
Hiritarrak
«Kosmopolita izan da beti Donostia. Likidoa. Irekia. Nortasun finkorik gabea»Secciones
Servicios
Destacamos
Hiritarrak
«Kosmopolita izan da beti Donostia. Likidoa. Irekia. Nortasun finkorik gabea»Antiguakoa jaiotzez, enpresa-abokatua da eta hainbat banketxetan ibili izan da lanean. Idaztea ofizio ez duten hiri honetako idazle batzuen zirkulu ezkutatu eta interesgarriaren kide, badu liburu mordoxka liburu-dendetan zein plataformetan. Euskaraz zein gaztelaniaz. Famatuak dira bere 'Postales de San Sebastian'. Atera dira bi, 'Regata de otoño' eta 'Secreto de otoño'. Hirugarrena euskaraz izango da. Baditu ere Patxik 'Kalkuluak babestu!' edo 'Arau hierarkia eta egitura politikoa e.autonomia erkidegoan: zenbait pr' izenburuko lanak.
– Nolatan Zubimusu parkea aukeratu argazkirako?
– Hiriaren eraldaketaren ikur horietako bat delako. Galdu, galtzen ari edo galduko dugun hiriaren metamorfosiaren seinale. Txikitan, orain eraikin berriek inguratua den parke hau, behean, hondoan den parkea zoruarekin zegoen parekatua, nibelean. Guretzat, dudarik gabe, oihana zen. Antiguako Matia kaleko Jacinto harakinak hemen zituen haragitarako zaldi eta behorrak.
– Zure hitzei darien nostalgiak zerbaitetarako balio ote al du? Joana edo joaten ari zaigun hiri horretan oraindik jaio ez direnek ez al dituzte hemen izango bere txoko maitatuak, sortzen ari den eta zuk begiko ez duzun hiri etorkizunezkoan?
– Izango ez dituzte, nola ez ba? Baina nik ezin diot utzi dagoeneko ez den hiri harekiko mina sentitzeari. Hiri generikoak biziki arbuiatzen ditudalako. Min ematen didate.
– 'Hiri generikoak'?
– 'Delirious New York: A Retroactive Manifesto for Manhattan' bezalako liburu nahitaezkoak idatzi dituen Rem Koolhaas arkitektoak garatutako ideia. Bere ustez, hiri generikoa hiria zen horretatik geratzen dena da, 'hiri-ostea', gaurko hiriari tokia hartuko diona, ordeztuko duena. 'Eremu-Zaborra' beste saiakerarekin batera, hausnarketa hori hirigintza berriari egiten zaion kritikaren zutabea da 'Hiri generikoa'.
– Esamolde horrek esan nahi al du etorkizun hurbileko hiri guztiak igualak izango direla?
– Gurea barne. Metakrilatozkoak. Aireportuak edo saltoki-guneak emango dituztenak. Haien erdiguneetan frankiziak berberetan egingo ditugu erosketak, jango ditugu hanburgesak. Usainak ere, berdintsuak: kebab, takoak, noodles, ketchup.
– Ba al da esperantzarik Donostiarako?
– Izan daiteke, nahiz eta izan apurka-apurka itxuragabetzen dituztenak. Euskaraz idatziko dudan 'Postal'-en liburuaren hitzaurrean, zera diot nik: «Bizkitartean hiria desegiten darraigu, denborak gu geu desegiten gaituen ahala eta horrexegatik akaso, eta arima ematen dioten eraikin gailenak eraisten: Bellas Artes Europako zinematograforik zaharrenetakoaren hustuketa, 1863-1880ko Iparreko tren geltoki apartaren (akaso hiriko zokondorik lirikoena) erabateko suntsiketa, Villa Elvira eta bere kapera, Nuestra Señora de Icíar, Ikustoki, Itxas-aize, Villa Belén eta bertako eskola, Celayenea, Prim 10eko eta Easo 47ko atari modernistak, San Bartolome komentuaren desitxuratzea...»
– Apokaliptiko samar dirudi.
– Aurten aterako dudan liburu horren aitzinsolasean hauxe ere diot nik: «Ezin uka daitekeena zera da, Donostia modernitatearen erakargunea dela eta hori Kontxako errepublikaren hainbat kudeatzaile eta buruzagien meritua dela, bereziki trebeak izan direnak eta badirenak».
– Eskerrak!
– Garena onartzen badugu bada esperantza. Aldiz, ez garen gauza bat bihurtu nahi izatea oso arriskutsua da, litzaiguke.
– Eta zer gara?
– Goiburuan esaten dudana, hiri kosmopolita. Likidoa. Irekia. Nortasun finkorik gabea. Hori onartu beharko dugu. Ezin dugu esan, kasurako, hiri euskalduna denik gurea; euskaraz egin arren. Saiatu ziren beste batzuk hiri espainola bihurtzen frankismo garaian. Alferrik. Likidoa baita Donostia. Baskoek ez zuten osatu. Santxo Jakintsuak gaskoiez populatu behar izan zituen inork gutxik nahi baitzuen hemen bizi. Merkatariak bilakatu ginen gero. Kortsarioak izan gara. Jarana auzoko biztanleak... Izan ditugu gure alde ameslari fin batzuk; zer nolako hiria sortu nahi zuen ederki zekien Cortazar arkitektoa, adibidez. Ez dakit egungo kudeatzaileek hiriaren inguruko asmoak horren argi ote dauzkaten... Maria Cristina erreginak ere mesede handia egin zion hiriari
– Hain likidoak gara ze ez dizudala galdetu nor eta zer zaren. Ezta zergatik idazten duzun ere.
– Donostiar arrunta.
– Ez du ematen...
– 54 urte ditut eta dohain berezirik ez. Irakurtzen eta idazten dut nire haur eta gazte denbora haietan horiek baitziren gure aisialdiaren punturik fuerteenak. Ikus-entzunezkoek ez baitzuten gaur duten horrenbesteko indarra. Ez gara gutxi beste ogibidea izan arren,idazteari, irakurtzeari emanda garenok. Bizitzeko modu bat. Egun, berezia dena.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.