Hiritarrak
«Legea erreaktiboa den moduan, poesia ere erreaktiboa da. Ala ez...?»Sara Uribe-Etxeberria AtxurraEstrasburgon Giza Eskubideen inguruko masterra egin duen poeta
20 urte besterik ez. Anari gogoko, gogoko oso. Bai eta Zumaia inguruko herrietako (Zarautz, Zestoa...) festetan kontzertuak ematen dituzten talde hasi berriak ere. Eta elektrotxarangak. Gaur ekingo dio Donostian Zuzenbide graduaren hirugarren kurtsoari. Duela gutxi bueltatu da Estrasburgotik, EHUk beka emanda, masterra egin baitu bertan. Zuzenbide Humanitarioaz eta Criminal Law delakoaren gainean 'Moby Dick' omen- tzen duen Balea Zuria argitaletxeak kaleraturiko 'Kuntzak eta Kerak' liburuarekin DK VIII. Poesia Saria eskuratu zuen martxoan. Zumaiako Itxaso tabernaren terrazan aritu ginen hizketan. Turistaz eta pelegrinez beteak iristen ziren herrira autobusak.
– 'Emakumeen diskriminazioa giza eskubideen ikuspegitik: eskubideen urraketatik lege babesera'. Horrela zuen izenburua Estrasburgora, bekadun joan ahal izateko egin zenuen lanak. Lege emakumea izango den poeta zara zu. Zer nolako (ez) ondorioetara iritsi zinen bai lana bai masterra bukatu zenituelarik?
– Lana 'Bai soilik da bai' legearen gainekoa zen, da. Nik uste, lege ona da... betetzen denean. Eta maiz zaila da betetzen. Estrasburgon ikasi, ikusi eta eztabaidatu dudanari dagokionez eta gaurko munduaren egoerari erreparatuz (Gazaz ari naiz, Ukrainaz ari naiz, Sudanez ari naiz, Txinako itsasoaren gatazkaz ari naiz...), badirudi aipatutako Zuzenbide mota horiek dekorazio hutsa direla. Badakit baina legea, poesia nola, erreaktiboa dela.
«Gustuko dut probokatzaile jokatzea. Hizkuntza eta irudiekiko. Munstroak etxean afaltzen badu, honela konturatu nahi eta behar dut: 'Haragia ahoa irekita mastekatuz bortitz eta hari darion odolez garbitu nahian listu eta maleziazko mutur lohi hori'»
– Zer esan nahi du kasu horretan 'erreaktibo' hitzak?
– Aurrenetikan ezer ez balego, legerik ez...
– ??!!
– Gizarteak eskatua, exijitua. Gizarteak norabide jakin bat harturik egiten dira legeak eta arauak. Gizartean ez bada jarrera hartze bat legea ez da sortuko. 'Bai soilik da bai' indarrean da presioa egin genuelako emakumeok, gizonezko hainbatek ere. Gerra kriminalak pertsekutatzen dira munduak exijitua... Poesiarekin gauza bera suertatzen da. Aurrenetiko beharrik, bultzarik, hutsik ez bada, poemarik ez. Poesia eta legea gu baino gero sortzen dira.
– Seguru al zaude? Poesia aldetik dizut, gehien bat.
– Idazten jartzen zarenerako beti izan da zerbait: isil bat, koma bat, gitarra desafinatu bat; berritasun ajatua. Mediokritateari egin beharreko oda, Ondarretako tunelean begia kliskatu dizuen musikaria, monotonia azido eta frenetikoa, euskal aditzaren taulak...
– Nor zeri so. Zure poemak saritu ondoren argitaratuko zituztela jakin zenuenean, bi gehiago gehitu zenituen liburuan. Horietako bat, justu hori, 'Nor zeri so'. Bestea berriz 'Bizitza bat zure neurrikoa'. Zergatik?
– Nire burua imajinatu nuelako jende aurrean 'Kuntzak eta kerak' aurkezten. Liburua bera irudikatu nuen nik ezagutzen ez dudan jendearen eskuetan. Sentsazio arraroa: 'Ohartu zara emakume biluzik bat dagoela gela erdian(...)' Horrela sumatu nuen nire burua, 'ez dakizu nola begiratu zarena harritu baitzaizu. Dismorfiaz nolaz, zertaz erantsi. Norbere perimetro oldarkorrez korapiloak askatu zaren guztitik at gauzak nola ulertu'.
– Nola ulertu diozu? Igual 'Umami zapore bat azalean eta aberri baten atarian inoiz inkonformismoari gelarik bada...
– ... Eraiki dezazun mundu bat. Errainuez urrun esku ahurretan edeten zaizuna'. Izan liteke, bai.
– Zergatik poesia eta ez, ez dakit, kantuetarako hitzak?
– Hasi nintzenean (ez dakit zenbat urterekin, agian 12kin,13kin) ez nion ekin poesiari. Suelto idazten nuen, prosa antzeko zerbaitean. Irabazi nituen gero (2022an) R.M.Azkue Literatur Saria eta hurrengo urtean Urruzunoa. Orduan heldu nion poesiari. Gustuko ditut hitzen arteko konbinazioa. Baita kontrastea ere. Kontraesana. Oposizioa ere bai. Hala eta guztiz, ez pentsa nire sormena bultzatzen duena hitz idatzia denik...beti.
– Ez? Zer bestela?
– Hitzen musikalidadea. Labar artistaren edo Anariren hitzei dariena. Poesia leitzen dut, jakina, baina musikan ditut erreferente gehienak. Eta ez pentsa 'totem'ak diren horiek gustukoen eta inspirazio ditudanik. Askorentzat hutsalak liratekeen horiei erreparatzen diet nik.
– Argiak eta azkarrak oso, bai, zure poemen gainean agertzen diren beste sortzaileen hitzak...
– Aresti dago. Sarrionandia ere bai baina liburua irekitzen duen poemaren atarian Esti Martinez Diaz De Ceriori lapurtu diot: 'Mina ureztatu nuen hitzak lora zitezen'. Anarik irekitzen dit 'Asfaltorik ez bizikletei' nire poema. 'Malenkoniaz' idazten dudanean, Leire Vargasi egiten diot keinu, bere 'Hareazko gazteluak' horri.
– Kurtsoa hastear dela, esan beharko dizugu 48 orrialdean agertzen den poemaren titulua: 'Welcome to San Sebastian'.
– Antiguon biziko naiz. Herizen. Harreman estu eta politak sortu dugu pisukideek. Horrexegatik idatzi nuen: «Egongelako sofa eta kafe osteko tertuliaz. Ibil Bediren 'lorerik gabe' entzuten da korridoretik. Beti egongo da zerbait gehiago kontatzeko (...)».