Ezkontza ‘pastafariak’ balekoak izango dira Zeelanda Berrian

Gidabaimenean iragazki bat jantzita azaltzea lortu zuen austriak honek./
Gidabaimenean iragazki bat jantzita azaltzea lortu zuen austriak honek.

Espainiar estatuan errekonozimendua eskatzeko prozesuan daude Espageti Hegalariaren Munstroaren Elizaren jarraitzaileak

M. IMAZdonostia

Otsailetik aurrera, pastafari erritoaren araberako ezkontzek gainerakoen balio bera izango dute Zeelanda Berrian. Lorpen handitzat jo dute abenduan hartutako erabakia orain dela hamar urte pasatxo Estatu Batuetan sortu zen 'erlijio' pastafariaren jarraitzaileek.

Askoren haserrerako, erlijio itxurak hartuta erlijioak salatu nahi dituzte pastafariek, tolerantziaren eta laizismoaren izenean, umorea eta parodia baliatuz betiere. Mugimendua, hain zuzen, protesta moduan sortu zen 2005ean Estatu Batuetan, erlijioak hezkuntzan zuen eragin gero eta handiagoa salatzeko. Garai hartan, George W. Bush presidente zela, talde politiko eta erlijioso kontserbadoreek bultzatutako mugimendu kreazionistak munduaren sorkuntzaz zeukan ikuspegia eskoletara eramatea lortu zuen, komunitate zientifikoak salbuespen oso gutxirekin ontzat ematen duen eboluzioaren teoriaren irakaskuntza ikasgeletatik kanporatuz

Hilabete gutxiren buruan bertan behera geratu zen erabakiari aurre egiteko sortu zuen pastafarismoa Bobby Henderson fisikariak. «Erlijioekin ez daukat batere arazorik, baina onartzen ez dudana da oinarri zientifikorik ez daukana zientziatzat hartzea», esan zuen elkarrizketa batean sare sozialetan (bere Twitter-eko kontuan) esaterako, eliza pastafariaren gorabeheren berri eman ohi du milaka jarraitzaile dituen Hendersonek.

Gehienetan pastaren inguruan egituratzen diren erritu ugari dituen elizak, pentsatzekoa denez, ez dauka egitura finko eta ierarkikorik, baina espagetizko beso luzeak dituen olagarroa balitz bezala ari da zabaltzen. Polonian, diotenez, lortu dute eliza gisa errekonozituak izatea. Zeelanda Berrikoa beste urrats bat da, eta horrela ospatu dute. Argitu behar da, dena den, Zeelanda Berriko legeak oso zabalak eta malguak direla erritu desberdinen araberako ezkontzei baliozkotasuna aitortzeko orduan, eta ez dizkietela baldintza erlijioso edo filosofikoak jartzen ezkontzak egin nahi dituzten erakundeei horiek balekoak izan daitezen. Pastafarismoak oraintsu lortu duen errekonozimendua lortua zeukaten aurretik, besteak beste, zientziologiak, druidismoak edo reiki-aren praktikatzaileek.

Erlijioen 'pribilegioak'

Austrian edo Txekian ez da Polonian edo Zeelanda Berrian bezain urrun iritsi pastafarismoa, baina izan dituzte lorpen partzialak. Egiten duten eskaeretako bat, alegia, gidabaimeneko eta nortasun agiriko argazkian buruan iragazki bat jarrita azaldu ahal izatea da, argudiatuz pasta iragazteko erabiltzen den tresna hori euren erlijioari atxikitako sinboloa dela. Hain zuzen ere, Txekian, beste herrialde batzuetan bezala, identifikazio dokumentu ofizialetan ezin da txapelik edo burua estaltzen duen elementurik eraman, erlijioari edo osasunari lotutako arrazoiengatik ez bada. Pastafarien ustez hori erlijioei aparteko pribilegioak ematea da. Horrenbestez, argazkietan koladorea jantzita azaltzea defenditzen dute, ez duelakoan identifikazio argia eragozten, emakume musulmanek edo lekaimeek argazkietan burua estaltzen dien zapia eta erlijio desberdinetako gizonezkoek turbantea daramaten moduan.

Azkenean, epaitegi batek indargabetu egin zuen Txekian Lukas Novy pastafariaren nortasun agiri koladoreduna, baina eztabaida piztea lortu zuen pastafari txekiarrak eta hori da, azken batean, Espageti Hegalariaren jarraitzaileen helburu nagusia. Gidari austriarrari, dakigula, ez diote gidabaimena kendu, eta AEBetako zenbait estatutan ari dira agiri ofizial koladoredunak egiten eta onartzen. Dokumentu batean iragaitz batekin azaltzeko horrenbeste lan hartzea ergelkeria galanta dela pentsatzea libre da, noski, baina pastafarismoren kasuan itxuraz zentzugabea denaren atzean zentzu handiko galderak, eta erantzunak, daude. «Tolerantzian eta pentsamendu arrazionalean sinesten dugu, eta uste dugu aldaketa eragin daitekeela barretik eta umoretik, eta ez erlijio indarkeriatik» esan du Zeelanda Berriko ramen nagusiak.

Espainiar estatuan pastafariek badaramatzate urte batzuk antolatzeko ahaleginetan, eta erlijio bezala errekonozituak izateko urratsak ere ari dira egiten. Orain bost urte hasi ziren, eta horretan jarraitzen dute. Beraien webgunean eta sare sozialetan jaso daiteke pastafari espainiarren berri.

 

Fotos

Vídeos