Jardunaldiek zikloa itxi badute ere, lana hasi baino ez da egin

Neurri zuzentzaileez aritu ziren Kontseiluko Iker Salaberria eta UUEMAko Miren Segurola./
Neurri zuzentzaileez aritu ziren Kontseiluko Iker Salaberria eta UUEMAko Miren Segurola.

Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldien 3. edizioak betetzat jo ditu orain hiru urte jarritako helburuak, «ELEren balioa praktikan erakutsiz» eta etorkizunera begira kontuan hartu beharrekoak zehaztuz

N.A.donostia

Ordurako ezagunak ziren datu soziolinguistikoen arabera, hipotetikotik oso gutxi zeukan hipotesi batetik abiatu zen orain dela hiru urte aurreneko Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldia: arnasguneak nahitaezkoak dira euskararen berreskurapen-prozesuan baina, etxebizitza-hazkundearen eta biztanle mugimenduaren ondorioz, ahultzen ari zaie hauspoa. Hirigintzak udalerri euskaldunen egoera soziolinguistikoan eragina duela frogatutzat emanda, beraz, hori neurtzeko tresna baten beharra ikusi zen. Sortu zen Eragin Lingustikoaren Ebaluaziorako tresna (ELE) hasi da erabiltzen, eta eragingarria dela frogatu du. Hurrengo urratsa ere egin du, eta modu oso orokorrean bada ere Udal Legeak barne hartu du ELE aplikatu beharra.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, UEMAk, Kontseiluak eta UEUk abian jarri zuten bidea ostegun honetan iritsi da azkeneko geldialdira. Donostian egin den Hizkuntza eta Lurraldea. Oraina&Geroa III. Jardunaldiarekin, alegia, itxitzat eman dute zikloa, eta betetzat jo hasiera batean jarritako helburuak. Horrek ez du esan nahi, ordea, egitekoak amaitu direnik. Aitzitik, lana hasi baino ez da egin, oinarriak zehaztu ondoren horiek gautzatzeko ordua heldu baita. Eta ez bakarrik arnasguneak babesteko. Gure helburua ez da arnasguneak babestera mugatzen, babestu ez ezik garatu eta hedatu ere egin behar dira, azaldu du Paul Bilbao, Unai Fdez de Betoño, Miren Segurola eta Iñigo Urrutiak osatutako Batzorde Akademikoak.

Euskararen Lurralde Plan Sektoriala

Sare sozialetan-eta interes bizia piztu duen jardunaldia amaitutakoan zabaldu dituzten ondorioetan horixe nabarmendu du Batzorde Akademikoak. Beharrezkotzat jo du, esate baterako, Toki Erakundeei buruzko Legeak gaiaz dioena hobeto zehaztea eta horren edukiak dekretuz definitzea. Dekretuak argitu beharko du, esate baterako, Legearen 7.7 artikuluak aintzat hartzen duen Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa zein kasutan aplikatuko den, zein proiekturi, nola, noren kontura, zein neurri zuzentzaile aplikatuko diren (iradokizun interesgarriren batzuk egin dira jardunaldian), nola txertatuko den administrazio-prozeduretan, zein balio juridiko izango duen, eta beste

Udalerri euskaldunen eta beste administrazioen arteko harremanak koordinatzeko baliabideak ere asmatu beharko dira. Izan ere, «Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa ez dagokie udalei soilik, aldiz Foru Aldundiak edo Jaurlaritzak onartzen dituen Plangintzetan ere aplikagarria izango da udalen gainean eragin linguistikorik sortarazten badituzte».

Planteatu da, halaber, garapen iraunkorrarekin lotu duten hizkuntzaren ikuspegia, eta ELEren derrigortasuna, legediaren beste maila batzuetan ere txertatu behar dela, goi-goitik hasita eta ordenazioaren maila apalenetara helduta: goiko maila horretan aipatu dituzte aldaketa-prozesuan dauden Lurraldea Antolatzeko Gidalerroetan, non baduen honezkero tokia hizkuntza ikuspegiak, nahiz eta aurreneko urratsetan egon gaiaren inguruko eztabaida, eta Lurzoruaren Legea, osatu baita hori aldatzeko ponentzia.

Oro har, irakur daiteke ondorioetan, «Euskal Herri osoko administrazioetako garapen iraunkorrerako plan estrategikoak moldatu behar dira, euskararen babesa eta biziberritzea jasoz, berezko kulturaren osagai funtsezkoa den heinean» diote ondorioek. Hala ere, EAE izan daiteke abiapuntu egokiena eraginkortasunaren eta ekimena garatzeko gaitasunaren aldetik, kontuan izanda Ipar Euskal Herrian ofiziala ere ez dela euskera, eta Nafarroan, oraingoz, partziala baino ez duela ofizialtasuna.

Proposamen berriak ere egin dira. Hala, «EAEko Ingurumen eta Lurralde Politiketako Sailak Euskararen Lurralde Plan Sektorial bat garatu beharko luke, euskararen arnasgune geografikoak babesteko, antolatzeko eta kudeatzeko asmoarekin, bai eta haiek zabaltzeko helburuarekin ere».

 

Fotos

Vídeos