Hiritarrak
Aintzane Gamiz, Marta Altolaguirre
«Bikoiztailerik onena? Aktorea dena; ñabartu egiten du pertsonaia»Bihar estreinatuko da 'Dekoratua' filma; eurek zuzendu dute bikoizketa
Aste pare bat Bilbon, Gasteizen eta Iruñean gaztelaniaz estreinatu bazuten ere, bihar dauka egun preziatua Donostian Alberto Vazquezen 'Dekoratua'k, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 36. Asteak euskarazko bertsioan eskainiko baitu, lehenbizikoz. Antzoki Zaharrean. 19.30ean. Balentria izugarria burutu dute bertan lan nekoso eta ederrean ibilitako guztiek. Bikoizketaren zuzendariek, Zarautzeko Noise Estudioko primerako soinu adituek, pantailaren aurrean ahotsa(k) jarriz denbora luzea eman duten aktoreek eta testua euskaratu duen Iraitz Urkulok. Horretaz guztiaz, bizitzaz ere, jardun genuen Marga Altolaguirrek Txingurri pasealekuan duen arte eszenikoetarako laborategian. Aintzane Gamiz, Egian bizi den legazpiarra, lanetik zetorren. Gizarte hezkuntza ikasita, gatazka bitartekaria da ofizioz. Antzezteari (itzalean bada ere) utzi gabe.
Publicidad
– Marga, zuk artista, zuzendari, idazle, abeslari eta ikertzaile moduan aurkezten duzu zure burua, eta zuk, Aintzane?
– 'Goenkale' harrobiko aktorea nauzue. Hainbat telesailetan agertu nintzen. Pelikula pare batean ere. Konturatu nintzen baina ez nuela nire burua horrenbeste erakutsi, ikusgai jarri nahi. Ezin ordea antzezpenarekiko grina, pasioa, egarria baztertu eta bikoizketan bilatu nuen aterpe. Jarraitzen duzu aktorea izaten... zure intimitatea gordez. Ez zaude plazan. Oso kontent nago, esaterako, 'One Piece' telesail animezkoan egindako lanarekin.
– Bertan 'Nami' neska pirata izan zinen, 'Katu-lapurra' izengoitiaz ezagutua. Japonieraz Wakana Yamazaki eta Akemi Okamura aktoreek jartzen zioten ahotsa.
– Horretaz ari garela, ezinbestekoa zait esatea bikoiztaileak errespetu osoa zor diola eta gorde behar diola jatorrizko aktoreari; bere ahotsari, bere azentuari, bere doinuari, bere ñabardura guztiei. Jakin behar ere, ahotsarekin jokatuz pertsonaia bakoitzari ahots ezberdina jartzen.
– Aktorea izanda ere, ahots bakarra duzu, arranopola!
– Ba, duzun horrekin jokatzen ikasi. Izugarri gustatzen zait Bruce Willis gaztelaniaz bikoizten duena baina beste pertsonaiak bikoizten dituenean jarraitzen du Bruce Willis izaten. 'Dekoratua'n Gregorio nagusiarena egiten duen Iñaki Beraetxek, berriz, ez du bertan erabiltzen 'Shrek'en edo 'Izotz Aroa'n jarri zuen tonu bera. Ezta, jakina, 'Kukuaren kabiaren gainean hegan' hartan Jack Nicholson izan zenekoa ere.
Aktore onenak behar genituen. Alberto Vazquezen pertsonaiek beti eboluzionatzen dute, beti aldatzen dute aldartez»«Guk uste, zinema, pelikulak, bikoizketa tresna bikainak dira 'euskara jalgi adi plazara!' leloari eutsi ahal izateko»
– Benetako aktoreak bildu dituzue Noise Studioko aretoetan 'Dekoratua' euskaraz jartzeko.
– Hobeak. Beraetxe gaindi, Asier Hormaza, Mikel Garmendia, Kandido Uranga, Joxe Felipe Auzmendi...Onenak behar genituen. Alberto Vazquezen pertsonaiek beti eboluzionatzen dute, beti aldatzen dute aldartez. Orain zoriontsuak dira kasik. Orain Patu zikinaren mende daude... Are gehiago, aktore batzuek pertsonaia bat baino gehiagori jarri diote ahotsa. Guk barne. Ni (Marga) Maria protagonista izateaz aparte, Arnoldi zuriak eta beltzak esaten dizkion usoa (kotxe batek zapalduko duena) naiz. Kariño berezia diot demonio batekin txortan ibiltzen den sirena tristatuari.
Publicidad
– Gaztelaniazko bikoizketaz ere arduratu zarete. Zein izan da bietan abiapuntua, prozedura?
– 'Sangre de unicornio', 'Psiconautas' edo 'Unicorn Wars' bezalako lanen egilea den Alberto Vazquezek pelikula pasatu zigun. Bere ustez eta nahiaz pertsonaiek behar zuten ahotsa berak jarrita zuten lehengo bidalketa hortan...
– Ahotsen zirriborroa dirudi...
– Halako zerbait. Harrapatu behar gero guk pertsonaia, 'eraiki' kasik. Albertok emandako pistekin ñabardurak aurkitu. Ederki zekien berak zer nolako kreaturak ziren. Guk, berriz, haien ahotsak bilatu ondoren, egokituko zitzaion aktorea aukeratu behar.
Publicidad
– Zerk juntatu zintuzten? Beharrezkoak ziren bi bikoizketa zuzendari?
– Hain ziren handiak pertsonaiek jasango zituzten gorabeherak, animo aldaketak, hain ziren izaki beteak eta oparoak nortasunez ezen nik (Aintzane) sentitu nuen dramaturgian eta aktoreen zuzendaritzan eskarmentu eta dohaina zuen norbait behar nuela ondoan: Marga. Pentsa ere bi bertsioak egin behar genituela, euskarazkoa eta gaztelaniazkoa.... Biak oso ezberdinak, hizkuntza baldintza eta ezaugarrietan ere.
– Izugarri ona eta benetakoa deritzot Iraitz Urkulok egindako itzulpena. Ez da harritzekoa, idazle fina, kritikari zorrotza, filosofo interesgarria dugu eta.
– Poztu da jende franko euskararen maila ederra ikusten. Guk uste, zinema, pelikulak, bikoizketa tresna bikainak dira 'euskara jalgi adi plazara!' leloari eutsi ahal izateko. Euskara bizia, euskalkietan zein batuan oinarritua. Pertsonaia bakoitzaren nortasuna finkatzen, azaltzen duen hizkuntza erreala. Hitzek 'bribazioa' eragiten digute barrenetan. Eta bribazio horiek garena egiten gaituzte.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión