Cristina Enea 'Gladys-enea' deitzen zenekoa

Donostiarrek Cristina Enea 'Gladys-enea' izendatu zuteneko irudia/Diario Vasco
Donostiarrek Cristina Enea 'Gladys-enea' izendatu zuteneko irudia / Diario Vasco

Udalak ofizialki inoiz onartu ez badu ere, 'Gladys-enea' deitura ere jaso du Egiako parkeak; aurten, bertako fundazioaren urteurrenaren harira, bisita gidatu teatralizatuak egingo dituzte bertan, besteak beste

DVDonostia

Hamar urte bete ditu aurten Cristina Enea Fundazioak, eta urteurrenaren harira, urte osoan zehar hainbat eta hainbat jarduera berezi antolatuko ditu bere ohiko programaziotik harago. Txema Hernandez fundazioko zuzendariak Eneko Goia Donostiako Alkate eta fundazioko presidenteak nabarmendu dute, ekitaldi horien aurkezpenean, Cristina Enea «hiriak duen altxor bat dela» eta ingurumenaren zaintza eta sentsibilizazioari egiten dion «ekarpen itzela» azpimarratu dute.

Naturarekiko ardura hori islatzen duen beste datu bat ere ezkutatzen du parkeak bere izenaren atzean. Cristina Enea ez da Egia auzoko txoko horren deitura bakarra; Gladys-enea deitura ere jaso du bizilagun askoren aldetik, Udalak ofizialki inoiz onartu ez badu ere.

Gladys del Estal Ferreño donostiar ekintzaile ekologista izan zen, Tuteran egiten ari zen protesta antinuklear batean Guardia zibil batek tiroz erail zuen arte. 23 urte zituen, eta oraindik ere, 40 urte geroago, mugimendu antinuklearraren ikurra izaten jarraitzen du Euskal Herrian.

Fundazioaren urteurrena ospatzeko antolatutako ekimenen artean izango da irailean egingo diren bisita treatalizatu sorta. Publiko orokorrari bideratutakoak izango dira, parkearen historiaren xehetasunak azaltzeko, espresuki horietarako landuko den gidoi bereziarekin.

Parkean, hain zuzen, Gladysen omenezko hilarri bat dago, eta Gladysen heriotzaren urteurrenean, oroitzapen ekitaldiak burutu izan dira urteen joan etorrian. Oraindik ere Euskal Herriko mugimendu antinuklearraren sinboloa da Gladys del Estal. 2009 urtean, Donostiako Udalak Cristina Enean oinezkoentzat eraikitako sarbide bat 'Gladys del Estal pasabidea' izendatu zuen.

Gizarte-ekintzaile aktiboa zen del Estal, eta besteak beste, Egiako Kolektibo Ekologista taldeko kidea zen, baita Talde Antinuklearrekoa eta etxegintza-espekulazioaren aurka aritzen zen Hirigintza eta Ingurumen Batzordekoa ere. Informatika ikasitakoa eta irakasle aritutakoa, Bardeetako tiro eremuaren aurka, energia nuklearraren aurka eta Lemoizko zentral nuklearraren eraikuntza geldiarazteko Tuteran burututako ekitaldian erail zuen José Martínez Salas guardia Zibilak. Hemezortzi hilabeteko espetxealdira kondenatu zuten, ez zuena osorik bete. Espainiako meritu militarraren domina eman zioten 1992. urtean.

Jarduera gehiago

Azken 10 urteotan ia 370.000 lagunek hartu dute parte Cristina Enea Fundazioak antolatutako jarduera eta ekimenetan. Azken 10 urteetan fundazioarekin modu batean edo bestean kolaboratu duten elkarte eta eragile horiekin festa bat izango da ekainaren 21ean Cristina Enea parkean. Musika talde batek zuzenean eskainitako emanaldiak lagunduko du jaia.

Abenduan, fundazioaren ibilbidean zehar udalean izan diren ordezkariekin eta patronatuan izan diren kideekin festa instituzionala egingo da, hilaren 14an, Cristina Enea Fundazioaren sorrera zehazten duen egun berean. Ekintza protokolarioa eta instituzionala izango da.

Temas

Euskera