Bazkari, txaranga, jolas, kontzertu eta DJak Aste Nagusi Piratan

Astelehenean, abuztuaren 12an, Donostia abordatuko dute/J. M. Lopez
Astelehenean, abuztuaren 12an, Donostia abordatuko dute / J. M. Lopez

Askotariko adin eta jarduerak gustuko dituztenentzako egitaraua prestatu dute, txupinazoarekin hasi eta Irrikitaldiarekin bukatu arte. Besteak beste, Pal Piso hirukotea osatzen duten Flaca, Alvva eta Brava DJak izango dira entzungai

DVDonostia

Donostiako Piratek prest dute abuztuaren 10etik 18ra bitartean Aste Nagusia ospatzeko egitaraua. Txupinazoarekin hasi eta Irrikitaldiarekin bukatu arte, egitarau zabala eskainiko diete bertaratutakoei. Kontzertu gune nagusian musika estilo ugari izango dira entzungai: rock-a, oi! soinuak, rap-a, ska… Gainera, punta-puntako hiru emakume DJ izango dira oholtza gainean: Pal Piso hirukotea osatzen dute Flaca, Alvva eta Brava DJek.

Askotariko adin eta jarduerak gustuko dituztenentzako egitaraua, hala ere, ohiko helburu berarekin prestatu dute: «donostiarrei jai herrikoi, euskaldun eta parekideez gozatzeko aukera eskaintzea». 'Kortsarioen Donostian, izan pirata!' lelopean, herritarrei ahalduntzeko deia egin nahi diete: kortsario horien aurka egin, zapi beltza jantzi eta pirata bilakatzeko deia, hain zuzen.

Kortsarioak diru truke saldu ziren pirata edo sakeadoreak izan ziren. XVI. eta XIX. mendeen artean, Europako herrialde askok «erreplesalia gutunak» edo «kortso agiriak» banatu zizkieten euren kapitainei, erregimenaren izenean eta haren mesedetan sakeatzen ibiltzeko, soldatapean. «Era batera edo bestera horrek indarrean jarraitzen duela» salatu nahi dute horrela.

Horren erakusle dira, azaldu dute, «urtez urte, piratok gure Aste Nagusia antolatzeko pairatu behar ditugun oztopo eta zailtasunak. Kaiko lanak izan ziren iaz, eta tasa handiak aurrekoan. Edonola ere, Eusko Jaurlaritzak urtero izaten du arrazoiren bat piraton lana oztopatzeko. Aurten, jaigunearen antolaketa izan da. Arrazoi zehatzik eman gabe, Jaurlaritzatik erabaki dute Flamenka gunean ez dela kontzertu gehiagorik egingo, egitaraua eta jaigunea guztiz berrantolatzera behartu gaituzte, oso epe laburrean. Horrek ordura arteko plan guztiak baztertzera, egindako lana ahaztera, eta azken momentuan buru-belarri jaigune berri bat diseinatzen hastera behartu gaitu», salatu dute.

Berrikuntza ugari

Aurtengo egitarauari dagokionez, aurreko urteetako ildo beretik jarraituko dute. Egunean zehar askotariko bazkariak, txarangak, ekintzak eta jolasak izango dira; gauez, berriz, musika eskaintza zabala. Aurten ere, hiru musika proposamen ezberdin izango dira gauero: kontzertuak, DJak eta Trinitate enparantzako afari musikatuak.

Aurtengo berrikuntza nagusietako bat Karramarro Uhartea irratsaioa izango da. Bertan, Aste Nagusi Piratako nondik norakoak kontatuko dituzte, eta sare sozialetara podcast moduan igo.

Urteroko klasikoari dagokionez, astelehenean, hilaren 12an, Donostia abordatuko dute. Izen ematea zabaldu da jada, piraten webgunean. Aurten, gainera, abordatzeko baltsa politenak saria izango du. Egun horretan bazkari herrikoia izango dute, baita ere.

Aurtengo bigarren berrikuntza handia hilaren 14an izango da, asteazkenean. Egun horretan, Kofradien eguna izango da. Egun osoan zehar, kofradia ezberdinetako piratak Flamenkan bilduko dira, eta jolasak, bazkaria eta abar izango dira.

Horrez gain, aste guztian zehar, Donostiako Piratak osatzen dituzten kofradia guztiek egitarau propioa izango dute. Donostiako hainbat auzo eta guneetara jai giroa eramango dute horrela.

Temas

Euskera