Diario Vasco

Administrazioak proposatzen dizkigun ieroglifikoak

Joseba Lozano, Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria.
Joseba Lozano, Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria. / UEU
  • Joseba Lozanok UEUren Udako Ikastaroetan azaldu duenez, herritarrok onartezina dena onartzen dugu: ezin ulertu ahal izatea Administrazioak bidaltzen dizkigun mezuak

Baionako aldiari ekin diote astearte honetan UEUren Udako Ikastaroek. Lapurdiko hiriburuan, besteak beste, herritarrok Administrazioarekin idatzizko harremanak ditugunean ohikoa den arazoa izan dute hizpide: testuak ulertzeko zailtasuna. Argi mintzatu da gaiaz Joseba Lozano, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren barruan Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria: «Herritar gehienak etsi-etsi eginda daude, eta onartezina onartzen dute: Administrazioak bidaltzen dizkien mezuak ezin ulertu ahal izatea».

Ikastaroaren deskribapenak ere antzeko zerbait iradokitzen du. «Administrazio hizkeraren hieroglifikoak ulertzen lagunduko dien mirariren bat gertatu bitartean, teknolekto horren gehiegikeriaren aurka azaltzen dira herritarrak» da, hain zuzen, abiapuntua. Joseba Lozano ez dago erabat ados ikuspegi horrekin: «Ona litzateke herritarrak administrazio hizkeraren ulergarritasun ezaren aurka azaltzea, antolatzaileek esaten duten moduan; baina, oro har, nik esango nuke herritar gehienak etsi-etsi eginda daudela, eta onartu egiten dutela egoera bat, berez, onartezina dena: ezin ulertu ahal izatea Administrazioak bidaltzen dizkien mezuak».

Gogora dakar Lozanok, edonola ere, «azken urteotan administrazioek ahalegin handiak egin dituztela testu argiagoak eta ulergarriagoak idazteko, eta horretan, Euskadi eta euskara aitzindari eta protagonista izan dira; nolanahi ere, egia ere bada oraindik bide luzea gelditzen zaigula, gure testuen kalitatea bermatu arte; are gehiago kontuan hartzen badugu ohiko komunikazio analogikotik komunikazio digitalera pasatzen ari garela, bitartekorik gabeko komunikaziora, alegia».

Sorkuntza bultzatu

Hala ere, euskarazko testu eta itzulpenek kritika asko jasotzen dute. Lozanoren ustez, «gure testuak ez dira beste hizkuntza batzuetan idazten direnak baino txarragoak; are gehiago, nik esango nuke euskarazko itzulpenak, kasu askotan, erdarazko jatorrizko dokumentuak baino hobeak direla. Euskarazko dokumentuen sorkuntza bultzatu behar da, eta, nire iritziz, ez genuke hain zorrotz jokatu beharko zuzentasun gramatikalarekin, izan ere testu batek ederki asko funtzionatu dezake nahiz eta ergatiboren bat falta izan edo komunztadura arazoren bat eduki».

«Nire ustez -dio-, zorroztasun gramatikalaren aldeko joera horiek ohikoak izaten dira normalizaziorako bidean dauden hizkuntzen kasuan; nolanahi ere, zuzentasuna gehiegi azpimarratzen badugu, badago arrisku bat: euskaldun askok pentsatzea ez dutela euskara menderatzen, ez daukatela mailarik, eta erdaraz idazten jarraitzea. Hori baino gauza kaltegarriagorik ez dago euskararentzat; beraz, animatu ditzagun euskaldunak, euskarazko testuak sortu ditzaten, testu argiak eta ulergarriak, eta bidean akatsen bat egiten bada, gaitz-erdi».

Egokitasunaren inguruko hutsak, baina, ez dira Administrazioaren esklusiba, Kazetaritzan, literaturan edo testu zientifikoetan ere antzematen dira. «Esparru guztietan aurkitzen ditugu testu onak eta txarrak; dena dela, akatsak eta gaizki egindakoak nabarmenagoak dira administrazioetan, geu garelako testu gehien idazten ditugunak», azaldu du Lozanok. Denetariko testuak idazten dira, gainera, administrazioetan: «Hizkera administratiboaz ari garelarik, ebazpenak, dekretuak, aginduak eta horrelakoak etortzen zaizkigu burura; hala ere, Administrazioak testu dibulgatibo asko kaleratzen ditu egunero, esparru guztietan gainera: zaharrentzako bidaiak, gazteentzako udalekuak, gaixoentzako argibideak… Horiek guztiak modu ulergarrian idatzi behar dira, teknolektotik urrun, herritar guztien eskubide demokratikoa baita Administrazioak zabaltzen dituen mezu ugariak ulertzea».

Temas