Hiritarrak | Oihana Kortazar
«Jaitsieretan 'lanzatzen' duzu gorputza; flotabilitate hori dut nik gogoko»Azken Zegama-Aizkorri mitikoan zortzigarrena izan zen txapeldun erreferentziazkoa
Elgetakoa, Mutrikun aspaldian kokatua. Ama eta kirolaria. Kirolaria eta ama. Aranzeta du bigarren abizena. Mendiko bizikletan hasi zen lehian, hainbat titulu lortuz. Ekin zion mendiko lasterketetan parte hartzeari eta segituan, txapeldun. Izan da munduko onena behin baino gehiagotan. Euskadikoa, Espainiakoa. Irabazi du Zegama-Aizkorri bitan. Salomon Taldearen kide garrantzitsua, urteak pasa ahala, izugarriak dira sareetan dauden bere bideoak eta ikaragarri interesgarria 'Perfiles' saioan egin zioten elkarrizketa. Laster hartuko du parte begiko oso duen Arenas de Cabraleseko 'Traveserina'-n eta ez dio uko egingo lagundu baizik '2330 km erronka bizitzagatik' ekainean izango den ekimenari.
– '2330 kilometro erronka bizitzagatik'. Zertan datza desafioak?
– Fernando Magali atletak sorturiko ekimena da, esklerosi anizkoitza eta hainbat gaixotasun 'arraro' argitan, agerian jartzeko, bisibilitatea emateko. Gipuzkoako etapak Beasain eta Lazkaon izango dira, Bazkuntza eta Batala bezalako elkarteek lagundurik. Baita bertako udalek ere. Fernandok berak markatuko du erritmoa eta gu etapetara arrimatuko gara. Nik Beasaingoa egingo dut. Beste korrikalariak Miguel Heras, Fidel Fernandez eta Roberto Heras finak dira.
– Laster duzu zure gustuko 'Traveserina'. Justu, sareetan iragartzen duen argazkian zu agertzen zara. Nolako karrera da?
– Asturiaseko Arenas de Cabrales herrian egiten da. Hamaika ordu dituzu burutzeko. 46 kilometroko distantzia. Polita desnibela, +3.160/-4.050. Oso lasterketa teknikoa. Denborak aurrera egin ahala, korrikalari teknikoagoa bilakatzen zara, ez izan dudarik. Hala ere, beste proba azkarragoetan hartuko dut parte, konpentsatzeko. Irailean Munduko Txapelketa izango naiz. Maite eta ederki ezagutzen dudan leku/ibilbide batean: Pirinioetako Canfrancen. Askotan ez duzu ez eremua ez ibilbidea ezagutzen, oraingoan bai. Gozatzera noa Espainiako Selekzioan. Baina 'disfrutatze' horrek ez du esan nahi dena emango ez dudanik. Inolaz ere. Ahal dudan guztia egingo dut, ahalik eta posizio hobean geratzeko.
– Aurtengo Zegama-Aizkorrin lortutako zortzigarren postua ez zen nolanahikoa. Pozik, ezta?
– Oso. Kontent oso. Urteak pasa dira 2011n eta 2012an irabazi egin nuenetik. Urteak, oinean jasandako lesioa, bi haurdunaldi, bizitzaren hainbat gertaera eta bizitza bera. Baina fondokoak dira mendi lasterketa hauek eta edadeak eta eskarmentuak fondoa ematen dizute nahiz eta, jakina, 'esplosibitatea' kendu. Ez pentsa aurtengoan oso diferentzia handia izan zenik lortutako denboran. Ez, minutu pare bat edo ez nintzen irabazi nueneko garaietakotik urrundu. Oso karrera polita izan zen. Lagunak nituen ondoan. Baita familia ere. Lehengo hamarrak igotzen ginen podiumera, beraz podiumeko sentsazio ikaragarri ederra ere nireganatu nuen. Berriro. Maitatua sentitu nintzen, beste neska korrikalarien kariño eta errespetua sumatu nituen...
«Entrenamendu ohikoetan ez dut dena ematen, badakidalako entrenamenduak baino ez direla. Nire entrenamendurik onenak lasterketak dira. Oso lehiakorra naiz. Beste lehiakide baten arnasa sentitu behar dut atzetik topera jardun ahal izateko»
– Asko eta askoren erreferente bihurtu zara. Ez da gutxi. Kilometro bertikaletan ere zara Munduko txapelduna, Skyrunningen ere bai. Sarri esaten da hori behar dugula emakumeok, gure erreferente propioak.
– Nik ez dut sekula horren falta antzeman. Nik beti izan dut Nerea Amilibia erreferente.
– Orain hamabi urte, berak 43 zituela, bazituen, jada, 100 txapela irabazita.
– Primerako emakume, kirolari eta kide. Jarraitzen du korrika plazeragatik. Nabaria da berarengan pozez betetze duelako egiten duela korrika. Beti izango dut eredu, inspirazio. Eta niri dagokionez, besteen ispilu izateak urguiluz betetzen nau.
– Mendikoa zara zu baina baduzu Behobia bat irabazita, 2012koa.
– Izugarria izan zen hura. Une batean ere ez nuen sufrimendu sentsaziorik izan. Ikusle zen jendetzak 'hegan' eraman ninduen helmugara. Asfaltoko karrerak gustuko ditut. Are gehiago, ezinbesteko zaizkit mendirako.
– Bai? Nolatan?
– Mendi lasterketa batean ez zoaz beti gorantz ez eta beti beherantz; badira zona lauak eta horietan beharbada gorantz joanik galdutako belozidadea izango duzu berreskuratzerik... hankak horretarako prestatu badituzu asfaltoan.
– Polita lerroburuko esaldian gauzatzen duzun irudia, 'flotabilitate' horrena...
– Inoiz ez diet izan ez beldurrik ez bertigorik jaitsierei. Gustua hartzen diet beti. Eta bai, hitz egokia da, 'flotabilitatea'; hori sentitzen duzu gorputza beheruntz 'lanzatzen', jaurtitzen, botatzen duzunean.
– Ederra ere behean diozuna, ondo entrenatzeko aurkari baten arnasa sumatu behar duzu atzetik.
– Bai horixe! Jakina entrenatzen dudala baina entrenamendu arruntak lasterketa baterako simulazioak baino ez dira. Nik karrerak erabiltzen ditut entrenu.
– Zertarako balio dizu egindako eta egingo duzun guztiak?
– Askotan esaten da baina egia osoa da, nire burua probatzeko eta ezagutu ahal izateko.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.