Mikel Irizar, Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari

Mikel Irizar, artxiboko irudian./
Mikel Irizar, artxiboko irudian.

Euskalgintzan eskarmentu handia duen ormaiztegiarra izendatu Aldundiko Gobernu Kontseiluak izena ere berria duen ardurarako

N.A.donostia

Mikel Irizar (Ormaiztegi, 1954) euskalgintzako eragile ezaguna izendatu Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak deitura ere berria duen ardurarako, orain arteko Euskara zuzendaritza Hizkuntza Berdintasunerako zuzendaritza bilakatu baitu Markel Olano buru duen gobernu-taldeak.

Irizar, 61 urteko ormaiztegiarra, bide luzea egindakoa da euskararen sustapenaren alorrean, eta ardura garrantzitsuak ere izan ditu; ez erakundeetan, baina bai euskalgintza sozialean. Arrasate Euskaldundu Dezagun (AED) elkartearen baitan, Arrasate Press astekariaren sorreran hartu zuen parte, baita Arrasate Telebistarenean ere, 1988ik aurrera. Geroztik, eskualdean garapen handia izan duten euskarazko hedabideen eremuan batik bat, ardura ugari hartu ditu bere gain. Debagoienako euskarazko hedabideen garapen eta hedapenak aurrera egin ahala, Arrasate Komunikabideak-eko presidente eta Goiena komunikazio taldeko arduradun eta zuzendari nagusi izan zen.

Ibilbide profesionala, berriz, Kutxaren barruan egin zuen, 2011an erretiroa hartu zuen arte. Hizkuntza Plangintzako arduradun izan zen eta, ondoren, Kutxa Fundazioaren barruan kultur jardueren ardura izan zuen, besteak beste.

Erretiroa hartutakoan, bete-betean murgildu zen euskalgintzan. 2012-2014ra bitartean, Euskal Herri osoko euskara elkarteak biltzen dituen Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari izan zen, mugimendu sozialak bilakaera sakona bizi izan zuen garaian. Horrez gain, ohiko kolaboratzailea da hainbat hedabidetan.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos