Galdutako Donostia ezagutzeko azken egunak

Okendo Kultur Etxea/Sara Santos
Okendo Kultur Etxea / Sara Santos

'Galdu genuen hiria' erakusketak 1950etik gaur egunera arte Donostian eraitsi diren eraikinei buruzko dokumentazio grafikoa biltzen du Okendo Kultur Etxean; hilaren 24a bitarte ikusi daiteke

DVDonostia

Hiriak eraldatu egiten dira, ia-ia ezezagun bihurtu arte. Donostiak ere ez zuen itxura bera duela pare bat hamarkada, zer esan XX. mendeko gipuzkoar hiriburuaren inguruan. 'Galdu genuen hiria' erakusketak 1950etik gaur egunera arte Donostian eraitsi diren eraikinei buruzko dokumentazio grafikoa biltzen du Okendo Kultur Etxean. Hilaren 24a bitarte ikusi daiteke.

Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren testuinguruan egin zen lehen aldiz, 2017an, erakusketa. «Ondare arkitektonikoak piztutako interesa esponentzialki hazi da azkenaldian, nortasun kolektiboarekin eta hiriaren irudiarekin lotutako gaia da eta», azaltzen dute antolatzaileek. «Donostiar askok lotura emozionala dute hiriko eraikin historikoekin eta, ondorioz, interes publikoaren eta espektatiba pribatuen arteko talka sortzen da ondare horren kontserbazioaren harira».

Puri-purian dagoen gaia da, Donostiako Hirigintzako eta eraikitako ondarea babesteko Plan Berezia (HEOBPB) berrikustear daudelako eta Udalak, kautelazko neurri gisa, eraisketak etetea adostu duelako.

Testuinguru horretan, egokia zirudien 'Galdu genuen hiria berritzea', beste muntaketa batekin eta edukia gehituz, berriki eraitsitako eraikinak ere sartzeko. Erakusketak bat egingo du Áncora elkarteak argitaratuko duen lanaren prestaketarekin. 300 orrialdetik gorako liburu bat izango da, dokumentazioaren ikerketa zabal batetik abiatuta eta ilustrazio ugari izango ditu.

Bisita gidatua egingo dute abuztuaren 16an, 12:00etan, gazteleraz. Bestela ere, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era ere ikusi daiteke. Larunbatetan, 20:00ak arte. Aste Nagusiak irauten duen bitartean arratsaldez itxita egongo da aretoa.