MarraziOak, ilustratzaileentzako topaketak, hastear dira

Harkaitz Cano idazleak, Ignasi Blanch ilustratzailearekin batera, gidatuko ditu topaketak/Arizmendi
Harkaitz Cano idazleak, Ignasi Blanch ilustratzailearekin batera, gidatuko ditu topaketak / Arizmendi

12 ilustratzaile memoriaren marretan barrena abiatuko dira irailaren 13tik 18ra Donostiako Komikigunean

MarraziOak topaketen X. ekitaldian 12 ilustratzaile memoriaren marretan barrena abiatuko dira. Irailaren 13tik 18ra Donostiako Komikigunean arituko dira Ignasi Blanch ilustratzailearen eta Harkaitz Cano idazlearen gidaritzapean. Galtzagorri elkarteak antolatuta, ikastaro trinkoan, norbere espazio gertukoenetik, norbere gorputzetik, autobiografiatik eta keinuetatik abiatuko dira, eta, memoria hausnarketa egiteko gaitzat hartuta, sekuentziazioa hausnarketa hori egiteko erabiliko duten teknika izango da. Hain zuzen, memoriak gordetako une jakin batzuk egituratuko eta artikulatuko dituzte marrazkien bidez; izoztu, alegia. Finean, kontatu nahi duten istorioa irudi sorta ttipi baten bidez ebazteko moduak landuko dituzte.

'Memoriaren marretan barrena. Norbere espaziotik, norbere gorputzetik' da hastear diren X. MarraziOak euskal ilustratzaileen topaketen gaia. Tailerretan ez dute komunitate zehatz baten memoriaren gaia landuko. Ilustratzaile bakoitzaren oroitzapen besterenezinei jarriko diete arreta eta arreta hori modu sortzailean erabiltzen saiatuko dira.

Aurten aukeratutako 12 ilustratzaileak honakoak dira: Unai Gonzalez, Ainara Altuna, Koldo Balenciaga, Andrea Costas, Gontzal Gutierrez, Ainara Azpiazu (Axpi), Usue Egia, Concetta Probanza, Anaitz Igoa, Leire Kareaga, Eneritz Ibarra eta Irati Merino.

Ignasi Blanchek eta Harkaitz Cano gidariek ariketa praktikoak eta teorikoak tartekatuko dituzte eta hainbat film, liburu nahiz irudi baliatuko dituzte. Abiapuntua gertuko memoria besterenezina izanda, tailerrean parte hartuko duten ilustratzaileei euren bizitzako lekuak, argazkiak zein objektuak aipatzea eta eramatea eskatu diete. Izan ere, norberaren mundu intimo hori eraldatu, eta irakurle orokorrari interesgarri egingo zaion moduan emateko bideak urratuko dituzte intimotik unibertsalerako bidaian.

Galtzagorrik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, 37 orduko tailer praktikoa egiteko beka bana eskainiko die 12 euskal sortzaile horiei guztiei.

Hamargarrena

Galtzagorri Haur eta Gazte literatura elkarteak 2009an abiatu zituen MarraziOak topaketak. Ilustrazioari zuzendutako prestakuntza tailerra izateko xedea izan zuen hasieratik. Ekitaldi guztietan gidoi narratibo bati jarraituz egin beharreko lana izan da MarraziOak topaketen ardatza. Ilustratzaileei lanerako baliagarria duten prestakuntza eskaintzea, ilustratzaileen arteko bilgune izatea, genero, teknika, gai zein egitura berriekin esperimentatzeko parada ematea eta euskal ilustratzaileen harrobiaren akuilu izatea izan dira urte hauetan guztietan topaketen helburu nagusiak.

Irailaren 13tik 18ra arte, hautatutako 12 ilustratzaileak lanean buru-belarri arituko dira Donostiako Komikigunean (Errege-Erregina Katolikoen kalea, 16. Donostia) Blanchen eta Canoren gidaritzapean, aurtengoan norbere memoriaren bidezidorretan esploratu, eta hura marrazki kontakizun bat nola bihurtu daitekeen ikastea da izango duten erronka. X. MarraziOak hastera doaz!

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos