«Gizarteratzen ez den zientzia egiten ez denaren pareko da»

Koldo Garcia (ezk.) eta Josu Lopez-Gazpio./
Koldo Garcia (ezk.) eta Josu Lopez-Gazpio.

UEUren udako ikastaroek Eibarren hasi dute astea eta, besteak beste, zientziaren dibulgazioaren garrantziaz eta horretarako dauden zailtasunez aritu dira

DVdonostia

'Zientziaren dibulgazioa: aukerak, baliabideak eta erronkak' ikastaro-topagunea abiatu da astelehen honetan Eibarren, besteren batzuekin batera, UEUko udako ikastaroen baitan. Ikastaroaren arduradun Josu Lopez-Gazpio eta Koldo Garciaren esanetan, zientziaren dibulgazioan «loraldi txiki bat» izan da azken urteotan; «bide onetik doa», baina oraindik ere badago zeregina. Testuinguru horretan antolatu ikastaroa, hain zuzen, esperientziak partekatzeko, ideia berriak plazaratzeko, dauden mugez gogoeta egiteko eta zientzia komunikatzera jende gehiago bultzatzeko.

Denbora nahikoa eskaintzen al zaio dibulgazioari orokorrean? eta euskaraz?

Josu: Pixkanaka zientzialari gehiago dira zientzia dibulgatzera animatzen direnak, baina ez da erraza. Zientzialari gazteen kasuan, lehiakortasuna handia da eta normala da denbora edo gogo faltagatik dibulgazioa alde batera uztea. Euskaraz dibulgatzen bada, gainera, hartzaile kopurua asko mugatzen da, baina, euskaraz dibulgatu daiteke eta dibulgatu behar da. Gure hizkuntzan idatzi nahi dugu.

Koldo: Gainera, hiztun-komunitate baten parte garen heinean gure egunerokotasunean txertatuta egon beharko litzateke gure hizkuntzan zientziaz -gure lana eta zaletasuna dena- aritzea. Eta modu berekoian pentsatuta, komunikazio-lan horretan aritzeak trebetasuna ematen dizu eta zure gaiaren ezagumenduan sakontzea.

Benetan interesik ba al dago zientzialarien partetik?

Koldo: Hemen zientzialariok ditugun aurreiritziekin -«nire gaia oso zaila da ez dute ulertuko edo batek daki nola ulertuko den»- eta zientzialarioi buruz dauden topikoekin -«lotsatiak dira», «oso serioak eta aspergarriak»- aurkitzen gara. Interes falta baino (in)komunikazio arazo bat dela iruditzen zait.

Josu: Interesa badagoela esango nuke, baina, dibulgazioak ez dauka aitorpenik curriculumean. Hortaz, zientzia dibulgatzea edo ikerketen emaitzak gizarteratzea ez da zientzialarien lehentasuna izaten. Horrek kalte handia egin diezaioke interes publikoari, gizarteratzen ez den zientzia egiten ez denaren parekoa delako.

Hezkuntzan zein egoeratan dago zientziaren dibulgazioa? Tarte nahikoa du? Modu egokian egiten da egiten den hori?

Josu: Oro har, zientzia-ikasketak egiten dituztenei ez zaie erakusten zientzia dibulgatzen eta kazetaritza-ikasketak egiten dituztenei, berriz, ez zaizkie zientzia-ezagutzak eta zientziaren baloreak erakusten. Horrek, gerora, disfuntzioak sortzen ditu. Zientziaren arloan, hezkuntzan asko dago egiteko oraindik.

Koldo: Izan ere, etorkizuneko zientzialariak hezkuntzan hazi eta heziko zaizkigu eta, hortaz, katea apurtzerik ez badugu nahi gai honetan sakon hausnartu beharko dugu. Zientziaren papera hezkuntzan ezin daiteke soilik mugatu ezagumendu sorta baten ontzi-aldaketa batera, zientziazaletasuna bultzatu beharko litzateke ere.

Azken urteetan euskaraz hainbat egitasmo sortu dira, ahalegin berezia egin da dibulgazioan, zeintzuk dira emaitzak?

Josu: Loraldi txiki bat bizi dugula iruditzen zaigu. Hainbat ekimen egon dira, esate baterako, kultura zientifikoaren hiru jaialdiak, UEUren txiotesiak, Elhuyarren Wolfram Deuna!, UPV/EHUren Zientzia Kaiera blogak egunero egiten dituen ekarpenak, Zientziatekak edota Bertsozientzia saioa, beste hainbaten artean. Poliki-poliki dena zientziaz bustitzen duen zirimiria da. Zientziari eta zientzialariei ikusgarritasuna ematea da kontua, eta bide onean goaz poliki bada ere.

Baliabide nahikorik ote dago?

Koldo: Baliabideak dibulgazioa egiteko hainbat daude eta formatu ezberdinetan. Batzuk besteak baino ezagunagoak dira, agian onuragarria izan litzateke gida antzeko bat egitea bai dibulgazioak egin nahi duenak zein jaso nahi duenak zer aukera dauden ezagutzeko.

Josu: Adibidez, sareak baliabide izugarriak eskaintzen ditu. Edonork jar dezake martxan blog bat eta hedabide askoren webguneetan zientziaz idatzi daiteke. Internetek eta sare sozialek aukera asko ematen dituzte eta idatzitakoa zabaltzeko aukera ere ematen dute.

Komunikabideetan tarte nahikoa ote du zientziak?

Josu: Zientzian espezializatutako hedabideak alde batera utzita, hedabide orokorretan zientziak tarte oso mugatua du. Zientziaz hitz egiten edo idazten denean, gainera, kasu askotan zientziaren parodia egiten da. Albiste zentzugabeak, alarmistak eta sentsazionalistak ohikoegiak dira, zoritxarrez. Estatistikaren eta zenbakien erabilera okerrarekin ere arazo larria dago...

Koldo: Iruditzen zait ikuskizunaren eta berehalakotasunaren gizartean bizi garen heinean, pausatua dena eta ibilbide luzeagoa behar duen zerbaitek ez duela zer egiterik komunikabidearen helburua soilik audientzia bada. Beste parametro batzuetan funtzionatzen duten hedabideetan, publikoak edota herritarrak direnak, leku gehiago izan beharko luke zientziak. Eta pixkanaka ari da.

Zientzialariak kazetari edo kazetariak zientzialari? Zer da ohikoena? Eta egokiena?

Koldo: Lekuan lekuko aldatzen da hori eta biak dira egokiak, baina, garrantzitsua da bakoitzaren formakuntzan dauden hutsuneak osatzen jakitea. Zientzialariok modu ulergarrian idazten ikasi behar dugu, zientziaren zorroztasunetik alde eginez. Kazetariek, berriz, zientziaren oinarriak argi izan behar dituzte eta ulertu behar dute, gehienetan, zientzia ez dela titulu deigarrien iturria izaten. Baita ere egokia litzateke, bata ala bestea izan, gero eta dibulgazioaren profesional gehiago egotea, ez bakarrik borondate onez egiten den ekintzara mugatzea.

Dena dibulgatu behar da? Dena dibulgatu daiteke?

Josu: Dena dibulgatu daiteke, baina, gai batzuk zailagoak dira besteak baino. Adibidez, osasunarekin lotura duten ikerketek erakargarritasun handiagoa izaten dute baina erantzukizun handiagoa zuzen egiteko. Hala ere, interes publikoa duten ikerketa guztien emaitzak dibulgatzea nahitaezkoa izan beharko litzateke. Horrek ez du esan nahi lan hori zientzialariak egin behar duenik, baina, erakunde publikoek gizartearentzat interesgarriak diren ikerketen emaitzak ezagutarazi behar ditu. Batez ere gizarteak bere zergekin ikerketa horiek ordaindu dituela kontuan hartzen badugu.

Genero ikuspegitik ere lan handia egin da azkenaldian...

Josu: Bai. Historikoki emakume askok, emakume izateagatik, ez dute izan merezi zuten aitorpena. Beste zenbait kasutan, ikerketa talde batean gizonak eta emakumeak zeudenean gizonezkoek eramaten zuten ospe guztia. Horri buelta ematea ezinbestekoa da eta emakume zientzialariei, oraingoei eta zientziaren historian garrantzia izan dutenei, ikusgarritasuna eman behar zaie.

Koldo: pixkanaka kitatzen ari garen zor historiko bat da. Erakundeak eta hainbat komunikabide lan horretan ari dira, baina oraindik asko dugu egiteko. Edonor gai da 5 zientzialari gizon izendatzeko, baina 5 emakume zientzialari izendatzeko

Zeintzuk dira erronka nagusiak?

Koldo: Jendartean barneratzea zientzia positiboa dela eta zientziazaletasuna bultzatzea. Inkesten arabera zientzia garrantzitsua dela onartuta dago eta ikertzaileon lana aintzat hartua dela, baina ez dakit zein punturaino ondo geratzeko erantzuna den edo benetan barneratuta dagoen zerbait den. Ezinbestean, norbanakoak zientziara hurbildu eta zaletu nahi baditugu, jada zientzian murgilduta gaudenok, izan zientzialari, izan zientziazale, zientziaren dibulgazioa eta apologia egin behar dugu.

Josu: Mundu akademikoan dibulgazioari balioa ematea ezinbestekoa da. Dibulgazioa karrera akademikoaren beste atal bat da, ikerkuntza eta irakaskuntza bezain garrantzitsua, eta aitorpena izan behar du. 2011ko Zientzia eta Teknologiaren Legeak horixe dio, baina gauzatzea falta da. Hori lortzen dugunean, ikertzaile gehiago hasiko dira zientzia dibulgatzen eta laborategietan egiten duten kontatzen, ziur. Bestalde, dibulgatzaileok gure lanarekin zientziaren presentzia soziala areagotzen jarraitu behar dugu. Zientzian jantzia den gizartea, gizarte aberatsagoa da eta erabaki hobeak hartzen ditu.

 

Fotos

Vídeos