«Akabo mitoa, ez da ezinbestekoa hemendik aldentzea artea sortzeko»
Olatz Ovejero Alfonso | Euskal emakume zinegileen genealogia trazatu nahi duen doktoregaia
Argazkia, amak aterata, Barañaingo Señorio de Eulzako familiaren etxean. Maia Luisa Elio idazle eta zinemagilearen izena duen udal liburutegia ez da oso urrun. Baziren beste lokalizazio egokiak irudirako. Zumaian, bertakoa baitu bikotekidea, Zumarragan edo Urretxun, bertan baitira gurasoen erroak; Bartzelonan, hantxe ikasi zuelako Teoria i Pràctica del Documental Creatiu. Donostian, Elias Querejeta Zine Eskola gurean izateak bihurtzen baitu, bere esanetan, hiri hau zinemagintzan murgildu nahi dutenentzako muin, helmuga, amets.
– Zorionak
– Zer ba?
– Donostiako Zinemaldiaren data bertsuetan, Bilboko Ikus-entzunezko Langile Festibalean ikusgai izango baita zure, zuen 'A cambio de tu vida' film laburra. Ibilbide polita izan du, azaroan Zinebin estreinatu eta gero; Huesca, Bartzelona, Verin eta Cerdanya bezalako hainbat zine festa eta elkarretaratze korritu eta korrituko ditu. .
– Esker aunitz. Bai, ez da hala moduzko plana dudana, duguna, irailako azken astebururako. Bilbon izango naiz Clara López, Aurora Báez eta Sebastián Ramírez nire UABeko ikaskideekin batera egindako lan horrekin; egingo dut salto gero Donostiara, Zinemaldiaren azken emanaldi batzuekin gozatu ahal izateko (bertan jardun izan dut Gazteen Epamahaian eta praktiketan Komunikazio sailean...) eta gero, hala bedi, ea arrimatzerik dugun, 27an Loiolako Basilikan izango den Imanol Rayoren 'Iñigo' irudi eta soinuaren atrebentzia eta balentria horren estreinaldira. Ordu batzuk libre izatekotan, Donostiako Mapa Verde edo Tedone jatetxeak ezagutu nahiko nuke. Begetarianoa naiz. Azpeitiako Mendizabalen onddoak baino hoberik, zer?
– Alta, iraila bukatu orduko, lanera beharko duzu buelta. Iruñako UNAVen Ikus-Entzunezko Komunikazioan lizentziatua, doktoretzari ekin behAr diozu. Zertaz?
– Euskal emakume zinegileen genealogia trazatu nahi dut. Zor diegu, nik uste. Beraiei eta etorkizunezko zinegile/zalei ere. Bizitza, sormena, lan eta kirolaren munduetan gertatzen den bezala, erreferentziarik gabe gabiltza emakumeok zinema kontuetan.Nire aburuz, Virginiak gela bat norberarena aldarrikatzen zuen bezala, guk erreferente sorta gurea exijitu behar dugu. Baina guk ez badugu sortzen, nork egingo du?
– Askotan, gizarteak enziklopediak baino abiadura biziagoan egiten du aurrera. Futbola maite duten neskek Hope Solo, Pernile Harder, Jenni Hermoso edo Amaiur Sarriegiren posterrak badituzte, dagoeneko. Oskarra irabazi zuen Clhoe Zhaok. Eta Canneseko urrea Julia Ducournauk
– Lortutako horri guztiari heldu behar diogu baina esnetan bizi garela ezin dugu pentsatu. Korpus bat behar dugu eraiki. Zergatik inork ez zidan esan Wanda Jakubowska, Alice Guy ,Lotte Reiniger bezalako emakume zinegileak existizen zirenik? Zergatik ez nuen Maria Luisa Elioren berririk izan, Barañaingo Liburutegian margotua zen erretratua aurrez aurre izan arte?
– Niri pena ikaragarria eragiten dit jakiteak aipatu emakume horiek jaso zutela, beren garaian, merezitako aitortza, sariak eta txaloak. Beraz, beste motako galdera beharko genuke akaso...
– Esaterako, nork ezabatu zituen bere izenak, bere lanak Historia eta enziklopedietatik? Zergatik ukatu digute guri ezagutzeko beta? Badakizu Garcia Marquezek Maria Luisa Eliori eskaini ziola 'Cien años de soledad', berari kontatzen ziolako aurretik gero idatziko zuena? Badakizu duda bat zuenero, telefonoa hartzen zuela Gabok eta galdetu egiten ziola Maria Luisari? Eta kasik inork ez du horren berri. Zergatik?
– Ez, ez dakit... ez baitakit, barka, Maria Luisa Elio nor den.
– Argazki horretako gure balkoitik familiarena zen bere landetxea ikusten dut nik. Erortzeko zorian da. Alde behar izan zuten gerra zibila zela eta. Frantziatik pasa ondoren, kostata, iritsi ziren Mexikora. Bueltatu zen behin Iruñera baina samin osoz konturatu zen, eta hala izkiriatu ere bai, itzultzea joatea dela. Ez baituzu zure memorian gordeta zenuenetatik ezer aurkitzen. Ezta inor ere. Idatzi zituen 'Tiempo de llorar' (Turner argitaldetxeak berreskuratu zuen 2.001ean) edo 'Cuadernos de apuntes en carne viva'. Niri biziki interesatzen zait 'En el balcón vacío'ren misterioa.
– ??!!
– Senarra izan zuen Jomi Garcia Ascot, deserrira joan ziren horietako beste bat. Zinezale amorratua, Mexikon 1962an, gero Locarnoko zinemaldian sari potoloa irabaziko zuen 'En el balcon vacio' filmatu zuen, Maria Luisak gidoia idatzita. Maria Luisa agertzen da aktore (badago oso kopia ona ikusgai interneten).Muntaketan ere ibilia zela ez da sekretua baina orain aztertu, ikertu behar dena zera, da zuzendu ote zuen berak?
– Lan mardula gure gain hartu behar dugun hori guztia...
– Osatuko dugu, ordea. Badira, esaterako, Informatikan zein Farmazian dabiltzan emakume apartak. Nahi dute, etsenplu, euskal hiztegi birtualek ez dezaten 'erizain' 'enfermera' itzuli eta 'mediku', 'médico' (maskulinoz). Nahi dute botikenerabili- orrien hizkera aldatu. Eta nahi dut nik hemendik sortu, aztertu, filmatu. Euskaraz. Munduan barna ibili eta zabaltzeko. Baina hemendik. Ni hemen geratuko naiz. Kameraz.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.