Azken hizketaldi bat heriotzaren inguruan, erakusketa amaitu aurretik

Erakusketa Donostiako San Telmo museoan dago ikusgai/Jose Usoz
Erakusketa Donostiako San Telmo museoan dago ikusgai / Jose Usoz

Zahartzaroari buruzko mahai-ingurua egingo dute 'Heriotza. Ante la muerte' erakusketaren harira antolatutako jarduera eskaintza ixteko; hilaren 25ean, gainera, erakusketa bisita gidatuarekin ikusteko aukera izango da

DVDonostia

'Heriotza. Ante la muerte' erakusketara amaitzear da. Maiatzaren 26a izango da ikusteko azken eguna. Maiatzaren 19ra arteko datuen arabera, erakusketak, guztira, 16.000 bisitatik gora izan ditu. Zahartzaroari buruzko mahai-ingurua egingo dute jarduera eskaintza ixteko.

Erakusketa zabaldu zenetik museoak jarduera ugari antolatu ditu heriotzaz ikuspegi eta errealitate ezberdinetatik hitz egiteko helburuarekin. Aste honetan izango da horien artean azkena, hilaren 23an, 19:00etan. Zahartzaroari buruz arituko dira, zientziaren eta filosofiaren ikuspegitik, Antonio Diéguez eta María Blasco, '¿Futuro sin envejecimiento ni muerte? Conversación entre ciencia y filosofía' hizketaldian, gaztelaniaz.

Erakusketaren helburua da, alde batetik, gizakiak heriotzari aurre egiteko izan dituen eta dituen moduen berri ematea, eta, bestetik, heriotzaren inguruko tabua haustea. Horretarako, erakusketa sei ataletan antolatuta dago, jarrera horiek kontuan hartzen dituztenak: Irudikatu, Beldurra, Errituak, Zentzua bilatzea, Heriotzatik itzultzea eta Utopiak. Horiek jorratzeko, munduko kultur ezberdinetan jatorria duten askotariko objektuak daude: errituekin, sinesmenekin edo ohiturekin lotutakoak, argazkiak, dokumentuak, ikus-entzunezkoak, koadroak eta komikiak, besteak beste.

Zienziaren eta filosofiaren arteko elkarrizketa bat izango da ostegunekoa, zientziaren eta teknologiaren aldetik zer motatako aurrerapausoak espero ditzakegun ulertzekoa. María Blascoren eta haren taldearen ikerketak zahartzearen kausak aztertzen ditu, bereziki telomeroen laburtzea, eta horrek gaixotasunarekin duen harremana. Transhumanismoak heriotzarik gabeko etorkizun bati buruz egindako promesak aztertzeaz arduratzen da Antonio Diéguez filosofoa.

Horrez gain, erakusketa bisita gidatuarekin ikusteko aukerak egongo dira aste honetan: asteartean eta larunbatean, 11:00etan euskaraz eta 18:00etan gaztelaniaz. Bisita gidatuak doakoak dira, museoko sarrera eskuratuta.

Temas

Euskera