Hiritarrak
«Jendearen zailtasun eta ahalmenei zuzenean begiratu nahi diegu»Idoia Artuzamonoa Zurutuza (+'Mango'): Biak lanean gizarte eta hezkuntzan
Villabonako eta Astigarragako ditu gurasoak. Hernanin bizi da eta Lasarte-Orian du 'Xume' izeneko espazioa. Hartu egiten du bertan jendea. Zertarako, zergatik, nola? Ba, esaterako, emakumeak ahalduntze bidean laguntzen saiatzen dira Idoia eta 'Mango'. Tratu txarrak jasan dituztenak bizitza berri bati aurre egitean edo berriro aurrera jarraitzeko bidaide izaten ere bai. Badituzte Idoiak eta 'Mango'k beste eginbehar franko. Adibidez, haurrei beren prozesuetan laguntzen dieten orientabideak helduei ematea. Edo bikoteak banatzen direnean, modu duin eta xuabean egiteko aholkuak luzatzea. Eta seme-alaben tristezia baretzeko ahaleginetan amore ez ematea.
– Jarrai dezagun 'zergatik' eta 'zertarako'tan. Zer dela eta lerroburuan agertzen den 'zuzeneko begirada hori'?
– Jendeak zer behar duen ulertzeko, erantzun bat emateko eta beren garapenarekin jarraitu ahal izateko. Horretan gara 'Mango' eta biok bitartekariak.
«Nerabeak ez dira 'erosoak' gizartearentzak. Ez zaizkigu 'komodoak' egiten. Helduen gabeziak jartzen baitituzte ispiluan»
– Haurrekin bakarrik?
– Ez, baina haurrak eta nerabeak dira proiektu honen protagonista nagusiak. Nik uste, zer behar duten ulertu behar dugu. Guk eta gizarteak. Zertarako? Erantzun bat emateko eta beren garapenarekin jarraitu ahal izateko.
– Beren kabuz?
– Eurek ere ahalegindu behar dute, jakina, baina garapen horretan, familiakoek hartu behar dute esku, haiek baitira zaintzaile eta babes-sare nagusiak. Eta ez bakarrik senideak. Ikastetxez ikastetxe nabil irakasleei formakuntza ematen.
– Formakuntza? Zertan?
– Aldatu da, zaigu, dugu gizartea. Aldatu gaituzte gaur egungo mundu honetako auziek. Gizarte arazo pila berriak dira. Ezezagunak. Munduan, familian, eskolan izateko manerak eraldatu dira. Gizartearen ezinegona ikastoletako, ikastetxetako, korridoreetan islatzen da. Maisu-maistrek ere ahaldundu behar dute. Beren burua prestatu. Irteerak bilatzekoa, gatazkak bideratzeko...
– Ez zara psikologoa, ez da?
– Ez, ez naiz. Gizarte Hezkuntza ikasi nuen. Pertsonekin lan egitea, aurrez aurre artatzea, gustuko izan dudalako beti. Baita ikasketak pagatzeko tabernari jarduten nuenean ere. Ez naiz psikologoa. Eurek egiten dutena lanketa terapeutikoa da eta nik hezkuntza lanketari eusten diot. Hala ere, sarean eta sareturik lan egitea gustuko dudanez, ez dut inolako kezkarik beste profesionalekin batera aritzeko. Denak izan gaitezke beharrezkoak. Denak osagarriak.
– Orain arlo pribatuan jarduten baduzu ere, zerbitzu publikoetan ibili zara luzez.
– Beti agertuko naiz zerbitzu publikoen alde eta defentsan. Beraz, aitortu behar dut kontzientzia gatazka izan nuela pribatura pasatzean baina hemen nago, publikoaren osagarri. Edo publikoa iristen ez den espazio eta jendearengana hubiltzen saiatzen. Nire bizitzari buelta bat eman nahi nion. Eta eman diot. Ba nuen eta badut beste helburu bat.
– Zein?
– Gizarte hezitzaileen lana ezagutzera ematea. Ixila da. Jende gutxik ezagutzen gaitu. Jende askok ikusten gaitu etsai.
– Arerio?? Zergatik!!
– Publikoan nengoela, familia askok hartzen gintuzten beldur, haurrak kenduko zizkiegulakoan. Familia asko gizarteak 'normal'tzat hartzen dituen eskemetatik at badauden arren, horrekin ere egin behar du joko gizarte hezitzaileak. Buruan dituzun koordenadek akaso ez dizute ezertarako balio. Ederra da gure lana, ez ordea erraza. Familien etxeetan eta bizitzan sartzen zara. Mugak disolbitzea lortu behar duzu baina aldi berean, bestelako mugak ezartzea derrigorrezkoa da.
– Zergatik?
– Lotura ezarri behar duzu, haurra seguru sentitu dadin baina era berean, ezin duzu bihurtu haren erreferente bakarra. Haur horren hezkuntzaren eta babesaren protagonista nagusiak senideek, etxekoek, behar dute izan. Ikasi beharko duzu zuk, hezitzaileak, familia guztia babesten bertan eta seguru, umea osatu dadin.
– Zuk esanda, ederra lana. Baita bertan lortutako hori erraz hausten ere bidean. Harrera pisutan eta hainbat udaletxetako zentrotan jardun izan zenuen...
– Eta lagundu ninduen eginbehar latz eta polit hark jendea ez epaitzen. Bai ordea ulertzen eta bidaide izaten.
– Xume zentroan bikoteak, beren buruaren jabe izan nahi duten emakumeak, momentu txar bat eta gero (heriotza baten duelua dela, adibidez) berrosatu behar duen jendea artatzen dituzu. Nerabeak ere. Esanguratsua horien inguruan diozuna, egia 'ezerosoak' izaten zaizkigula?
– Baietz uste dut. Beren baitan ezkutatzen dira eta zaila da beraiengana hurbiltzea baina aldi berean filtrorik gabe hitz egiten dute. Aldaketa izugarriak ari dira jasaten. Fisikoki. sentimenduetan ere. Derrepentean, haien aurrean helduon zailtasun, gabezia, arazo guztiak geratzen dira agerian. Nerabea gure ispilu bihurtzen da. Eta bueltan jasotzen dugun irudia ez da beti atsegina.
– Tematu zara gure solasaldian, 'Mango'k atera behar zuen...
– Biok hartzen dugu jendea Xumen. Haurrak gozoagoa, lasaiago sentitzen dira bera ondoan bada. Eta ez bakarrik haurrak. 'Mango'k helduon tristezia ere antzematen du eta leuntzen badaki, benetan diotsuet.