Udako programazioari ekingo diote igandean Urgulleko Natur Txokoak, liburutegiak eta Historiaren Etxeak

Urgull mendiko liburutegia, artxiboko irudian/Postigo
Urgull mendiko liburutegia, artxiboko irudian / Postigo

Uztailaren 1etik aurrera, Urgulleko hiru udal guneak astelehenetik igandera egongo dira zabalik

Uztailaren 1ean, igandean, hasiko da udako programazioa Urgulleko zentroetan: Natur Txokoan, liburutegian eta Historiaren Etxean, hain zuzen. Egunero egongo dira zabalik, eta haurrentzako programazio berezia eskainiko dute astelehenetik ostiralera, doan; gainera, aurten, 'Donostiari begira' erakusketako maketak zaharberrituko dituzte.

Uztailaren 1etik abuztuaren 31ra, aisialdia, natura eta kultura uztartuko dituzte haurrei zuzendutako programarekin. Horrez gain, astelehenetik ostiralera, 18:00etan, jarduerak egingo dituzte guneetakoren batean. Astelehen eta ostegunetan, liburutegian; astearte eta asteazkenetan, Natur Txokoan; eta ostiraletan, berriz, Historiaren Etxean. Jarduera guztiak 5 urtetik gorako haurrei zuzenduta daude, euskaraz egiten dira eta sarrera librea daukate lekuak bete arte.

Besteak beste, jolasak, txotxongiloak, ipuin kontaketak eta irakurzaletasuna bultzatzeko ekintzak egongo dira, baita ingurugiroarekin eta hiriaren historiarekin loturiko tailerrak ere.

Damen baterian kokatutako liburutegian liburuak, CD-ak eta internet zerbitzua daude erabilgarri. Helduentzako liburu, prentsa eta aldizkariak ere badituzte.

Gobernadorearen Baterian kokatuta dagoen Natur Txokoan, bestalde, naturarekiko errespetua sustatzeko aisialdiko jarduera didaktikoak antolatu dituzte. Garai batean Napoleonen goardiarenak izan ziren azpiegitura horietan, haurrentzako tailer eta jarduera sortzaileak egingo dituzte egunero.

Urgull mendiaren tontorrean, Mota Gazteluan, Donostiako historia dago erakusgai. Ikus-entzunezko, maketa, objektu eta eszenografien bitartez, denboran zehar donostiarren bizitza definitu duten ezaugarriak erakusten dira.

Aurten, udan zehar Historiaren Etxeko azken gelan erakusketan dauden maketak zaharberrituko dira. Lan prozesu hori ikusteko aukera izango da edozein bisitarirentzat uztailean, asteazkenetik igandera, 11:30etik 13:30era. Uztailaren 18tik 22ra bitartean berunezko figurak landuko dira; modelatze, moldatze, galdatze eta margotze lanak ikusteko aukera egongo da. Uztailaren 22an, igandea, galdaketa.

Historiaren Etxeko jarduerak ostiral arratsaldeetan dira, 18:00etan. Bost urtetik gorakoentzat, euskaraz eta sarrera libearekin lekuak bete arte.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos