Gipuzkoako Foru Aldundiaren plan berri batek «gizarte desberdintasunak txikituko ditu»
'Elkar-EKIN 2016-2020' planak 1,8 milioi euroko aurrekontua eta 1.500 onuradunengan eragin zuzena izango du, Markel Olano eta Maite Peña diputatuek azaldu dutenez
dv
Martes, 21 de junio 2016, 13:28
Gipuzkoako Foru Aldundiak 'Elkar-EKIN 2016-2020' Gipuzkoako Gizarteratze Plan berria aurkeztu du astearte honetan. Unibertsitate, elkarte eta hirugarren sektoreko entitateen eskutik, planak 1.500 onuradun zuzen izango ditu urte honetan bertan, "gizarteratzea eta lan munduan barneratzeko aukerak bermatzeko helburuz", diputatu nagusiak azaldu duenez. Planaren aurrekontua 1,8 milioi eurokoa izango da.
Publicidad
Gipuzkoako diputatu nagusi den Markel Olanok azaldu du plan honek hasiera ematen diola gizarteratzearen agendari Gipuzkoan. Gipuzkoa gizarte ezberdintasun txikiena duen lurraldea izatea nahi dugu. Eta hori da, hain zuzen ere plan honek bilatzen duena, azpimarratu du Olanok.
Plana jendaurrean aurkeztu aurretik, Foru Gobernuaren ordezkariek lankidetza protokolo bat sinatu dute hirugarren sektoreko hainbat eragile, elkarte eta entitaterekin. Protokoloa sinatu dutenen artean daude Lanbide eta Hezkuntza Saila, Eusko Jaurlaritzaren izenean, eta Donostiako Udala, Caritas, Emaus, Gureak, Gurutze Gorria, Peñascal, Sartu eta Fundación Secretariado Gitano, Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea eta Deustuko Unibertsitatea. Aurten 1,8 milioi euroko aurrekontua izango duen plan honi bere babesa adierazi diote agente guzti horiek.
"Plan honi esker, bazterketa egoeran nahiz baztertuak izateko arriskuan dauden pertsonek esku-hartze pertsonal eta espezifikoa jasoko dute, aktibazio laboralerako plan bat, prebentzioa ere landuko duena, gizarte kohesionatuagoa lortzeko, azaldu du Olanok.
Bost helburu
Planaren bost helburu zehatzak aipatu ditu Gizarte Politikako diputatu den Maite Peñak: "gizartetik baztertuta dauden pertsonen arreta hobetzea; pertsona horien enplegagarritasuna handitzea; kohesio eta aktibazio inklusiboko proiektuak sustatzea; gizarte babeserako sarea osatzen duten gainerako eragileekiko koordinazioa sendotzea, arreta berezia jarriz gizarte eta osasun arloan; eta gizarte gipuzkoarraren babesa lortzea, sentsibilizazioaren bidez komunikazioa ere indartuz".
Publicidad
Buruko gaixotasunen bat duten pertsonei laguntzeko unitate berezi bat sortuko dela gaineratu du Peñak. "Housing First proiektu pilotua garatuko da, Donostiako Udalarekin elkarlanean, bazterketa larrian dauden pertsonei bizitoki bat bermatzeko", eman du aditzera.
Bestalde, planean sartu diren pertsonek lana bilatzeko aukera gehiago izateari begira prestakuntza eskainiko zaiela aurreratu du. "Esparru honetan kokatzen dira 'Sendotu Aldi Berean' prestakuntza proiektua, Gureak lantegietan garatuko den 'Landu' proiektua edo Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearekin sinatu den lankidetza hitzarmena", esan du
Publicidad
"Lurraldearen aktibazio inklusiboa eta kohesioa ahalbidetuko duten proiektuak ere garatuko dira", azaldu du Peñak. Hartuko diren neurrien artean dago benetan inklusio prozesuetan daudela egiaztatzen duten pertsonentzako prestazio bat. Ildo honetan, Emaus fundazio sozialarekin egitasmo bat garatuko da, pertsona desberdinen arteko topaketak ahalbidetzeko, ezagutzak trukatzeko, eta, horrela, lurraldea kohesionatzeko".
Planaren azken bi lerroek, gizarte babeseko beste sistemekiko koordinazioa sendotzea eta jardunbide egokien inguruko ikerketa eta berrikuntza sustatzea dute helburu. Izan ere, Peña diputatuak esan duenez "gizartearen babesa ezinbestekoa da, babes horrek bermatzen baitu arrakasta gizarteratze prozesuetan dauden pertsonentzat.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión