne hartzen duen eskualde 'hedatua'. Urriaren 1etik aurrera, Nouvelle-Aquitaine izango da ofizialki. Euskaraz, berriz, Akitania Berria

N. AZURMENDIdonostia

Euskaltzaindiak bitan eman dizkie euskarazko ordainak Frantziako Errepublikako eskualdeei. Lehen aldiz, 36. arauaren bitartez, 1995eko ekainean. Handik hamaika urtera, denbora dezente joana zela-eta, Akademiak egoki ikusi zuen araua berraztertzea, eta 2006ko maiatzean onartu zituen bidezkoak iruditu zitzaizkion egokitzapenak, Elantxoben. Hamar urte igaro dira harrezkeroztik, baina oraingo honetan izendegia eguneratu beharra ez du denboraren joanak ekarri, Frantzian urtarrilaren 1ean indarrean sartu zen lurralde erreformak baizik.

Aldaketa sakonak ekarri dituen erreformaren azaleko seinale nagusia eskualdeen kopuruaren murrizketa izan da eta, zenbait kasutan, horien izenen aldaketa. Itsasoz haraindiko eskualdeak ez dira aldatu, baina 'hexagonokoen' kopurua (Korsika barne) 22tik 13ra jaitsi da, mapan ikus daitekeen bezala. Uztailaren lehen egunera arteko epea zeukaten eskualde berriek aurrerantzean izango duten izena erabakitzeko, eta joan da apurka-apurka izendegia aldatzen. Azkenekoa izan da Ipar Euskal Herria, eta hor sor daitekeen elkargo berria, barne hartzen duen eskualde 'hedatua'. Hedatua zeren eta hiru batuta -Akitania, Poitou-Charentes eta Limousin- eskualde berri bat egin baitute: Nouvelle-Aquitaine. 6 milioi biztanleko eremu berria, Austria bezain handia.

Eskualdea bera deitura berria erabiltzen hasia bada ere, ofiziala izateko Estatu Kontseiluaren onespena behar du. Okerrik ez bada, eta ez da horrelakorik espero, 'bataioa' beste eskualde batzuetan baino baketsuagoa izan baita, urriaren 1ean sartuko da indarrean ofizialki izen berria. Euskaltzaindia ere horren zain dago Akitania Berriari izaera ofiziala emateko baina, Onomastika Batzordeko iturrietan baieztatu legez, Akademiaren bedeinkapen guztiekin erabil daiteke jada.

Euskaltzaindiari, hain zuzen, ez zaio arrotza azken urteetan Frantziako mapa eraldatzen ari den erreforma sakonari erantzun azkarra eman beharra, erabiltzaileek hala eskatuta. Udaberrian, adibidez, 2014an berrantolatu ziren kantonamenduen euskal izendapenak finkatu zituen. Orduko hartan ere murriztu egin zen kantonamenduen kopurua; Iparraldekoen kasuan, erdira jaitsi zen.

Hurrena, Elkargoa

2008an abiatu zutenetik, kantonamenduei eta eskualdeei eragin die nagusiki erreformak, eta bere horretan utzi ditu oraingoz departamenduak, kopuruari dagokionez bederen. Maila horretan, Akitaniakoek dute bakarrik euskarazko ordaina: Dordoinak, Girondak, Landek, Lot-et-Garonak eta Pirinio Atlantikoek, alegia.

Eskumenei dagokienez, ordea, ahultzen doaz urtez urte departamenduak, eta egitura berriak dira bidean. Besteak beste, aparteko arazorik ezean 2017an martxan jarriko den Ipar Euskal Herri Elkargoa, hori baldin bada azkenean Euskal Herri mailako HELEP edo Herriarteko Lankidetza Erakunde Publiko bakarrari emango zaion izena.

Momentuz, Iparraldeko egitura administratibo konplexua argitu eta aurreneko aldiz Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa barne hartuko dituen egiturak lortuak ditu sortzeko behar zituen aldeko bozak. Martxoan hasi ziren bozketetan gutxienez herrien erdiek (hau da, 158tik 79k) alde bozkatu behar zuten, eta biztanleriaren erdia (295.993 biztanletik 147.997) ordezkatu behar zuten. Prozesuaren amaieran, 197.014 biztanle ordezkatzen zituzten 111 udalerrik eman zuten baiezkoa (udalerrien %70 eta populazioaren %66).

Eztabaidak sutsuak izan dira, eta helegiterik ere bada mahai gainean baina, baldintza horiek beteta, esan liteke luze gabe Ipar Euskal Herri entitate bat eta bakar bilakatuta txertatuko dela Errepublikaren egituran. Gaur egun, 158 udalerriez gain bi aglomerazio (Euskal Aturri Kostaldea eta Hego Lapurdi) eta zortzi herri elkargo hartzen ditu barne Ipar Euskal Herriak. Hurrengo urratsean, elkargo bakar batek bil ditzake horiek guztiak. Euskal Herriko Garapen Kontseiluaren web gunean aurki daiteke, besteak, beste, prozesuari buruzko informazio zehatza.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos