Borrar
Victoria Eugenia antzokian egin zioten argazkia Sambouri. FLORO AZQUETA
«Erreferente bihurtu nahi dut. Ardura gogorra? Polita ere»

Hiritarrak | Sambou Diaby

«Erreferente bihurtu nahi dut. Ardura gogorra? Polita ere»

90 aldiz da oholtzara igoa. Borroka latza du bere pertsonaiak 'Faisaien Irla'-n

Begoña del Teso

San Sebastián

Martes, 22 de abril 2025, 08:27

Aste Santuko larunbatean 'Faisaien Irla' filmaren zuzendaria Asier Urbietak eta Sambou Diaby aktoreak gonbidatuak hartu zituzten Bidasoa erdian kokatua den uhartean. Astebete lehenago, Sambou Legazpin zegoen, han Amets Arzallusek eta Ibrahim Baldek sorturiko 'Miñan' kontakizunean oinarria duen antzezlana bitan jarriko baitzuten; goizean ikastetxetako ikasleentzat eta arratsean beste jendearentzat. Senegaldarrak ditu Mamadou eta Sire gurasoak, Iruñean jaio eta Zumaian hazi eta bizi den Sambouk. 'Faisaien Irla' filmak Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia ireki zuen.

– Eta zer da zuretzat erreferente izatea?

– Nahi dut erakutsi eta frogatu posiblea dela, ahal dela. Ezinezkoa ez dela. Bai kanpotik etorritakoei, bai hemen jaio arren sustraiak beste nonbait duten horiei nahi diet azaldu nora iritsi naizen ni. Eta nora iritsiko naizen, bidea baita luzea eta ez dut amore emango.

«Euskaraz egiten badut euskalduna naiz. Eta kito. Akabo beste galdera-erantzun guztiak. Bai jendearenak bai nire buruari egin izan dizkiodanak ere»

– Besteentzako eredu izateak dakarren erantzukizunak ez omen zaitu beldurtzen.

– Ez. Ez dut uste zama nekosorik izango denik. Prest nago. Uste dut gazteek, neke handiak pasata honaino heldu direnek edo gurasoak kanpokoak izanik eta euskaldunak izan arren, oraindik nongoak diren galdetzen dieten horiek, nik kasik ez nuen erreferentziazko jendea izan behar dutela. Berriro diotsuet, ikus nazaten eta ulertu ni hemen banago, oholtza gainean, kamera aurrean, beraiek zergatik ez?

– Nola hasi zinen zu? Gogoan dut Zarauzko errugbi taldean ibili zinela. Gogoan zaitut Go!azen ETBko saioetan.

– Hegala nintzen sorbalda lesionatu arte. Go!azen-en figurante moduan sartu nintzen eta hantxe, telebistako platoan, kamerak pizturik zirela, bertako giroa ikusita, han izateak eragiten zidan zirrara sumaturik, hori zela nik egin nahi nuena erabaki nuen. Eta horretarako lehen pausoak eman.

– Ez ziren pauso makalak: Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean (TAEn) hasi zinen trebatzen. Jo zenuen gero Madril aldera eta hantxe 'La joven compañia'-n eta 'Estudio V'-n sartu zenituen ordu franko. Zertan?

– 'La joven compañia'-n aktoreen entrenamendua zuten helburu nagusia. Benetako entrenamenduak, fisikoak, zure gorputzaz baliatu ahal izateko. 'Estudio V'-n, berriz, kamera aurrean antzezteko gauza izateko prestatzen zintuzten, prestatzen zinen. Ezin ahaztu ordea Africa Moment-en jaso nuen eskarmentu izugarria.

– Zer ba?

– Kamerungo Angel Fulla artista eta bioarkitektoak sorturiko ekimena da, Afrikako senari, sormenari, musikari, dantzei, nortasunari, kulturari, ondasun artistikoari bide ematen diona, Euro/Mendebaldeko zentrismotik ihes eginik. Afrikako diaspora osoa ere hartzen du kontuan. Lehengo aldiz nire bizitzan sartu nintzen gizaki zuririk ez zegoen esparru artistiko batean. Lehengo aldiz, ez nintzen 'arraroa', 'kanpokoa', 'bestea'. Asko ikasi nuen aktore eta dantzari moduan, bai, baina haratagoko esperientzia izan zen niretzat. Osatuagoa atera nintzen handik. Osatuagoa pertsona bezala.

– Zein zentzutan?

– Gurasoak senegaldarrak dituen Iruñean jaio eta Zumaian hazitako beltza bezala errekonozitu nuen nire burua. Akabo galderak.

– Zein galdera?

– Nireak eta besteenak. Ez dira beharrezkoak, sobran daude. Badakit nor naizen. Badakit euskaraz egiten dudanez euskalduna naizela. Beste definizio/azalpen guztiek ez naute kezkatzen. Afrikan ditut erroak eta tauletan zein kamera aurrean erronka.

– Kontatu duzun Africa Momenten jasotako barne eta kanpoko eskolak balio zizun 'Miñan' antzezlaneko Mamadou pertsonaia osatzeko? Susak argitaraturiko kontakizun horretan. Ibrahimak ahots eta Ametsek letraz osatu dute bakarra izan arren, unibertsala bihurtzen den bizitza bat, Mediterraneoa zeharkatu zuen Mamadourena.

– Africa Momenten sentitu nuen hark lagundu zidan, bai, Mamadouren bizipenak azaldu ahal izateko. Nik nobelan agertzen dena, basamortua gurutzatu; pasatzaile, polizia, bahitzaileen topo egin, egarria, mina, Mediterraneoa zeharkatzeak dakarren oinazea ez ditut bizi. Bai ordea aitak. Bera izan da nire inspirazioa. Intuitiboa naiz oso nire pertsonaiak osatzen. Baita 'Altsasu' eta 'Itxaso' telesailetakoak ere. Beste aldetik, 'Miñan' antzezlanarekin daramagun bidea zoragarria da, herri guztietan egiten ditugu emanaldiak, jendea emozionatzen da eta ikastetxetako ikasleek neurria hartzen didate aktore.

– Zergatik?

– Ikastolan landuta dute testua. Ezagutzen dute beraz lana, hortik arazorik ez baina badakizu nolakoak diren gazteak, bat hasten bada builan, besteak elkartu; bat aspertzen bada... akabo. Zuk behar duzu atentzioa eta emozioa gal ez ditzaten lortu.

– Jendeak dio Jone Laspiur protagonista bada ere, zure pertsonaiak sostengatzen duela 'Faisaien Irla' pelikula.

– Izenaz landara, asko du nigandik Asierrek eta Andoni de Carlos gidoigileak sorturiko Sambouk. Nik sentitutako mila kontu.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Erreferente bihurtu nahi dut. Ardura gogorra? Polita ere»