Udako euskara ikastaroen diru laguntzak eskatzeko epea ireki du Donostiako Udalak

Udako euskara ikastaroen diru laguntzak eskatzeko epea ireki du Donostiako Udalak
Jose Mari Lopez

HABEk homologatutako euskaltegietan eta zentroetan ikastaro batean parte hartzeko diru laguntzak eskatu ahal dituzte euskara ikasi nahi duten donostiar eta, donostiarrak izan gabe, hirian lan egiten dutenek

DVDonostia

Diru laguntzak eskatzeko epea zabaldu du Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak, euskara ikasi nahi duten donostiarrentzat eta, donostiarrak izan gabe, hirian lan egiten dutenentzat. HABEk homologatutako euskaltegietan eta zentroetan ikastaro batean parte hartzeagatik ematen dira diru laguntzak, Donostiako Udalak jakitera eman duenez.

Diru laguntza jasotzeko betebeharreko baldintzak hauek dira: 16 urtetik gorakoa izatea eta Donostian erroldatuta egotea edo egoitza soziala Donostian duen enpresa edo entitate batean lan egitea; eskabidea behar bezala beteta eta derrigorrezko dokumentazioa dagozkien epeen barruan aurkeztea; ikastaroa amaitzerako matrikula ordainduta izatea; gutxienez %85eko asistentzia egiaztatzea; gutxienez Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumak jasotzen dituen azpimailetako bat gainditzea; eta zerga ordainkizunetan egunean egotea (Ogasuna eta Udal Zerga Biltegiko Atala) eta Gizarte Segurantzaren aurrean.

Nahiz eta baldintzak bete, diru laguntzak nahi dituenak eskatzailearen NANaren kopia eta erroldatu gabeko ikasleek lan egiten duten Donostiako zerbitzu enpresa edo entitatearen agiria atxiki beharko du.

Hala ere, azaroaren 17an onarturiko diru laguntzen 38/2003 Lege orokorreko 13.2 artikuluan (2003ko azaroaren 18ko BOE) xedaturiko baldintzetako batean dauden pertsonek ezingo dituzte jaso diru laguntza hauen onurak.

Hauek dira eskabideak aurkezteko lekuak: internet bidez edo papereko eskabidean, eta Euskara Zerbitzuan, udaletxeko bulegoan, Altzan, Morlanseko bulegoan eta Easoko bulegoan, guztietan 09:00tatik 14:00tarako ordutegian.

Temas

Euskera