Ehun langile baino gehiago ariko dira hiria garbitzeko lanetan Aste Nagusian

Donsotiako Alde Zaharra, Aste Nagusian/Guilermo Rivas
Donsotiako Alde Zaharra, Aste Nagusian / Guilermo Rivas

Lantaldeak buru belarri ariko dira goizeko lehen ordutik, baita arratsaldez ere, kontzertu inguruetan, suetan eta hondartzetan. Batez ere jende asko dabilen lekuetan

Jaiak dibertigarriak dira, ondo pasatzeko aitzakia, kezkarik ez izateko unea. Jaiak gauza asko dira, baina normalean ez dira izaten gauza garbia. Izan litezke, baina ez da kasua. Plastikozko edalontzi, kristalezko botilak eta askotariko hondakinak orokorrean izaten dira biharamunean geratu ohi diren festetako arrastoak. Donostiako Aste Nagusian ehun lagun inguru ariko dira gabiketa lanak burutzen.

Miguel Ángel Díez Bide Publikoetako zinegotziak esan duenez, ahalegin «handia» egiten da zortzi eguneko jai horiek sortzen dituzten beharrei erantzuteko, «kontuan hartuta, gainera, bisitari ugari datozela eta jai esparru asko daudela, milaka pertsona biltzen dituztenak. Gure helburua da bai jaiak berak bai hainbeste jende egoteak Donostian sortzen duten inpaktua minimizatzea eta Donostia baldintza onetan uztea, eguneko jardun arrunta normaltasunez gauzatu dadin».

Lantaldeak buru belarri ariko dira goizeko lehen ordutik, baita arratsaldez ere, kontzertu inguruetan, suetan eta hondartzetan. Batez ere jende asko dabilen lekuetan.

Zerbitzu bereziak

Goizaldeko 05:00etan hasiko dira garbitzen Parte Zaharra eta hiri Erdialdea, 33 langile eta 30 lanabes mekaniko erabilita: tanga ibilgailuak, ekortzeko makinak, urez jotzeko eskorgak, espaloia garbitzekoak, hondakinei putz egitekoak eta beste batzuk.

Parte Zaharra urez jo ondoren, 06:45etik aurrera lanak indartuko dira, langile eta makina gehiago jarrita, zaborra jaso eta ingurua txukuntzeko. Erdialdea San Martin kaletik Boulevarderaino txukunduko dute tanga kamioiek eta erraztatzaile mekanikoek. Ustez, 7 bat ordu iraungo du goizeko garbiketa horrek.

Pasealeku Berriak ere izango du garbiketa zerbitzu berezi hori, feria dagoen aldean, Salamanca pasealekutik Aldamar kaleraino. 10 langilek eta 13 tresna mekanikok txukunduko dute eta egoera onean utziko aldea. Pilatutako hondakinak jasoko dituzte, batez ere feria aldean, non egun batzuk lehenago zurezko babes bat jarriko dioten barandari, paperak itsasora ez erortzeko.

Gros auzoan jai giroa ere nabarmena da, batez ere Saguesen, han izaten baitira kontzertuak eta txosnak. 14 langile eta 15 tresna mekaniko ariko dira alde osoa egoera onean uzten, batez ere alde horretara, hondartza bat izateagatik, jende asko elkartzen delako egunero. Gaueko kontzertuengatik, txosnengatik, Zurriola hiribidean edaritegi asko egoteagatik edo Kursaalen izaten diren musika saioen ondorioz, Kursaal da horrelako egunetan zabor gehien sortzen duen aldeetako bat. Ustez, 5 bat ordu iraungo du goizeko garbiketak alderdi horretan.

San Martin-Urbieta-Amara Zaharra-Zubieta-San Bartolome inguruko garbiketak 3 bat ordu iraungo ditu. Aste Nagusiko arratsalde guztietan, Kontxa, Alderdi Eder, Boulevard, Parte Zaharra, Elkano, Gipuzkoa plaza eta Zurriola pasealekuaren arteko ardatzean, 14 langileko talde berezi bat jardungo da.

Kai ingurua ere bai

Inguru horretan jai jarduera handia izaten da, piratek antolaturiko ekitaldiengatik. 06:30ean hasiko dira txukuntzen 8 langileko taldea, 10 tresna baliatuta.

Azkenik, bi garbialdi izaten dira su festaren ondorioz. Egunez, su bildumetarako mugatutako aldea txukuntzen dute 5 langilek 7 tresna mekanikoz lagunduta, 4 bat orduan. Gauean, suak jaurti ondoren, beste garbialdi berezi bat izaten dute 4 langilek. Gauero, bi ordu ematen dituzte lan horretan.

Aste Nagusia amaitu ondoren, igandean, kontu handiz txukuntzen dute Aste Nagusiko gau guztietan suak jaurtitzeko erabilitako aldea. Tamarizen artean geratzen diren hondakin eta elementu pirotekniko guztiak kentzen dituzte, bai eta txukundu ere suak jaurtitzeko erabilitako Kontxako baranda tartea, haur jolastokia eta inguruko hiri altzariak. 19 langilek eta 20 tresna mekanikok egiten dute lan hori, hiru orduz. 13:00etan, amaitzen dutenean, oinezkoen joan etorrietako zabaltzen dute, betiko moduan.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos