Borrar
Mila eta bat aldiz irakurri izan du Iñakik 'Printze Txikia'. Argazkiaren bertsioa, berak egindakoa da. DE LA HERA

Hiritarrak

Iñaki Sainz de Murieta

«Zergatik ez amestu egunotan Printze Txikiaren itzuleraz?»

Antropologoa, idazlea, Saint-Exupéryren zale amorratua

Begoña del Teso

Asteartea, 9 abendua 2025, 07:04

Comenta

Maddi emaztea Gabonetan erdituko da berak eta Iñakik Urko izena jarriko dioten semea. Bigarrena izango da Iñigo, hiru urtekoa, Deutsche Schulera doana eta marrazki askodun liburuak gustuko dituena, anai nagusia baita. Iñakiren usteetan, bost urteekin hasiko zaie gurasoak Saint-Exupéryren 'Printze Txikia' irakurtzen. Seguruenik, aitak egindako euskarazko bertsioan. Idazlea dugu bera. 'El ocaso mexica', 'Moctezuma Xocoyotzin', 'Ik'hue. Lazos de sangre' edo 'Narraciones y leyendas vascas' bezalako liburuak sortu ditu lanbide-heziketako maisu honek, bere burua arkeologo afizionatutzat jotzen duenak.

– Zertarako?

– 'Printze Txikia' zergatik eta zertarako ekarri dudan euskarara galdetzen didazu?

– Bai. Itzultzaile fin frankok euskaratu dute dagoeneko: Patxi Zubizarretak, Josu Zabaletak, Xalbador Garmendiak, Iñaki Sipirik...

– Moldaketa eta egokitzapenak ere izan dira, Enkarni Genuak, Sara Toricok eginak. Izan zen edizio bat xiberotarraz. Mariasun Landak idatzi zuen liburuaz...

– Beraz, zergatik?

– Lehenik eta behin, narrazio honen zale amorratua naizelako; ezin uko egin proposamenari.

– Nork luzatu zizun gonbita?

– Valentziako Perelló argitaletxeak.

– Valentziakoak!!!!

– Jatorrizko hizkuntzetan kaleratu izan dituzte Kafka, Boccaccio, Eça de

«Ez litzateke igual gure eguneroko munduan agertuko. Irudikatzen dut gaurko zarataz, gatazkez, polarizazioaz sarraskiez berririk ez zen planetaren zoko batean»

Queiroz, Dumas edo Conraden lanak. Kontu handiz tratatze n dituzte Mediterraneoaren inguruko kondairak lantzen dituzten liburuak... Virginia Woolf eta Emilia Pardo Bazán kaleratu izan dituzte eta katalogoan badute sail berezi-berezia Printze Txikiari eskainia.

– Harrigarria! Nolakoa da?

– Badakizu Saint-Exupéryren lana 382 hizkuntzatara dela itzulia. Perrellókoek hainbat bildu dituzte sail honetan. Jatorrizkoaz gain, errusieraz, ingelesez, txekieraz, ukraineraz, alemanez, errumanieraz, portugaleraz... Ulertuko duzunez, ohorea zen niretzat bilduma horretan sartuko zen euskarazko bertsioa nirea izatea.

– Bai horixe. Zelako ondra! Zelako susto ere, ez da? Zu hamaika ofizio eta afizio dituzu baina ez zara, printzipioz, itzultzailea.

– Egia,Matia Fundazioak eskatua, 'Miren Matian' ipuintxoa euskaratu nuen behin, besterik ez. Baina esandakoa, maite dut nik 'Printze Txikia' eta ezin ezezkoa eman. Ez dut egin itzultzaile bezala izen ona lortzearren. Ezta salmenta zerrendetan lehenbiziko postuetan agertu ahal izateko (izan ere banaiz salmenta txikiko idazlea, ederki asko dakit, 'Top Ten'-en ez izatea zer den). Baina egin egin dut eta egun, gure semea jaiotzear dela, harro esaten dut egin dudala. Bilduman dago, beste askoren artean, nik osatua.

– Pozez egina, nekez ere bai?

– Luzea, batik bat. Nituen tarte libre eskasetan hartzen nuen itzulpen beharra. Gustu handiz.

– Arakatu al dituzu beste bertsioak? Bai euskarazkoak bai beste hizkuntzatakoak? Jatorrizkoa barne, jakina.

– Miatu izan ditut, bai.

– Zer hartu duzu bakoitzetik?

– Antoine De Saint Exupéryk berak idatzitakotik ahoskerari erreparatu nion, zuzeneko elkarrizketa eta solasaldiei heldu nien. Nahi bainuen han zuten freskotasuna gorde zezaten euskaraz. Ingelesezkotik hainbat esamolde hartu nituen. Izan dira biziki kezkatu izan nauten hamaika kontu...

– Esaterako?

– 'Train rapide'. Ez nintzen gauza sentitzen Abiadura Handiko Trena (AHT) jartzeko. Saint-Exupéryren garaian ez baitzen ez TGVrik ez AVErik...

– Seguru hainbat aukera eginda, harro sentitu izan zarela.

– Ba bai. Konturatu naiz, esaterako, euskara abiadura handian eraldatzen ari dela. Bertsio batzuetan erabilitako hitzak eta esamoldeak ez daude jada egun indarrean. Gustatu zitzaidan 'domesticar' itzultzeko 'etxekotu' hartzea. Hain estimu handian dugu euskaldunok etxea ze azeria ere gurekin bizi nahi badu' 'etxeko' bihurtu beharko duela konturatzen baita. Sorpresa ere hartu nuen ikustean euskaraz balio gutxiko gauzari ez zaiola esaten 'no vale un pimiento' 'lastoa' baizik...

– Jaioko da egun hauetako batean zuen Urko, Jesus Haurraren jaiotza ospatzen ari garela Lerroburuan Printze Txikiaren berretortzeaz mintzatzen zara zu. Nolakoa ote?

– Nik uste, norberak bere hizkuntzara ekartzen duen bakoitzean gurera bueltatzen da. Ez baitu inoiz alde egin. Ez desde luego haurrak izaten jarraitzen ahalegintzen garen bitartean. Hala ere, erraz irudikatzen dut nik XXI. mende honetako printze txikia.

– Konpartitu zure ametsa gurekin, arren.

– Nire irudiko, ez litzateke etorriko bizi garen zurrunbilo honen erdira. Ez. Agertuko litzateke, esaterako, Mongolian. baina ez Ulan Bator kapitalean baizik eta mendi, lautada, laku apartatu batean. Edo oihan galdu batean. Edo mortuan. Leku batean non egungo polarizazioaz, egungo sarraskiez ezer ez baitzekien inork. Gaurko edo biharko bere itzuleran, printzea printzesa izango zen, ziurrenik. Eta azeria...

– Zer!!!???

– Adimen Artifiziala. Gurekin etxekotu nahi du berak eta nahi dugu guk bera etxekotu.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Zergatik ez amestu egunotan Printze Txikiaren itzuleraz?»

«Zergatik ez amestu egunotan Printze Txikiaren itzuleraz?»