Emakumeen musika urbanoa, Intxaurrondon

La Furia, artxiboko irudian/Usoz
La Furia, artxiboko irudian / Usoz

La Basu, Anier, La Furia eta Audrey Funken musika entzuteko aukera eskainiko du Urban Femme jaialdiak, martxoaren 16an

Martxoan helduko da Donostiako Intxaurrondo auzora Urban Femme festibala. 'Musika urbanoa' delakoa egiten duten emakumeak ikusarazteko sortu dute, eta hain zuzen, lau dira taularatuko diren artistak: La Basu, Anier, La Furia eta Audrey Funk. Martxoaren 16an, 19:00etan, hitzartu dute zita auzoko Kultur Etxean.

Donostia Kultura eta Lady Red Management promotorak antolatu dute jaialdia. Asmoa da urtean zehar beste euskal hiri batzuetara eramatea ekimena, kontzertuez gain, tailer, masterclass eta hitzaldiak ere antolatuz.

Donostian izango diren artisten artetik, bik elkarrekin lan egin berri dute. Izan ere, La Furiak Korrikako kantan parte hartu du aurten, Fermin Muguruzarekin batera. Trap, dancehall eta hip-hop doinuak eta euskal tradiziokoak nahasten dira abestian, Fermin Muguruzak ohikoa duen estiloan.

Bestalde, La Basuk Enkore eta Bad Sound System-en tankerako taldeekin egin du lan, eta baita Muguruzarekin ere, Euskaraldiaren kantan. Anier Bartzelonatik bertaratuko da jaialdira. Rap estiloan nabarmentzen da 21 urteko gaztea.

Audry Funk mexikarra da laukoa osatuko duen azkena. Alika, Violadores del Verso edota Mala Rodríguezekin lan egindakoa da. Musika erabiltzen du Pueblan, bizi den lekuan, droga menpekotasunaren edota indarkeriaren inguruan kontzientzia sortzeko.

Temas

Euskera