Txillardegi gogoratuko dute igandean, hil zeneko 7. urteurrenean

Txillardegiren omenezko horma-irudiaren inaugurazioa, 2018ko urtarrilaren 14an./PEDRO MARTÍNEZ
Txillardegiren omenezko horma-irudiaren inaugurazioa, 2018ko urtarrilaren 14an. / PEDRO MARTÍNEZ

Txillardegi Liburutegia herri ekimenak antolatutako ekitaldien artean 'Txillardegiren Antigua' ibilbide gidatua egingo da, Jose Luis Alvarez Enparantzaren haurtzaroko hainbat leku ezagutuz

Usadio zaharrari jarraituz, jaioetxearen izena hartu zuen Jose Luis Alvarez Enperantza (Donostia, 1929-2012) hizkuntzalari, idazle, euskaltzale eta politikariak. Txillardegi etxea, Alvarez Enparantzaren aitonak 1905an eraikia, Donostiako Antigua auzoko ederrenetakoa omen zen. Matia kalera ematen duen Gaskonia plazan egongo litzateke gaur egun, eta hortik abiatuko da igande honetan, urtarrilak 13, 'Txillardegiren Antigua' ibilaldi gidatua.

Goizeko 11:00etan hasiko den ibilaldia, hain zuzen, Txillardegi hil zeneko 7. urteurrenari lotuta dago, eta Txillardegi Liburutegia herri ekimenak antolatu du, beste «omen- eta errebindikazio-ekitaldi» batzuekin batera. Izan ere, 2012ko urtarrilaren 14an zendu zen Jose Luis Alvarez Enparantza.

Iazko urtarrilaren 14an, heriotzaren zazpigarren urteurrena zela eta, horma-irudi handi bat margotu eta inauguratu zen Gaskonia plazan. Haren aurrean egingo da igande honetan, 13:00etan, omenezko ekitaldia, Jean-Louis Davant euskaltzain zuberotarraren parte hartzea izango duena. Txillardegi Liburutegia herri ekimenak igandeko ekitaldien berri emateko zabaldu duen oharrean dioenez, «2018an, euskara batuaren 50. urtemugaren ospakizunen baitan, berebiziko protagonismoa izan du Txillardegik, aldez edo moldez, ez baitzen alferrik izan batasunaren eragile nagusietako bat. 2019an, berriz, protagonismoari eutsiko dio, besteak beste, Korrikak omenduko baitu. Testuinguru honetan, igandeko ekitaldien bitartez, Txillardegi Liburutegia herri ekimenak bereziki nabarmendu nahi du Txillardegik oraindik ez duela bere jaioterrian jaso merezi duen aitortza ofiziala«.

Josu Tellabide etnologoa arduratu da 'Txillardegiren Antigua' ibilaldia prestatzeaz. Abiapuntua da Txillardegik umetako auzoarekin bizi osoan izan zuen lotura estua. «Hori oso garbi geratu zen -gogoratu dute- 'Antigua 1900' liburuan, memoria- eta maitasun-ariketa harrigarri hartan. Hain justu, aipatutako liburuan oin hartuta prestatu dugu 'Txillardegiren Antigua' ibilaldia Abiapuntua, 11etan, Gaskuña plaza izango da. Izan ere, bertan zegoen Txillardegi etxea. Eta ondoren Txillardegiren haurtzaroaren eta Antigua zahar haren lekuko izan ziren haibat leku ezagutuko ditugu». Lekuan lekuko azalpenak Tellabidek berak emango ditu. Halaber, tarteka, Txillardegik berak leku horiei buruz idatzitako testu laburrak irakurriko dira. Ibilaldiak ordu eta erdi iraungo du, gutxi gorabehera, Ondarreta, Loretopea eta Miramar jauregiko parkea bezalako toki ezagunak ez ezik Txillardegiren haurtzaroan oso bestelakoak ziren hainbat toki ezagutuz.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos