Borrar
Josu Labaka, UEMAren lehendakaria.
«Pixkanaka indartzen ari den erakunde publikoa da UEMA»

«Pixkanaka indartzen ari den erakunde publikoa da UEMA»

Ez dira garai txarrak UEMArentzat. Hazkunde garaian dago, garatu dituen tresnak ari dira frogatzen eraginkorrak direla, Udal Legeak falta zitzaien legezko babesa eman die udalerri euskaldunei, eta lankidetza giro berrian dihardute Mankomunitatearen baitan «sentsibilitate politiko desberdinek». 25. urteurrenaz gain, badute zer ospatua

n. azurmendi

Sábado, 28 de mayo 2016, 09:34

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Egun osoko egitaraua prestatu du UEMAk larunbat honetan Leitzan Udalerri Euskaldunen Eguna ospatzeko. Mankomunitateak berak ospatuko ditu bete berri dituen 25 urteak, eta hiru kide gehiagorekin amaituko du festa giroko eguna, Legorreta, Dima eta Ziortza-Bolibarrekin 76 kidetara helduko baita 1991n 19rekin sortu zen erakundea. Eta udalerri euskaldun denek, egon UEMAren barruan, egon kanpoan, euskararen sustapenean gero eta toki garrantzitsuagoa dutela ospatuko dute. Horixe da, hain zuzen, iazko urriaz geroztik UEMAren lehendakari den Josu Labakak, atzera begirakoan, nabarmentzen duen lorpenetako bat. Aurrera begira, bat egiten dute baikortasunak eta kezkek.

25. urteurrenean, zer du UEMAk nagusiki ospatzeko, eta zein du erronka nagusia?

Ospatzeko, nagusiki, ibilbidea bera. Jende askoren ahaleginak egin du posible, eta ahalegin hori eskertu egin behar da. Bestetik, hor daude emaitzak. Hainbat eta hainbat udal euskaldundu dira, eta nik esango nuke UEMAk izan duen lorpen handienetarikoa horixe dela. Lorpenen artean sailkatuko nuke halaber arnasguneen kontzeptua bera, eta udalerri euskaldunek daukaten balioa eta egin dezaketen ekarpena euskararen sustapenaren erdigunean jarri izana. Aurrera begira, berriz, udalerri euskaldunek daukaten erronkarik handiena udalerri euskaldun izaten jarraitzea dela esango nuke, eta nola asmatu hori zabaltzen. Askotan babesean jartzen gara, baina zabaltzea litzateke helburua.

Udalerri euskaldun denak, %70etik gorako euskaldun kopurua dutenak alegia, ez daude UEMAn. Euskarari dagokionez antzeko arazoak dituztenez, hobe barruan kanpoan baino?

Zalantzarik gabe. Udal bakoitzak bere kabuz egin behar ditu gauzak, baina baldintza soziolinguistikoak, beharrak eta erronkak ere berdintsuak dituztenez, UEMAk demostratu du tresna ezin baliagarriagoa dela hausnartzeko zer ari den gertatzen, tresna berriak sortzeko eta eskaintza berriak egiteko. Hori ez da posible egitea udal batetik bakarrik, baizik eta guztien artean baliabideak metatuz horretan eragiteko.

Hiru kide gehiago izango ditu UEMAk gaurtik aurrera. Hazkunde garaia da?

Gero eta udal gehiago gara UEMAren gurdi honetara igotzen ari garenak. Gaur hiru sartuko dira, eta beste hainbat atzetik datoz. Pixkanaka indartzen ari den erakunde publikoa da UEMA, eta esango nuke laguntzen duela azken boladan udalerri euskaldunen erronkei erantzuteko tresna berriak sortu izanak, eta arnasguneen inguruan lortzen ari garen adostasun zabalak. Gaur euskararen sustapenean lanean ari den inor gutxik jartzen du zalantzan arnasgunen balioa. Udalerri euskaldunetan normaltzat jo da euskaraz aritzea, baina ari gara konturatzen hor badaukagula altxor bat, eta altxor hori zaindu, landu eta bultzatu egin behar dela. Horrek eragiten du neurri handi batean UEMAra gero eta udal gehiago hurbiltzea.

Zuzendaritza berrian antzematen den aniztasun politikoak izan dezake eraginik hazkundean?

