Gros eta Antiguara zabaldu da 'Parketarrak' ekimena

Gros eta Antiguara zabaldu da 'Parketarrak' ekimena
Urtxintxa Eskola

Haurrek euskaraz jolasteko ekimenaren lehen saioak astelehen honetan bertan egin dituzte Altzan, Morlansen eta Grosen

DVDonostia

Ikasturtearekin batera ekin diote haurrek euskaraz jolasteko ekimenari. Donostiako hamalau auzotan jarri du martxan Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak 'Parketarrak' egitasmoa. Lehen saioak astelehen honetan bertan, irailaren 23an, izan dira Altzan, Morlansen eta Grosen. Ekimenaren helburu nagusia haurrak kalean eta parkeetan jolasean ari direnean euskara erabiltzea da. Eskaintza Gros eta Antiguara zabaldu da aurten.

Urtxintxa eskolak burutzen du egitasmoa. Bi programatan banatuta dago: bata, 'Zabu-zibu', 3 eta 5 urte bitarteko haurrentzat eta beraien familientzat antolaturikoa eta, bestea, 'Txirrintxon', 6 eta 9 urte bitarteko haurrentzat.

Udazken honetako saioak irailaren 23an hasi eta urriaren 31 bitartean egingo dira eta Donostiako plaza eta parkeetan jolasak antolatuko dira. Egitasmo hau doan eskainiko da.

Aurten, lehen aldiz, Antiguan eta Grosen eskaini da Parketarrak egitasmoa eta auzo horietako guraso eta haurrek gustura hartu dute ekimena. Oro har, harrera ona izan du egitasmoak. Maiatza eta ekainean 133 saio antolatu ziren Donostiako hamalau auzotan. 'Zabu-Zibu' programan 175 bat haurrek eta 100 gurasok parte hartu zuten. 'Txirrintxon' programan, berriz, 150 haurrek.

Udazken honetan ere, Grosen eta Antiguan ez ezik, beste 12 auzotako parke eta jolaslekuetan eskainiko da Parketarrak: Altza, Bidebieta, Intxaurrondo, Loiola, Loiolako Erriberak, Amara, Amara Berri, Añorga, Parte Zaharra, Egia, Aiete eta Morlans (bukaerako taulan azaltzen dira udazkeneko txandako egunak eta lekuak).

Euskara batzorde auzotarrak

Ekimena antolatzeko, Donostiako auzo gehienetan euskara batzordeak sortu dira eta plangintza bat aurrera eramaten ari dira euskara sustatzeko auzoan bertan. Plangintza horien helburuetako bat euskara aisialdi eremuetan erabiltzea da eta horretarako 'Parketarrak' ekimena oso eraginkorra dela ikusi dute Euskara Zerbitzuak eta auzoetako euskara batzordeek.

Jon Insausti Kulturako eta Euskarako zinegotziaren hitzetan ekimenaren helburu nagusia familiek eta haurrek parkean euskaraz egitea da: «Jolasak lagungarriak dira horretarako, jolasen bitartez hizkuntza lantzen baita batetik eta euskara kalean erabiltzeko ohitura areagotzen da bestetik. Hizkuntzaren erabilera ludikoa lantzen da, hau da, euskaraz jolas egiten ondo pasako dute eta lagunarteko harremanak euskaraz eraikitzeko urrats garrantzitsua izango da».

Bere hitzetan giltzarri da haurrek ikustea euskara esparru guztietan erabil dezaketela eta ez dutela nahitaez gaztelaniara jo beharrik jolasteko, behar dituzten esamoldeak edo esaerak aurkitzeko: «Haurrek eta gazteek, sarritan, eskolan edota familian bakarrik erabiltzen dute euskara. Kalean berriz, aisialdian, gauzak aldatu egiten dira eta lagunartean komunikatzeko garaian, euskara askoz ere gutxiago erabiltzen dute eta sarritan nahikoa txikitatik hasten da prozesu hori. Joera hori aldatzeko Parketarrak ekimena lagungarria da oso», adierazi du Insaustik.

Temas

Euskera