Amarapediaren lehen QR kodea, Aita Donostia plazan

Tanda honetako azken kodea Iesu elizan jarriko da. /
Tanda honetako azken kodea Iesu elizan jarriko da.

Larunbat honetan jarriko da, Ikasbide Elkarteak antolatutako jaien barruan

EL DIARIO VASCO

Amarapedia Amara auzoa eta Wikipedia uztartzen dituen egitasmoa da, auzoari buruzko ezagutza bildu eta bultzatu nahi duena. 2015ean abiatu zen, Olatu Talka jaialdian, Donostia Kultura, DSS2016, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzua eta wikilari ezberdinen eskutik, Ernest Lluch Kultur Etxeak koordinatuta.

Berez, Amarapedia Ernest Lluch Kultur Etxeak, eta bereziki bere liburutegiak, indarrean duen Amarauna proiektuaren lan-ildoetako bat da. Proiektu honek Amarako iragana eta orainaren ezagutza indartzea, auzoarekin zerikusia duten gaien inguruko eztabaida bultzatzea eta eragile ezberdinen arteko harremanak sendotzea du helburu.

Amarapedia arnas luzeagoko Donostiapedia egitasmoaren abiapuntu ere izan da. 2016 urtean Europako Kultur Hiriburuak eta Wikipediaren hamabosgarren urteurrenak bat egiten dutela aitzakia hartuta, Wikipedia-hiri bihurtuko baita Donostia, Amaran auzo gisa landutakoa hiri osora zabalduz.

Amarapediaren helburu nagusia Wikipedian Amarari buruzko artikuluak sortzea da, ahalik eta hizkuntza gehienetan, baina bereziki euskaraz, Amarapediak euskal Wikipedia indartu nahi baitu ere. Artikuluak wikilari ezberdinek eta kultur etxeko liburutegiak sortuko dituzte.

Gaur egun Amarapedia 113 artikuluk osatzen dute (hauetako 80 2015eko Olatu Talka jaialdian sortu ziren). Euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta baita katalanez, txekieraz, norbegieraz edota polonieraz aurkitu daitezke artikuluak sorta honetan. Hizkuntza gehien dituen artikulua Urumea ibaiarena da: 12.

Amarapediak QR kodeak ere erabiliko ditu, kaleko gune ezberdinetan kokatuko direnak. Horri esker, telefono adimentsuek hainbat hizkuntzatan izango dute sarbidea Amarari buruzko Wikipediako artikuluetara (eraikinak, pertsonaiak, kaleak, eskulturak, ekipamenduak, zubiak, elizak, plazak, kirola, liburuak...). Modu honetan, auzoa 'wikitzen' joateaz gain, amaratarren artean egitasmoa ikusgarri egin nahi da, haien partaidetza proiektuaren ardatz nagusietako bat baita.

Uda honetan jarriko dira lehen QR kodeak, eta horretarako Amarako jai ezberdinek aukera bikaina eskaintzen dute auzotarren aurrean egitasmoa aukezteko. Gainera, lehen QR hauen jartzea jarduera ezberdinekin lagunduko da, auzoko jai ezberdinen programa aberastuz eta unearen izakera parte-hartzailea azpimarratuz.

Aurreneko QR kodea Ikasbide Kultur Elkarteak San Juan egunaren inguruan antolatzen dituen jaiekin batera kokatuko da, Aita Donostia Plazan (Karmelo Ikastetxearen aurrean), larunbat honetan, ekainak 18, 20:00etan. Ekitaldian, Esther Barandiaranek Aita Donostiaren piezak interpretatuko ditu pianoan eta Javier Sistiagak Gabriel Celayaren poemak irakurriko ditu gaztelaniaz eta euskaraz.

Ondoren etorriko dira Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainia (uztailak 16), Amara Zaharreko Osasun Iturria (uztailak 28-29) eta Iesu Eliza (irailak 17).