Donostiako lau agertokitan 18 lan antzeztuko dituzte gazte antzerki topaketetan

Ander Azurmendi, Nerea Gorriti eta Esti Curiel antzezleak arduratuko dira lanen balorazioa egiteaz /
Ander Azurmendi, Nerea Gorriti eta Esti Curiel antzezleak arduratuko dira lanen balorazioa egiteaz

Prest daude parte hartzaileak Antzoki Zaharreko, Gazteszenako, Lugaritzeko eta Kutxa Kultur Klubeko agertokietan lanak ikusleei aurkezteko

DVDonostia

Donostiako lau agertokitan 18 lan antzeztuko dituzte, ekoizpen propio nahiz klasikoak. Guztira, 200 gazte inguruk hartuko dute parte, maiatzaren 21etik ekainaren 22ra, Donostiako 31. Antzerki Topaketan. Egitarau osoa eskuragarri dago sarean.

Hala, 14 eta 30 urte bitarteko gazteak igoko dira Antzoki Zaharreko, Gazteszenako, Lugaritzeko eta Kutxa Kultur Klubeko agertokietara, eta euren obrak profesionalek bezala antzeztuko dituzte «gazteria eta antzerkiaren arteko harremana sustatzeko» helburua duten jardunaldiotan; izan ere, antzezle edota publiko izateko aukera dute emanaldietan.

Era berean, gazteriaren artean kultura ekitaldietara joateko ohitura bultzatu nahi da, baita haien sortzaile gaitasuna ere. Horrez gain, parte hartzaileen kultur ekoizpenaren berri ematen da, antolatzaileen hedapen kanalei eta espresuki topaketetarako sortutako materialei esker. Topaketa Donostia Gazteriak antolatzen du, Donostia Kultura eta Kutxa Kulturren laguntzarekin.

Horren harira, ekoizpen propioak nahiz klasikoak ikusi ahal izango dira; eta, balorazioaz Nerea Gorriti, Esti Curiel eta Ander Azurmendi antzezleak arduratuko dira. Sari banaketa ekainaren 22an izango da, 12:00etan, Kutxa Kultur Plazan.

Guztira, 18 taldek eman dute izena jarduenaldietan. Gehienak donostiarrak badira ere, Oiartzun, Pasaia, Bilbo, Iruñea eta Madrilekoek ere eman dute izena. La Rata Indiako bi talde, Zurriola Antzerki Eskolako hiru talde, Tantara Teatro, Santo Tomas Lizeoko bi talde, Teatro en la Chácena, Langosta Kuadrilla, Trikiñuela, Binahi Akademyko bi talde, Hamaika Buelta Antzerki Taldea, Txiribuelta, Zaskanduri, Katramila eta Barrexerka taldeek hartuko dute parte.

18 antzerki lanen artean 11 euskaraz izango dira eta 7 gaztelaniaz. Halaber, bi kategoria bereiziko dira adinaren arabera. Junior kategorian taldekideek 14-18 urte artean izan behar dute, eta senior kategorian, 18 eta 30 urte artean.

Sarreren prezioari dagokionez, 3 eurokoa izango da: Antzoki Zaharreko, Gazteszenako eta Lugaritzeko antzerki lanak ikusteko sarrerak Donostia Kulturako webgunean erosi daitezke, maiatzaren 17tik aurrera; baita obra bakoitza antzeztuko den espazioaren leihatilan ere.

Antzezlanaren prestaketan sortutako gastuen konpentsazioaz gain, formakuntza espezifikoa eskainiko zaie kategoria bakoitzeko irabazleei. Bestalde, antzezlan guztiak bideoz grabatuko ditu profesional batek, eta talde bakoitzari bere antzezlanaren bideo kopia bat banatuko zaio. Aurten, antzezlan bakoitzak bere kartel propioa izango du horren sustapena egiteko.

Temas

Euskera