13.270 parte hartzaile izan dituzte Uda Ikastaroek

Urriaren 8an zabalduko dute 2019rako ikastaroak proposatzeko epea/J. M. Lopez
Urriaren 8an zabalduko dute 2019rako ikastaroak proposatzeko epea / J. M. Lopez

EHUk antolatutako 19 jarduerek 16 herritako 26 eszenatoki bete dituzte generoa, natura, kultura eta arazo sozialen inguruan jarduteko

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) XXXVII. Uda Ikastaroak maiatzaren 28an hasi zirenean zituen aurreikuspenak bete ditu. Guztira, 199 jarduera eta 13.270 parte hartzaile izan ditu, 16 herritako 26 eszenatokitan. Ikasleen gogobetetze maila 8,52koa izan da, eta irakasleena 9,45ekoa.

EHUko Uda Ikastaroen arduradunek aurtengo edizioko balorazioa egin dute astelehen honetan Donostiako Miramar Jauregian. Aurtengo edizioa hainbat foku izan dituela gogoratu dute. Horrela, alde batetik, generoaren gaia izan dute aztergai, hainbat ikuspuntutatik landuta, hala nola zinematografikotik ('We Mean'), literariotik ('Ni princesas ni madrastras'), politikotik ('Demokrazia eta sexua bateragarri?'), osasunetik ('Feminizidioa') edo juridikotik ('Emakumeak, biktima idealak').

Uda Ikastaroen beste fokuetako batek natura izan du ardatz. BC3 klima aldaketarako euskal zentroaren klima aldaketari buruzko ohiko ikastaroak eta Gipuzkoako Aldundiak klima aldaketak lurraldean duen eraginari buruz antolatu duen ikastaroa ez ezik, beste ikuspuntu batzuk ere bildu dira aurten, besteak beste, elikadura jasangarria, bertako elikagaiak, eskola eta elikadura burujabetza, eta heziketa naturan eta naturarekin.

Kulturari dagokionez, hainbat topaketa egin dira, hala nola Kirmen Uriberen lanen analisia, Joan Mari Torrealdairi omenaldia Zentsurari eta Literaturari buruzko Biltzarrean, edo Mariasun Landaren eta Luisa Etxenikeren lantegiak. Horiez gain, Guggenheim Bilbao Museoak antolatutako ikastaroa, eta Ekainberrik bere hamargarren urteurrenean ospatutako Europako erreplika interesgarrienei buruzko ikastaro arrakastatsua ere izan dira. Victoria ontziari buruzko nazioarteko biltzarra ere egin da, Juan Sebastian Elkanok munduari eman zion lehen biraren bosgarren mendeurrenaren atarian.

Ikuspegi politikotik, ikasgeletan landu dira Kataluniako eta Euskal Herriko prozesuak, Espainiako Konstituzioaren erreformen eta horretarako erresistentzien analisia eginez. Euskal Herriak Espainiarekiko duen mendekotasunaren kostua, Euskal Herriaren nazioarteko harremanak XXI. mendean, lurraldeen Europa, gobernuen gardentasuna, 'Gipuzkoa Eraikiz' plana, eta metodologia berriei esker (Blockchain, adibidez) kudeaketa publiko orotan zabaltzen diren gardentasun aukerak aztertu dira-

Halaber, gaur egun ezkutuan jarraitzen duten arazo sozialek ere pertsona asko erakarri dituzte EHUko Uda Ikastaroetara: haurrenganako sexuak, amatasun subrogatua, suizidioa edo Espainiako Gerra Zibileko eta nazioarteko beste gatazka batzuetako hobi komunak.

Ez da bukatu

Hala ere, EHUko XXXVII. Uda Ikastaroak ez dira oraindik bukatu, irailaren 24an, 'geoEuskadi: Kartografia eta Informazio Geografikoa' biltzarra egingo baita Miramar Jauregian, eta 'Hizkuntzaren garapenaren alderdi soziolinguistikoak haurtzaroan' ikastaroa Lesakan.

Halaber, Espainiako Nanofotonika Biltzarra (CEN2018) egingo da Donostiako Karlos Santamaria zentroan, eta urrian, Idiazabal Gaztaren III. Nazioarteko Biltzarra izango da Ordiziako Barrena Jauregian eta «Lurzoru degradatuen berreskuperapenean joera berriak III» ikastaroa Gasteizko Villa Suso Jauregian. Aurrez aurreko ikastaroak dira guztiak, baina, horiez gain, 12 ikastaro daude antolatuta udazkenerako on line.

Bestalde, EHUk urriaren 8an zabalduko du 2019rako ikastaroak proposatzeko epea. Aztertzeko edo eztabaidatzeko gai interesgarriak dauzkaten pertsonei zabalduta egongo da deialdia. Proposamenak azaroaren 17ra arte jasoko dira.

Temas

Euskera