Agur esan du Basque Research web guneak

Agur esan du Basque Research web guneak

Kanpo finantziazio-iturririk gabe geratu da eta horren ekarri du itxiera

EL DIARIO VASCO

Elhuyarrek prentsa ohar baten bidez jakitera eman duenez, Basque Research webgunearen azken eguna da gaurkoa. Proiektua 2002an jaio zen, Elhuyarren ekimenez eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzari esker eta Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri eman du 12 urtez. Orain kanpoko finantziazio-iturririk gabe geratu da eta honek webgunearen itxiera ekarri du.

Oharrak dioenez, "urte luzez, Euskal Herriko ikerketa-albisteen berri eman diogu gizarteari. Nazioartean ere zabaldu dugu euskal ikerketaren albisterik, erreferentziazko zenbait webguneren bidez: Alphagalileo, Eurekalert, CordisWire, SINC, Innovations-report. Milaka albiste eta ekitaldi argitaratu ditugu 12 urte hauetan: 5.000 albistetik eta beste horrenbeste ekitalditik gora, hain zuzen ere. Bestalde, 1.100 harpide ditu Basque Research-en asteroko albiste-buletinak. bilbide oparo eta zabal honetan, Elhuyarren ekarpenez gain, hor daude proiektua finantzatzen lagundu digutenak ere: Eusko Jaurlaritza (SAIOTEK, HEDATU eta IKT deialdien bidez), Gipuzkoako Foru Aldundia eta Espainiako Zientzia eta Teknologia Ministerioa. Beste hainbatek bezala, krisi askotarikoei eta enbatei aurre egiten saiatu da azken urteetan Basque Research: ikerketarako finantzazio-iturrien beherakada (SAIOTEK deialdia bertan behera uztea, esaterako), komunikabideen finantziazio-eredua Baina bizirik irauteko helduleku nahikorik ez eta, agur esan behar izan du".

Duela gutxi arte inork gutxik aurreikusten zuen egoera hori. 2012an, Basque Research-en komunitatea indartzeko hausnarketari heldu genion, eta proiektua eraldatzen eta berritzen aritu ziren. "Prozesu horren emaitzetako bat webgune berriaren lanketa izan da. Lanak ia amaiturik zeudela jakin genuen kanpoko finantziazio-iturririk gabe geldituko ginela. Beraz, Basque Research-en diseinu berria Interneten izango duzue, baina eduki berririk gabe. Mila esker urte hauetan zuen konfiantza eta edukiak eskaini dizkiguzuen berriemaile guztiei, gure albisteak lanerako baliatu dituzuen kazetari guztiei, gure edukiak irakurri dituzuen guztiei eta proiektuan parte hartu duzuen lankide guztioi, Elhuyarrekoei zein kanpoko enpresetakoei".

Galera ez da nolanahikoa: "Hemendik aurrera, leiho bat gutxiago izango du Euskal Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sareak Euskal Herrian gertatzen denaren berri emateko. Orobat, euskal gizarteak ere bide bat gutxiago izango du horren berri izateko. Alabaina, sareko kideek egiten dutena elkarren artean zabaltzeko, nazioarteratzeko edo gizarteratzeko beharra ez da desagertu. Beharko dugu, beraz, hori egiteko bideak asmatu, eta baliabideak jarri. Elhuyarrek helburu horrekin jarraituko du, hori bait dugu xede, eta bide horien asmakuntzan parte aktiboa izaten jarraituko dugu".