1.670.000 euro enpresetan, udaletan, elkarteetan eta ikerkuntzan berdintasuna sustatzeko
Astelehena, 2 urtarrila 2023, 16:18
EHAAk berriki argitaratu ditu Emakundek ematen dituen bost diru-laguntzaen deialdiak, besteak beste, enpresetan, udaletan, elkarteetan eta ikerkuntzan berdintasuna sustatzeko 2023. urtean. Guztira, aurten 1.670.000 euro bideratuko dira arlokako programa horietara.
Alde batetik, enpresei zuzendutako diru-laguntzen deialdia argitaratu da, berdintasun-diagnostiko eta -plan bat egiteko laguntza teknikoa emango dieten aholkularitza-enpresa homologatuen kontratazioa diruz laguntzeko. Laguntzen zenbatekoa 400.000 eurokoa da, eta 10 eta 100 langile arteko enpresetan lehen berdintasun-planak diseinatzera bideratuta daude, bai eta planak 901 eta 902 errege-dekretuetara egokitu behar dituzten eta gutxienez 10 langile dituzten irabazi asmorik gabeko erakundeetan ere.
Bestalde, 500.000 euro bideratuko dira udalerri, koadrila eta mankomunitateetara, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko diagnostikoak egiteko eta/edo berdintasunerako planak egin eta ebaluatzeko behar den laguntza teknikoa emateko.
Halaber, emakumeen elkarteen berdintasunaren aldeko jarduerak sustatzen dira, 400.000 euroko diru-laguntzarekin. Eta, aldi berean, emakumeen aurkako indarkeriazko portaerei buruzko sentsibilizazio- eta/edo prebentzio-jarduerak bultzatzen eta sustatzen dituzten elkarte eta fundazioentzako 300.000 euroko laguntza argitaratu du gaur aldizkariak. Azkenik, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko ikerketa-lanetarako hiru beken deialdia ere argitaratu da 70.000 euroko balioarekin.
Deialdi guztien inguruko xehetasunak aldizkari ofizialean ez ezin Emakunderen web orrian ere aurki daitezke.