Begirada feministadun erakusketa ibiltariak Donostian egin du geldiunea

Begirada feministadun erakusketa ibiltariak Donostian egin du geldiunea

Emakumeen Etxeen Sareak antolatuta egin dute emakumeen sormena eta produkzio artistiko feminista bultzatzeko sortutako erakusketa. 15 lanek osatzen dute, eta Ermua, Eibar, Basauri, Azpeitia, Donostia, Arrasate eta Ondarroan ikusi ahal izango da aurten

Emakumeen sormena eta produkzio artistiko feminista bultzatzeko sortu zuten Artestura Feministak lehiaketa, artisten lana ikusarazi eta aintzat hartzera bultzatzeko. Aurkeztutako lanekin erakusketa antolatu dute orain, Okendo Kultur Etxean dagoena ikusgai urriaren 11 bitarte.

Artista emakumeak ezagutzera emateko erakusketan, artea lanbide daukatenak eta beste obibide bat daukatenak bilduko dituzte horrela. Erakusketa ibiltari bat egingo dute eta sareko emakumeen etxe guztietatik pasatuko da. Aurkezten diren lanen artean kalitate artistikorik handieneko lanak aukeratu dituzte, eta aintzat hartu dituzte Emakumeen Etxeen Sarearen filosofia eta helburuak ondoen agertzen dituztenak.

Emakumeen Etxeen Sarea 2016an sortu zen batera lan egiteko, proiektua ikusgarri egiteko eta efektu traktore bat lortzeko udalerri mailan. Kide diren udalerrien artean daude Arrasateko Emakume Txokoa, Azpeitiko Emakumeen Txokoa, Basauriko Marienea, Donostiako Emakumeen Etxea, Durangoko Andragunea, Eibarko Andretxea, Ermuko Emakumeen Topalekua eta Ondarroako Etxelila Emakumin Topalekua.

Lanak aurkezteko epea 2017ko irailaren 29an bukatu zen eta, guztira, 61 lan aurkeztu zituzten: Basaurin 21, Donostian 14, Durangon 15, Eibarren 4, Ermuan 3, Arrasaten 2, Azpeitian 1 eta Ondarroan 1.

Lanak saritzeko kontuan hartu dituzte makumeen etxeen nortasuna eta baloreak adieraztea, komunikatu eta transmititzeko balio edo ahalmena, feminismoaren aldarrikapenekin bat egitea, lan proposamenaren originaltasuna eta berrikuntza. Epaimahaian hiru berdintasun teknikarik, bi arte adituk eta emakumeen mugimenduko eta mugimendu feministako bi ordezkarik hartu dute parte.

Lehiaketaren ondorioa da erakusketa ibiltaria. Sareak iaz antolatutako Artestura Feministak lehiaketan aukeratutako 15 arte lanek osatu dute erakusketa. Erakusketa Durangon hasi zen, eta Ermua, Eibar, Basauri, Azpeitia, Donostia, Arrasate eta Ondarroan ikusi ahal izango da aurten.

Temas

Euskera