Lorpenen artean ez dut aipatu, baina bada lorpen bat sentsibilitate politiko desberdinak elkarrekin lanean aritzea. Gaur egun UEMAko zuzendaritza batzordean badaude EAJkoak, badaude EH Bildukoak, badaude independienteak, eta lortzen ari gara giro eder batean lan egitea. Hartu ditugun erabaki guztiak adostasunez hartu ditugu, elkarrekin lan egiten asmatzen ari gara eta horrek, zalantzarik gabe, ateak irekitzen ditu, eta errazten du udal gehiago gerturatzea eta UEMAn sartzea.

Arnasguneetara itzulita, jabetuta gaude horien garrantziaz?

Bolada luzean begia jarri izan da ezagutza eta erabilera baxuko eremuetan, eta horietan eragiten saiatu dira bai euskalgintza, bai erakunde publikoak. Arnasguneen kontzeptuarekin ikusi da fokua zabaldu egin behar dela, eta euskarak bizitasun handiena duen eremu horrek egin dezakela ekarpen izugarri positiboa euskararen normalizazioan. Udalerri euskaldunetako herritarrek ere dena egintzat eman dute, eta hor badago lan bat egiteko jabetzearen eta sentsibilizazioaren inguruan. Prozesua abian da eta UEMAtik ikusten dugu lehentasun gisa. Kontzeptuak adostasun handia lortu du, baina asko daukagu egiteko. Udalerri euskaldunetako hezkuntza zentroekin garatzen joan garen hezkuntza proiektuaren inguruan-eta gehiago aztertzen, hitz egiten eta sakontzen joan ahala, bilakaera soziolingustikoan gertatzen ari den atzerakadari ere beste nerbio batekin erantzuteko gai izango gara.

Ezustean harrapatu gaitu arnasguneetako atzerakada horrek?

Duela 25 urte UEMA sortu zenean horri aurre egitea bazegoen helburuen artean. Batzuk aurretik ibili ziren, bazuten arrisku horren kontzientzia argia. Gero agian ez dugu asmatu behar besteko eraginkortasunez jorratzen kontu hau. Izan dira lorpenak, baina hutsuneak ere geratu dira agerian. Nik uste dut, dena den, eragiteko borondate horretatik abiatuta datozen urteak emankorragoak izango direla.

Udalerri euskaldunen egitekoa da hori, edo haiena ez ezik euskararen arazoa ere badenez, ikuspegi orokorretik ekin behar zaio?

Bien arteko oreka behar da. Batetik, udalerri euskaldunek behar dute ahots propio bat. Askotan herri txikiak dira, bazterrean utziak. Bat eginda badute ahots propio hori, baina ez dira UEMAren patrimonioa. Udalerri euskaldunetan askok eragiten dute, eta erronkari erantzungo bazaio ezinbestekoa da foru aldundiek, Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak..., denek bat egitea. Guk hasieratik adierazi dugu elkarrekin lan egiteko borondate hori.

Udalerri euskaldunak, alegia, ez dira erreserba isolatuak.

Ez, ezin ditugu irlak izango balira bezala kokatu, inguruarekin dituzten harremanak egunerokoak eta etengabeak direlako, eta elkarri eragiten diotelako. Kontua da eragin hori positiboa izan dadin lortzea. Horretarako leku guztietan eragin behar da, udalerri euskaldunekin egiten den lana orekatu egin behar da ez euskaldunekin egiten denarekin. %70eko muga horretara iristear dauden udaletan aurrerapausoak ematen badira, horrek lagunduko du horiek ere herri euskaldunak izan daitezen. Horretan herri euskaldunek ere lagundu beharko dute, jakina.

Eta Udal Legeak, laguntzen du?

UEMAk egindako lanaren aitortza izatearekin batera, norabide egokian etorri den urratsa da. Garatu egin behar da, baina lehen aipatzen genuen elkarlanaren adibide oso praktikoa da. Udalei aitortzen zaie lehen aldiz euskararen inguruan aritzeko eskubidea, eta hori urrats handia da. Udalerri euskaldunak aipatzen dira, aitortza hori ematen zaie; akten auzian eta beste zenbaitetan, euskaraz aritzea babesten du... Zalantzarik gabe, norabide egokian etorri da Udak Legea, eta ate handiak zabaltzen ditu.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios