Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
Miramongo Teknologi Elkartegiko areto nagusia bete dute parte-hartzaileek.
Azkenean, ardi latxekin egingo dute amets androideek

Azkenean, ardi latxekin egingo dute amets androideek

200 pertsona bildu ziren gai nagusitzat robotika hartu duen Informatikari Euskaldunen X. Bilkuran

N. Azurmendi

Jueves, 12 de noviembre 2015, 17:47

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Baliteke 1968an Philip K. Dick idazleak bere nobela famatuan egin zuen galdera, 'Do Androids Dream of Electric Sheep?', ez izatea garai batean zirudien bezain zoroa. Google-eko ingeniariak, hain zuzen, bilaketa motor erraldoia hartzen duten zerbitzarien 'ametsak' aztertu dituzte, eta konturatu dira irudi arruntetatik abiatuta irudi oso konplexuak 'sortzen' edo 'amesten' dituztela makinek, zeren eta azken batean hori baitira ametsak, egunerokotasunak ematen dizkion zati solteekin garunak sortzen dituen 'errealitate' onirikoak. Emaitzak, harrigarriak eta kasu askotan oso ederrak, hemen ikus daitezke.

Hori zientzia den, edo fikzio hutsa, norberak erabaki dezala, baina egunen batean androideak amets egiteko gai badira, ardi latx elektrikoak azalduko dira haien ametsetan, seguru. Izan ere, orain arte oso onak izan dira etorkizuna iragartzen Informatikari Euskaldunen jardunaldi eta bilkurak, eta ostegun honetan Donostian egin duten X.ak 'Amesten al dute androideek ardi latx elektrikoekin?' galdera izan du goiburu.

2015eko bilkura hamargarrena izan arren -azken boladan bi urtez behin egiten dira- badira hogei urte euskal informatikariak biltzen direla, UEUk deituta eta, azken edizio honetan, Enpresa Digitalak, Spri Taldeak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak lagunduta. Horietako zenbait topaketa antolatzen ibilia da Olatz Arbelaitz Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultateko irakasle eta UEUko Informatika saileko kidea. Hitzaldi eta aurkezpenei ekin aurretik, bera arduratu da Donostiako Miramon Teknologi Elkartegiko areto nagusia bete duen 200 lagunen aurrean informatikari euskaldunen topaketek egin duten bidea errepasatzeaz.

Software librearen eskutik

«Aurreneko jardunaldietan software erabiliena euskaraz lokalizatu beharra azpimarratu zen, eta egin da; gero hasi ginen .eus domeinuaren beharraz hitz egiten eta, urteak behar izan badira ere, hor dugu...», dakar gogora Arbelaitzek, aipatuz halaber web 2.0 delakoaren, sare sozialen eta beste zenbait gairen inguruan izandako 'premonizioak'. Ardi latxak eta androideak dira hurrengoak zerrendan.

Abilezia hori ez da, haatik, informatikari euskaldunen dohain nagusia; ez behintzat erabiltzaileen ikuspegitik. Hain zuzen ere, erabiltzaile horrek ordenagailua piztu eta euskaraz funtzionatu ahal izatea ez die zor enpresa handiei, tresna horiek euskara ekarri dituztenei baizik: informatikari euskaldunei. Oso-osorik ez bada ere, bai nagusiki.

Aurreneko jardunaldia egin zenean, 1996an, oso bestelakoa zen egoera. «Orain dela hogei urte informatika ez zegoen gaur bezain zabalduta, eta euskara ere ez. Gu unibertsitatean aritzen ginen euskaraz, baina gero kalera edo lanera irten, eta zer? Lehenengoz bildu ginenean Windows 94 eta Office 6.0 euskaratu berriak zeuden. Eusko Jaurlaritzak ordaindu zuen itzulpena, baina eskoletara-eta ez zen banatu, eta bazirudien jendeari pereza-edo ematen ziola erabiltzeak. Hortaz, lehenengo bilkuretan ikusi zen jauzi handia zegoela alor akademikoaren eta hortik kanpoko munduaren artean. Aurrena egin zen diagnosi moduko bat, aztertu zein zein momentutan zegoen euskarazko softwarea eta argi ikusi zen non egin behar zen ahalegina», gogoratu du Arbelaitzek. Eta, inoren zain egon gabe, informatikariek hartu zuten euren gain ardura hori.

Horregatik daude akaso informatikari euskaldunen jardunaldiak, eta ez daude arkitekto euskaldunenak, igeltsero euskaldunenak edo ingeniari euskaldunenak. Batetik, «agian gure lanak arkitektoenak baino lotura zuzenagoa duelako hizkuntzarekin, baina baita ere hainbat jardunalditan gogoeta egin delako guk gizarte euskaldunago bat lortzeko egin dezakegunaren inguruan. Informatikarekin lotura duten medio elektronikoak oso zabalduta daudenez, horietan euskaraz aritzeko bitartekoak sortzeak euskaraz bizitzeko aukerak handitu egiten ditu».

Kezka eta behar horren inguruan sortu zen hain zuzen elkarlanean sinesten zuen komunitatea. «UEUren filosofiaren barrutik ere badator hori. Informatika saila hasierako urteetatik egon da horretan lanean, konbentzituta beste esparruetan bezala informatikan ere euskaraz egitea garrantzitsua zela» dio 'komunitate' hitza maiz darabilen Arbelaitzek. Komunitate ireki eta askotarikoa, unibertsitateko irakasle eta ikerlariak zein eremu akademikotik at dauden informatikari aditu eta arituak, tituludunak eta gabeak, biltzen dituena.

«Komunitatea aipatzen dudanean horri buruz ari naiz, hain zuzen -argitu du- kontuan izan behar baita neurri handi batean programen euskarazko lokalizazioak software librearen eskutik etorri direla, jende askoren borondatezko lanetik. Azkeneko adibidea izan daiteke joan den larunbatean egin zen code.org-ren euskarazko bertsioa amaitzeko maratoia».

Ez milagrorik, ez txiriparik

Komunitateak, Bilkuretan eta bilkuretatik kanpo, oso aktiboa izaten jarraitzen du. Ari da, gainera, gaztetzen: «Askok aspalditik ezagutzen dugu elkar, eta maiz egin izan dugu lan elkarrekin, baina ikusten da jende berria, oso kreatiboa, zahartzen ari garenok baino energia gehiago daukana...».

Geldirik behintzat ez dago euskal informatikarien komunitatea, eta dinamismo horrek euskarari ekarri dizkion onurak bistakoak dira. Azken boladan, esaterako, maiz entzun eta irakurtzen da zein ondo moldatzen den euskera teknologia berrien alorrean, zein ederki dabilen mundu birtualean, nola iritsi den Twitterren, Wikipedian eta beste hainbat eremutan bere tamainagatik inondik ere ez dagokion Top40ra, mundu fisikoan errealitate askoz ere neketsuari aurre egin behar dion bitartean. Puntu horretara, ordea, ez da bere kabuz ailegatu, ez da izan milagrorik, ezta txiriparik ere, borondate hutsez aritu eta ari diren askoren lana baizik. Olatz Arbelaitzen ustez, «komunitatearen inguruan sortutako giroak eta dinamismoak badute eragina, seguru asko, daukagun tamainarekin bat ez datorren posizio horretan».

Egoera gero eta normalagoan normala den bezala, bolondresekin batera profesionalak eta enpresak ari dira azken urteetan panorama osatzen, hizkuntzaren industrien inguruan batik bat. Hala ere, horietako askok, unibertsitateko zeinbait irakasle eta ikertzailek bezala, jarraitzen dute «militantismoz» lanorduz kanpoko astia eskaintzen euskara eta teknologia berriak gurutzatzen diren egitasmo eta ekimenei.

Informatikari euskaldunen bilkurak ere ari dira apurka-apurka 'emantzipatzen'. «Atzera begira, informatikari euskaldunen lehenengo bilkuretan gai nagusia bazegoen pentsatuta euskara eta informatika lotzeko, baina gero bestelako garapena izan du, eta beste edozein gizartetan informatikaren inguruan gaurkotasuna zuten gaiak landu izan ditugu azken urteetan», azaldu du Arbelaitzek.

Sare sozialak, telefonoak eta informatika, robotak... «Edozein testuingurutan izango ziren momentuko gaiak azken urteetan aukeratu ditugunak, nahiz eta batzuek besteek baino eragin zuzenagoa duten gizartean eta hizkuntzaren erabileran. Azken edizioetan jo dugu geuk antolatutako hitzaldien bitartez gai nagusi orokorrak lantzera. Horrekin batera, hasiera bateko software erakusketaren ordez komunikazio saioak antolatzen dira. Modu paraleloan egiten den saio bikoitzean jendeak aurkezten ditu garatu dituen gauzak, eta hori oso interesgarria da, beharrezkoa esango nuke, elkar ezagutzeko eta elkarren lanaren berri izateko». 2016ko Bilkuran hamabi produktu, proiektu eta esperientzia aurkeztu dira.

Hizkuntzaz eta informatikaz haragoko gai bati buruzko mahai inguru batek itxi du X. Informatikari Euskaldunen Bilkura, lehen eta bigarren hezkuntzan informatikaren irakaskuntzak duen edo behar duen tokiaz jardun baitira parte-hartzaileak. #ieb15 traolatik tiraka bildu daitezke mahai gainean jarri diren hainbat ideia eta gogoeta.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios