Zortzi DJ gazte ariko dira Aste Nagusian Kursaalen

DJ saioa Kursaalen, iazko Aste Nagusian./ARIZMENDI
DJ saioa Kursaalen, iazko Aste Nagusian. / ARIZMENDI

Antolatzaileek deialdi berezi bat egin diete neskei, eta «musikarekin esperimentatzea gustokoa duten neskak» hurrengo deialdietan parte hartzera animatu dituzte

Donostiako Aste Nagusia hurbildu ahala, badoaz zabaltzen eszenatoki desberdinetan arituko diren artisten izenak. Hirugarren urtez segidan, tarte berezia izango dute DJ gazteek Gipuzkako hiriburuko udako jaietan. Abuztuaren 11tik 18ra, hain zuzen, Kursaaleko Urumea terrazak hartuko du, gaueko 23:30etik aurrera, Donostia Festak sailak, Donostia Gazteria eta FNACen laguntzaz, antolatutako Aste Nagusiko DJ gazteen III. Erakustaldia.

Ekimenak «gazteen artean dagoen sentsibilitatea jaso nahi du eta beraien sormena erakutsi, beraiek izan daitezen protagonistak». Publikoaren artean ere nerabe eta gazteak izaten dira protagonista nagusiak. Oinarrien arabera, 16 eta 30 urte bitarteko DJ donostiarrei zuzentzen zaie Erakustaldian parte hartzeko deialdia. Bakoitzak 40 minutuko saioa egiteko aukera du, eta bere talentua erakusteko balioko duen tartea izateaz gain 150 euro eta agiri bat jasoko ditu.

Aurten, lehen aldiz, kanpoan utzi behar izan dituzte zenbait hautagai, sei zehazki, ez baitzegoen guztientzat tokirik. «Oraingoan ere, aurreko edizioetan bezain feedback ona jasotzea espero dugu eta datozen urteetan partaidetza handiagotzea», azaldu dute antolatzaileek ohar baten bidez. Eta dei berezi bat egin diete neskei: «Programazio honen barnean nesken parte-hartzea bultzatu nahi dugu, eta horregatik, musikarekin esperimentatzea gustokoa duten neskak animatu nahi ditugu».

Aurtengoari dagokionez, honela gelditu da egitaraua: Biggo (abuztuak 11), Peru Rubio (abuztuak 12), Telmo Esnaola (abuztuak 13), D. Chorez (abuztuak 13), Medd Rykes (abuztuak 15), Etherealz (abuztuak 16), Vaske (abuztuak 17) eta Javi Bujera (abuztuak 18).

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos