Jolaste hutsarekin ikastea helburu, Donostiako 14 auzotan ekingo diote Parketarrak ekimenari

Lehen saioak astelehenean izango dira, maiatzaren 13an, Altzan, Morlansen eta Grosen/Urtxintxa
Lehen saioak astelehenean izango dira, maiatzaren 13an, Altzan, Morlansen eta Grosen / Urtxintxa

Egitasmoa adinaren arabera bereizten da, 3-5 urte dituztenentzat, batetik, eta 6-9 urte dituztenentzat bestetik. Urtxintxak dinamizatzen ditu saioak: Gros, Antigua, Altza, Bidebieta, Intxaurrondo, Loiola, Loiolako Erriberak, Amara, Amara Berri, Añorga, Parte Zaharra, Egia, Aiete eta Morlansen gauzatuko dituzte

DVDonostia

'Parketarrak' egitasmoaren helburua da haurrek beraien aisialdian euskara gehiago erabiltzeko baliabideak eskaintzea. Hiriko parke eta jolaslekuetan burutzen dute ekimena, jolaste hutsarekin. Egitasmoa adinaren arabera bereizten da, 3-5 urte dituztenentzat, batetik, eta 6-9 urte dituztenentzat bestetik. Urtxintxak dinamizatzen ditu saioak.

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta auzoetan antolaturiko euskara batzordeek sustatu dute, beste behin, ekimena. Hiriko 14 auzotan antolatuko da aurten, eta lehen saioak astelehenean izango dira, maiatzaren 13an, Altzan, Morlansen eta Grosen. Ekimenaren helburu nagusia da haurrak kalean eta parkeetan jolasean ari direnean euskara erabiltzea.

Urtxintxa eskolak burutuko duen egitasmoa bi programatan banatuta dago: Zabu-zibu, 3-5 urte bitarteko haurrentzakoa eta Txirrintxon, 6-9 urte bitarteko haurrentzat dena. Horrela, egitasmoaren lehen txanda datorren astelehenean hasiko da eta ekainaren 14ra bitartean iraungo du. Donostiako plaza eta parkeetan antolatuko dira jolasak, doan.

Parketarrak egitasmoak «oso harrera ona» izan zuen 2018an. Zabu-Zibu programan 1.515 bat haurrek eta 584 gurasok parte hartu zuten, eta Txirrintxon programan berriz, 1.128 haurrek. Egitasmoaren arrakasta ikusita, aurten beste bi auzotara zabaldu da, Gros eta Antiguara, hain zuzen, eta horrela, guztira 14 auzotan egingo da: Gros, Antigua, Altza, Bidebieta, Intxaurrondo, Loiola, Loiolako Erriberak, Amara, Amara Berri, Añorga, Parte Zaharra, Egia, Aiete eta Morlans.

Helburuetako bat euskara aisialdi eremuetan erabiltzea da, eta horretarako Parketarrak ekimena «oso eraginkorra» dela ikusi dute Euskara Zerbitzuak eta auzoetako euskara batzordeek.

Miren Azkarate Donostiako Udaleko Euskarako zinegotziaren hitzetan, «jolasak lagungarriak dira horretarako, jolasen bitartez hizkuntza lantzen baita batetik eta euskara kalean erabiltzeko ohitura areagotzen da bestetik. Hizkuntzaren erabilera ludikoa lantzen da, hau da, euskaraz jolas egiten ondo pasako dute eta lagunarteko harremanak euskaraz eraikitzeko urrats garrantzitsua izango da», azaldu du.

Bere iritziz, garrantzitsua da haurrek ikustea euskara esparru guztietan erabil dezaketela eta ez dutela nahitaez gaztelaniara jo beharrik jolasteko, behar dituzten esamoldeak edo esaerak aurkitzeko: «Haurrek eta gazteek, sarritan, eskolan edota familian bakarrik erabiltzen dute euskara. Kalean eta aisialdian, berriz, gauzak aldatu egiten dira eta lagunartean komunikatzeko garaian, euskara askoz ere gutxiago erabiltzen dute eta sarritan nahikoa txikitatik hasten da prozesu hori. Joera hori aldatzeko Parketarrak ekimena lagungarria da oso».

Temas

Euskera