Badia abordatzeko gutxienekoa da tresneria

Badia abordatzeko gutxienekoa da tresneria

Goizean goizetik ehunka pirata gerturatu ziren portura abordaiako ontzien muntaketa lanak amaitzera

NAIA BEGIRISTAIN

Hamaika kolorez jantzi zen atzo goizean Donostiako kaia. Moilako arrapalan hainbat materialez eta apaingarriz jositako ontziak eraiki zituzten Donostiako Piraten egun handiko ospakizunei hasiera ematera uholdeka inguratu ziren gazteek. Arratsaldean, ostera, Donostia abordatu zuten. Lehenengo taldeak 9:30ean hurbildu ziren kaiko arrapalara eta soka, flotagailu eta beste hainbat lanabesen artean murgildu ziren. Talde bakoitzak ordu eta erdi izan zuen baltsa muntatzeko, baina euriak, abilezia faltak eta festarako gogoak, besteak beste, oztopatu egin zuten muntaia prozesua. Itsasotik metro batzuk urrutiago, arrapalaren goiko aldean jarri zituzten antolatzaileek ingurua musikaz girotzeko bozgorailuak. Hala ere, piratak buru-belarri aritu ziren lanean, bai muntaian baita koordinatze lanetan ere.

Denetariko ontziak osatu zituzten partaideek. Batzuek poltsa puzgarri txuriak, sokak eta egurrezko paletak besterik ez zituzten erabili baltsak egiteko. Horiez gain, bazegoen esfortzu gehiago egin zuenik ere: itsasoko olatuen artean hamaika koloretako flotagailuak eta globoak zituzten ontziak zeuden. Hori gutxi balitz, masta, bandera eta guzti, beste batzuek pirata profesionalen itsasontziak egin zituzten.

«Komunikabideetan ikusi dugu ekitaldia orain arte, baina aurten parte hartuko dugu»

«Ez gara oso esku-langile onak. Egurrezko paletak ekarri ditugu etxetik eta hemen eskuratu dugu gainontzeko materiala», adierazi zuten Iraia Amundarainek eta Imanol Santoyok. Kaiko aldapan ari ziren oholak eta poltsa puzgarriak sokaz lotzen, eta euren hitzetan baltsa «sinplea» egin zuten arren, itxura polita eman zioten. Goierritarrak dira izatez Amundarain eta Santoyo, eta Aste Nagusian Donostia urtero bisitatzen duten arren, atzo lehenenegoz hartu zuten parte abordaian. «Orain arte komunikabideetan ikusi dugu ekitaldia, baina aurten bertatik bertara biziko dugu, eta seguru datozen urteetan ere itzuliko garela. Gauean, giroaren arabera, eguna borobiltzeko parranda egingo dugu», nabarmendu zuten.

Ekaitzaren ondoren, barea

Euri zaparrada amaitzearekin batera bukatu zituzten piratek baltsen muntaketa lanak. Txalupak portuko uretan pilatu zituzten, eta pixkanaka hustu zuten arrapala. 14:30 inguruan txosna gunera abiatu ziren parte hartzaileak, tripa asetzera. Une batez bazen ere, kaiari atsedenaldia eman zioten.

Lagun arteko ekitaldi moduan antolatu zuten lehenengoz 2003an kaia eta Kontxa hondartza lotzen dituen festa, eta hamasei urteren ostean piraten ekitaldirik jendetsuena bilakatu da: Gipuzkoako txoko askotako partaideak biltzen ditu urtero abordaiak. Hala ere, gutxitu egin da parte hartzea azken urteetan.