Hiritarrak
«Etiketek ez naute ni egiten. Nire alde erabiltzen badakit»Julen Gorosabel Ortega | 'Inkognita' bere laburra lasterrean izango da Primeran plataforman
Guapo agertzen da terrazan, soineko beltz luze eta suelto bat jantzita, gerriko poltsa dotoreak gerria estutzen diola. Horixe da Bilboko Zinegoak jaialdiaren itxiera zeremonian ibiliko duen 'look'a. Baita Irungo Harrotasun Egunaren festan ere. Ekainaren 28an, Urguilu Egunean egin genuen topo. Budapesten zer gertatuko den ez daki baina borrokan jarraitzeko abisua dela dio. Harrotasunaren ospakizunetan festaz gain, errebuelta eta autokritikarako beta eta beharra aldarrikatzen ditu. Hainbat jaialditara bidali du 'Inkognita' bere lan hunkigarria bezain erreibindikatzailea. Laster izango da Primeran-en eta herriz herri euskal laburrak eskaintzen dituen biran.
– Nor zaren ez dizut galdetuko. 'Memoria lotsagabeak' sorkuntza lantegian egin zenuen 'Inkognita' horren lehenengo momentutik azaltzen duzu, dudarako zirrikitu bat ere utzi gabe...
– Omendu nahi dudan Vicente Vadillo 'Francis'-ekin nabil ametsezko solasaldian bertan, bai, eta polizia batek Errenterian tiro egin zion hari horrela azaltzen diot nire burua: 'Donostian 90eko hamarkadan, inolako queer erreferenterik gabe hazitako gazte marika bat naiz'. Esango nuke ere ez-binariotzat dudala nire burua. Alta, ez ditut gogoko etiketak. Bueno bai, etiketak gogoko ditut 'fluidoak' direnean. Elkarren artean komunikatzeko tresnak direnean. Ikasten duzunean ez zaituztela egiten, osatzen, definitzen, zure alde erabiltzen gauza zarenean. Tolestuz tolestu, hausten dituzunean. Eta bai 'marika' hitza erreibindikatzen dut. Gure egin dugu. Hain fluidoak diren espazio eta denbora hauetan hitzak aldatzen dira. 'Francis'-ek transformistatzat jotzen zuen bere burua. Baliteke egun bizirik balego, emakume 'trans'tzat jotzea. Baina momentu hartan transformista zen. Baditut drag queen-ak diren lagunak kezkarik gabe 'trabesti' hitza darabiltenak. 'Inkognita' sortu nuen Tabakaleraren lantegi hartako helburua zein, pelikularen kredituetan azaltzen da garbi, hor bildu ginenok 'gure queer memoria ber-apropiatzea' saiatzen ginen. Hizkuntza aldetik ere.
«Hiltzear zaudela, zure bizitzatik hainbat gauza aldatuko zenituela pentsatuko duzu, seguru. Ba alda itzazu orain, sasoian zaudela. Denbora bueltarik ez duen istantea da»
– Hitanoaren kasua aipatuko didazu orain?
– Jakina. Oinatiko Idoia Etxeberriak, Zirhika eta Badihardugu elkartetako kideak, Hikadromo bat animatu zuen Durangoko azokan. Bildu ziren asko hikaz hitz egiten. Euskaraldian ere bultzatu zuten hitanoaren erabilera. Jada ez da 'itsusia' edo 'errespeturik gabea'. Badira alde eta kontrako iritziak genero normatibo bakoitzak bere era duelako bertan baina emakume franko, marika ugari eta ez-binario makina bat hasi gara gure artean nokaz hizketan.
– Zure burua azaltzen, arazorik ez. Zure ofizioaz aritzeko traba handiagoa duzu, ordea.
– Hedabideetan egiten dut behar, beraz, kazetaria edo naizela esan genezake baina liburu bat idatzi dudanez, idazlea naizela pentsatuko dute askok. Gidoigintzan burutu nuen masterra eta idatzi izan ditut gidoiak beraz, gidoigilea naiz. Dokumentalak eta 'Inkognita' sortu ditut, beraz... zinegilea naiz. Berriro etiketen asuntoa. Berriro, sistema kapitalistaren zama. Badirudi produzitzen ez baduzu, ezer ez zarela...
– DBHko zure tutoreak eta Donostiako Esoterismoaren saloian kartak bota zizkizun sorginak bat etorri ziren zure etorkizunaz.
– Idatzi egin behar nuela esan zidaten nire mentoreek Letren eta Zientzien artean aukeratu behar nuen egunetan. Sorginak, berriz, amodiozko desengainu handia izango nuela, atzerrira joango nintzela eta idatzi egingo nuela esan zidan. Dena bete zen. Eta hemen nago. Etiketak nire alde erabiltzen.
– Egia al da argitaletxe potente zenbaitek uko egin ziotela zure 'Maitemina' kontakizuna kaleratzeari gaizki idatzita zela argudiatuz? Eta ez zen gaizki idatzia baizik eta... euskalkietan!
– Hotza egiten zitzaidan batua han kontatu nahi eta behar nuen horretarako. Orrialdetan zehar nire amarekin duela gutxira arte izan dudan harreman gatazkatsuan murgiltzen nintzen (nire amaren izena Maite da) eta, hori abiapuntutzat hartuta, geroago harreman horrek nire lehenengo mutil-lagunarekin izan nuen harremanean nola eragin zidan adierazten nuen. Derrigor behar nituen euskalkiak, testua mamitsua, benetakoa, aberatsagoa egiteko. Ezezkoa(k) jaso ondoren autoekoiztea erabaki nuen. Artista naiz. Eta artistek ezinbestean egin behar dugu artea. Pribilegio bat baita. Beraz, bai, autoeditatu nuen. Ondo saldu da 'Maitemina'; harrera ezin hobeagorik egin diote leku eta plaza guztietan.
– Esan duzu 'Urguilua'-n nahi dituzula festa eta autokritika.
– Biak bai. Festa bai. Borroka ere. Bai kanpoari begira bai gure buruari ere. Ahaztu barik Harrotasunaren jatorria, 1969ko Stonewalleko gertaerak, non Greewich Village osoa kalera atera zen libertatea aldarrikatuz.
– Eta autokritika, zertan, zertaz?
– Ba esaterako, LGTBI letra horien artean oraindik ere pisu handiena duena 'G' delako. Grindr aplikazioan oraindik ere agertzen diren gorputzak normatiboak (muskulatuak, depilatuak..) direlako. Autokritika jakinaren izanda, gu aurretik izan zirenek lortutakoa defendatu eta babestu behar dugula. Tinko. Irmo.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.