Donostiako 31. Antzerki Topaketak hastera doaz: 11 antzezlan aurkeztuko dituzte euskaraz

Topaketen aurkezpeneko irudia /Donostiako Udala
Topaketen aurkezpeneko irudia / Donostiako Udala

14 eta 30 urte bitarteko 200 gazte inguru igoko dira Antzoki Zaharreko, Gazteszenako, Lugaritzeko eta Kutxa Kultur Klubeko agertokietan

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Donostiako Antzerki Topaketaren 31. edizioan 18 antzezlan aurkeztuko dira, horietako 11 euskaraz, hiriko hainbat espaziotan. Hala, 14 eta 30 urte bitarteko 200 gazte inguru igoko dira Antzoki Zaharreko, Gazteszenako, Lugaritzeko eta Kutxa Kultur Klubeko agertokietara, eta euren obrak profesionalek bezala antzeztuko dituzte, asteartetik, maiatzaren 21etik, ekainaren 22ra.

Topaketa Donostia Gazteriak antolatzen du, Donostia Kulturaren eta Kutxa Kulturren laguntzarekin, eta helburua da gazteria eta antzerkiaren arteko harremana sustatzea, antzezle edota publiko izateko aukera baitute emanaldietan. Era berean, gazteriaren artean kultura ekitaldietara joateko ohitura bultzatu nahi da, bai eta haien sortzaile gaitasuna ere. Gainera, parte hartzaileen kultur ekoizpenaren berri ematen da, antolatzaileen hedapen kanalei eta espresuki topaketetarako sortutako materialei esker.

Horren harira, ekoizpen propioak nahiz klasikoak ikusi ahal izango dira, eta balorazioaz Nerea Gorriti, Esti Curiel eta Ander Azurmendi antzezleak arduratuko dira. Sari banaketa ekainaren 22an izango da, 12:00etan, Kutxa Kultur Plazan.

Sarreren prezioari dagokionez, 3 eurokoa izango da: Antzoki Zaharreko, Gazteszenako eta Lugaritzeko antzerki lanak ikusteko sarrerak Donostia Kulturako webgunean erosi daitezke, bai eta obra bakoitza antzeztuko den espazioaren leihatilan ere. Kutxa Kultur Klubeko emanaldien sarrerak egunean bertan erosi ahal izango dira Tabakalerako leihatilan.

Askotariko parte hartzaileak

Parte hartzaile gehienak donostiarrak badira ere, kanpokoak ere badaude, esaterako, Oiartzun, Pasaia, Bilbo, Iruñea eta Madrilgoak. Honako hauek dira talde parte hartzaileak: La Rata Indiako bi talde, Zurriola Antzerki Eskolako hiru talde, Tantara Teatro, Santo Tomas Lizeoko bi talde, Teatro en la Chácena, Langosta Kuadrilla, Trikiñuela, Binahi Akademyko bi talde, Hamaika Buelta Antzerki Taldea, Txiribuelta, Zaskanduri, Katramila eta Barrexerka.

Bi kategoria bereizten dira adinaren arabera: Junior kategoria (taldekideek 14-18 urte izan behar dute) eta Senior kategoria (taldekideek 18 -30 urte artean izan behar dute). Kategoria bakoitzean bederatzi talde arituko dira lehian.

Aurtengo topaketen irudiaren egilea Maitane Aranburu izan da, Usandizaga BHI Goi mailako Publizitate zikloan egindako irudi lehiaketaren irabazlea, hain zuzen.

Temas

Euskera