Astebete bi gurpilen erritmoan

Donostiako Udalak egitaraua zabala prestatu du/A. Munguia
Donostiako Udalak egitaraua zabala prestatu du / A. Munguia

Europako Mugikortasun Jasangarriaren Astearen harira, bizikletaren erabilera sustatzeko makina bat ekimen izango dira Donostian

Donostiako Udalak hainbat jarduera antolatuko ditu igande honetatik irailaren 22ra bitartean, Europako Mugikortasun Jasangarriaren Astea ospatzeko. Ekimen horien artean, hiriko bidegorrietan barrena 25 kilometroko bizikleta ibilaldia egiteko aukera izango da, irailaren 22an.

Horrela, Donostiako Udalak egitaraua zabala prestatu du Europako Mugikortasun Jasangarriaren Astearen harira, Kalapie Txirrindularien Elkartearekin, Cristina Enearekin, Bizikletaren Behatokiarekin, Dbusekin eta Donosti Roller elkartearekin batera.

Europako Mugikortasun Jasangarriaren Asteak igandean hasi eta irailaren 22ra arte iraungo du, «Konbinatu eta mugitu» lelopean. Europa mailako ekimenarekin «multimodalitatea» sustatu nahi da, eta, Donostiako Udaleko arduradunek adierazi dutenez, helburua da «hirian barrena mugitzeko aukera guztiak ikusita, herritarrak animatzea jasangarrienak konbinatzera, garraio publikoa erabiliz eta bizikletaz, oinez edo patinetan mugituz».

Donostia horretarako «oso hiri aproposa» dela gaineratu du, duen neurriagatik batetik bestera mugitzea erraza delako eta garraio publikoaren eskaintza zabalak mutur batetik bestera lekualdatzeko aukera ematen duelako.

Bizikletaren erabilera sustatzeko makina bat ekimen izango dira aurten ere eta, besteak beste, Kalapie Elkartearekin batera antolaturiko «Route 25» bizikleta martxa izango da jardueretako bat. Herritarrek hiriko bidegorrietan barrena 25 kilometroko eta interesgunez betetako ibilaldia egin ahal izango dute irailaren 22an, udaletxetik irtenda.

Gainera, aurten lehen aldiz, Social Bike Challenge ekimena abiatuko dute. Aplikazio baten bitartez hiriko txirrindularien lekualdaketa guztien jarraipena egin ahal izango da lehiaketa batean parte hartuz. Egindako distantzien arabera puntuak eskuratu eta sariengatik aldatuko dira. Lehia irailaren 16an hasi eta urriaren 6an amaituko da, eta epe horretan kilometro gehien egiten duenak sariak lortzeko aukera handiagoa izango du.

Jarduera gehiago

Europako Mugikortasun Jasangarriaren Astea hasteko, igandean, irailaren 16ean, haur eta gaztetxoentzako puzgarriak eta pedalkada pistak jarriko dituzte Alderdi Ederren goiz eta atsaldez. Datorren astelehenean, hilaren 17an 'Errepidetik bizikletan nola ibili' ikastaroa eskainiko da, Teresa de Calcula plazan, 18.00etatik 19.00etara.

Asteartean, irailaren 18an, 'Bizikleta konpontzeko oinarrizko mekanika' ikasteko aukera izango da, toki eta ordu berean, eta, urtero egiten den moduan, 'Donostia Ttipi-ttapa' ekimenari esker, ikasleek Donostian nola mugitu eta orientatu ikasiko dute asteazkenean eta ostegunean, irailaren 19an eta 20an.

Halaber, bidegorrietatik zehar 'roller ibilaldia', Kalapie Txirrindularien Elkarteak antolaturiko bizikleta zaleen merienda, hiriko gazteei zuzenduriko bizikleta martxa, Friday Night Skate Donostiako Roller Gaua eta helduentzako paseoa eta gosari osasungarria dira egingo diren jardueretako batzuk.

Gainera, aste osoan zehar Dbusek ere bat egingo du Mugikortasun Jasangarriaren Astearekin, garraio publikoaren erabilera sustatzeko. Horrela, besteak beste, perching eta mikroantzerkiak antolatuko ditu linea ezberdinetan asteazkenetik ostiralera, eta 'Zurekin edonora' kanpaina abiatuko du, autobusetan elkarbizitza eta errespetua sustatzeko.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos