Txistulariak eta gonbidatuak

Arreta handiz jarraitu zuten entzuleek Euskal Herriko Txistulari Elkarteak antolatutako kontzertua. / ARGAZKIAK JOSE MARI LÓPEZ
Arreta handiz jarraitu zuten entzuleek Euskal Herriko Txistulari Elkarteak antolatutako kontzertua. / ARGAZKIAK JOSE MARI LÓPEZ

Urtero bezala, eta aurtengoarekin badira 42, bidaia musikal bikaina eskaini zuten Konstituzio Plazan |

MIREN IMAZ

Berandu samar eta modu nahiko lasaiean abiatu ohi da Donostiako Aste Nagusia; ez da oso luzea hain zuzen lehen eguneko egitaraua. Eta bada egitarau horretan festa iragartzen duen kanoikada baino tradizio handiagoko ekitaldi bat: Txistularien Kontzertu Nagusia.

Kanoikadak, hain zuzen, 26 urte bete ditu aurten, 1993an egin baitzuen bere Donostiako Udalak Gastronomia Elkarteko kideen proposamena. Euskal Herriko Txistulari Elkarteak antolatutako alardea, berriz, 42. ediziora heldu zen atzo, eta berriro erakutsi zuen donostiar askorentzat jaien lehen eguneko ekitaldirik kutunenetakoa dela.

Jose Ignazio Ansorena Minerren gidaritzapean, Txistulari Elkarteko txistulariena izan zen partaidetza nagusia, alboan izan zituztenarik Donostiarra metal boskotea eta Eskola-Gurutziaga koroa.

Estitxuren bi abesti ezagun ekarri zituzten gogora: 'Agur Maria' eta 'Goazen ikastolara'

Hainbat gonbidatu batu zitzaizkien saioan zehar Konstituzio Plazako oholtzara, eta urtero bezala kontu handiz osatutako egitarauak bidaia musikal bikaina proposatu zien bertaratuei. Omenaldiek ere izan zuten, ohi denez, zegokien tartea.

Hiriari keinu eginez hasi zen kontzertua, Jose Olaizolaren 'Gure Donosti' piezarekin eta aurresku batekin. Aurreskularia ez zen nornahi izan, Katerin Artola baizik, iazko irailean Ordizian Aurresku Txapelketa Nagusia -aurreko bi txapelketa bat eginik, lehen aldiz gizon eta emakumeak elkarrekin lehiatzen diren norgehiagoka- irabazi zuen dantzari oiartzuarra baizik. Geroxeago dantza soltean ariko ziren Lezoko dantza eskolako dantzari gazteak izan zituen lagun.

Dantzari emandako tartea ez zen horrekin agortu, Zieko-Eltziegoko dantzariek ere hartu baitzuten parte ikuskizunean, Arabako herri horretako gaitero ospetsuekin batera, Errioxako dantzen lagin eder bat eskaintzearren.

Omenaldien atala Victoriano Iraolari eskainiak zabaldu zuen, kontzertua hasi eta berehala. Txistulari Elkarteak, hain zuzen, 1841ean Pasaian jaioa izan arren bizitza Donostian egin zuen idazlea izan zuen gogoan, haren heriotzaren mendeurrenean. Iraola Raimundo Sarriegiren kolaboratzaile aparta izan zen eta, litografia negozio baten jabe, Donostiako Udaleko zinegotzi ere izan zen. Iraolaren omenez, haren hitzak eta Sarriegiren musika duten hainbat pieza kantatu zituzten Haizea Muñozek eta Iosu Yeregik.

Izan zen, halaber, bere gain ardura handia hartu zuen kantari bat oholtzan: Jaione Olazabal soinujole eta kantari aresoarra, zeinak abestu zituen Estitxu Robles-Arangizen (1944-1993) bi kanta oso famatu, 'Agur Maria' eta 'Goazen ikastolara'. Estitxuren ahots paregabea gazterik itzali zen, eta zenbaitek ahaztua ere badute, baina bizirik jarraituko balu 75 izango zituela-eta antolatu diren jarduerek berpiztu egin dute Estitxurekiko miresmena.

Iragan ez oso urrunetik iritsi zen halaber gonbidatu nagusia, Akelarre taldea. Bi agerralditan lau pieza jo zituzten, eta haiei egokitu zitzaien saioa ixtea 'Eperra'-rekin. Eta, jakina, maiatzaren 1ean hil zen Jose Luis Ansorena ere izan zuten gogoan. Bakarreko txistulari gisa Leitzako Ingurutxoko doinu aukeraketa bat eta 'Belatzarena' jo zituen Leire Retegi txistulari leitzarraren bitartez izan zuten gogoan Ansorena zena.