Hamaika auzotara helduko da aurten ere 'Parketarrak' egitasmoa

Artxiboko argazkian, 'Parketarrak' ekimenaren baitako saioa Martutenen./
Artxiboko argazkian, 'Parketarrak' ekimenaren baitako saioa Martutenen.

2016an 2.000 bat haurrek parte hartu zuten jolas orduetan eskararen erabilera sustatu nahi duen ekimen honetan

EL DIARIO VASCO

Udaleko Euskara Zerbitzuaren eta auzoetan antolaturiko euskara batzordeen elkarlanaren ondorioz, 'Parketarrak' egitasmoa Donostiako hamaika auzotan antolatuko da 2017an ere. 'Parketarrak' ekimenaren helburu nagusia haurrak kalean eta parkeetan jolasean ari direnean euskara erabiltzea da. Urtxintxa eskolak aurrera eramango duen egitasmo hau bi programatan banatuta dago: bata, Zabu-zibu, 3-5 urte bitarteko haurrentzat eta beraien familientzat antolaturikoa eta, bestea, 'Txirrintxon, 6-9 urte bitarteko haurrentzat. Horrela, egitasmo honen lehen txandak martxoaren 6an hasi eta martxoaren 31ra bitartean iraungo du eta Donostiako plaza eta parke anitzetan jolasak antolatuko dira. Egitasmo hau doan eskainiko da.

Hiru txanda

Horrela, urte osoan zehar, hiru txanda edo ekinalditan banatuta, aipatutako Donostiako hamaika auzotan eramango da aurrera ekimena: martxoan, maiatzean eta urrian. Txanda bakoitzak lau saio izango ditu (astero bat), 3-5 urte bitarteko haurrentzat bata eta lau 6-9 urtekoentzat bestea. Bukaerako taulan azaltzen dira lehenengo txandako egunak eta lekuak.

Donostiako alkate Eneko Goiak aurkeztu zuen ekimena asteartean, Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan, bilera horretan erabaki baitzen kontratua luzatzea Urtxintxa Aisialdiko Eskola-Gipuzkoa enpresari.

Goiaren hitzetan, ekimenaren helburu nagusia familiek eta haurrek parkean euskaraz egitea da: «Jolasak lagungarriak dira horretarako, jolasen bitartez hizkuntza lantzen baita batetik eta euskara kalean erabiltzeko ohitura areagotzen da bestetik. Hizkuntzaren erabilera ludikoa lantzen da, hau da, euskaraz jolas egiten ondo pasako dute eta lagunarteko harremanak euskaraz eraikitzeko urrats garrantzitsua izango da». Haren ustez, giltzarri da haurrek ikustea euskara esparru guztietan erabil dezaketela eta ez dutela nahitaez gaztelerara jo beharrik jolasteko, behar dituzten esamoldeak edo esaerak aurkitzeko: «Haurrek eta gazteek, sarritan, eskolan edota familian bakarrik erabiltzen dute euskara. Kalean berriz, aisialdian, gauzak aldatu egiten dira eta lagunartean komunikatzeko garaian, euskara askoz ere gutxiago erabiltzen dute eta sarritan nahikoa txikitatik hasten da prozesu hori. Joera hori aldatzeko Parketarrak ekimena lagungarria da oso» adierazi du Donostiako alkateak.