Arrauna

Unai Etxepare: «Lehenengo taldera iristeko gogor entrenatzen ari naiz»

Unai Etxepare gaztea, entrenamendu bat burutzen duen bitartean/UNCITI
Unai Etxepare gaztea, entrenamendu bat burutzen duen bitartean / UNCITI

Unai Etxepare hondarribiar gaztea aurten hainbat alditan selekzioarekin nazioarteko probetan lehiatu da, Europako Copa de la Juventud txapelketan brontzea lortuz

IZASKUN SALGADO

Unai Etxepare (2001eko azaroaren 10a) arraunlari hondarribiarrak ilusioz gainezka ekin dio estreinekoz senior mailan egingo duen denboraldi berri honi. Bere bizitzakourte hoberena burutzetik datorrela aitortzen du, eta horrek, bere taldeak, Hondarribia Arraun Elkarteak, irabazitako Kontxako banderarekin batera, indar gehiago ematen dio bere ametsetako bat betetzen saiatzeko: lehengo taldera heltzea. Plazer handia da bere eskutik arraunera pixka bat gerturatzea eta bere kirolarekiko duen pasioa ikustea.

–Nola hasi zinen arraunean?

–Hasieran futbolean aritzen nintzen, baina ez modu serioan, udaran ibiltzen nintzen. Trainerua telebistan ikusten nuenez eta gainera aita arraunean ibilia denez, arraunean probatzea erabaki genuen udarako kurtso batean. Geroz eta gehiago gustatzen zitzaidan eta alebinetan sartu nintzen klubean.

–Banku mobilean lehiatzen zara, beste motarik probatu al duzu?

–Aurten jubeniletan traineruarekin proba bat egin dugu, baina hori izan da egin dudan gauza bakarra, bestela banku mobilean ibili naiz beti.

–Denboraldi honetan mailaz aldatuko duzu, seniorrekin arituko zara, banku mobilean jarraituko duzu?

–Bai, hori gustatuko litzaidake behintzat. Urte asko daramat bertan arraunean beraz pena handia emango lidake guztiz uztea. Ahal badut, nire intentzioa banku mobilarekin jarraitzea da eta gutxinaka trainerurantz joatea, hori baita hurrengo denboraldietan egingo dudana eta ohitura hartzen joateko.

–Zer da zure kiroletik gehien eta gutxien gustuko duzuna?

–Gutxien gustatzen zaidana da etxean ikasten egotea, adibidez, eta entrenatzera joan behar izatea, edo lagunekin egoteko denbora gutxi izatea, esfortzu handia behar duen kirol bat baita. Eta gehien gustatzen zaidana bote batean arraunean egiteko behar den adiskidetasuna da. Azken finean emaitzetan bakoitzak egiten duen lanak eragina dauka, eta denek gure %100-a eman behar dugu gauzak ondo joan daitezen.

–Zenbat entrenatzen duzu?

–Astean 6 egunetan entrenatzen naiz. Klubera 17.30-18.00rak inguru iritsi eta gaueko bederatziak arte ez naiz etxera ailegatzen.

–Oso exigentea da bai fisikoki eta bai buru aldetik, ezta?

–Bai, inolako zalantzarik gabe. Bai fisikoki eta bai buru aldetik sakrifizio handia eskatzen du. Askotan pentsatzen dut 'talde honi nire hitza eman diot eta dena eman behar dut', azkenean konpromiso bat eskatzen du. Gainera, oso garrantzitsua da burua hotz edukitzea. Kasu batzuetan oso beharrezkoa da, buruari bueltak ez emateko, daramazun palada erritmoa mantentzeko… Gauza asko kontrolatu behar dira.

–Taldean arraunean aritzean, suposatzen dut oso garrantzitsua dela elkarren artean ondo ezagutzea eta harreman ona izatea…

–Bai, botearen barruan oso garrantzitsua da giro ona egotea, zurekin doan pertsona ezagutu, bere arraunean aritzeko modua ere ezagutu eta bere momentu onak eta txarrak zeintzuk diren jakitea.

–Nolakoa izaten da zuen denboraldia?

–Jubeniletan irailaren 12an hasten gara entrenamenduekin eta gabonak aldera bi estropada egiten ditugu maila ikusteko asmoarekin. Gero ligako estropadak iristen dira eta martxoa aldera frantziara joaten gara hainbat probatan lehiatzera. Gero urteko proba garrantzitsuenak iristen dira, barnean estatu mailako txapelketa dagoelarik.

–Zer balantze egiten duzu aurreko denboralditik?

Nire ustez, aurrekoa, zalantzarik gabe, nire denboraldirik hoberena izan da. Bai fisikoki eta bai buru aldetik oso indartsu aritu naiz, eta oso emaitza onak lortu ditut.

–Selekzioarekin ere lehiatzen zara, zer suposatzen du horrek zuretzat?

–Selekzioak hainbat elkarretaratze ezberdin egiten ditu bere boteak osatzen joateko. Niri Aste Santuan deitu zidaten eta bertan Europara joango ziren boteak eratzen ziren. Mutilezkoen timonelik gabeko laukotean sartu ninduten eta zazpigarren postua lortu genuen. Hortik aurrera geroz eta gehiago entrenatu dut, gehien bat ez estankatzeko. Nire klubarekin espainiako txapelketara joan nintzen eta irabazi egin genuen. Bertan enteratu nintzen selekzioak berriro ere deitu ninduela, 'Copa de la juventud'-en parte hartzeko. Oso polita izan zen, gainera bikote bezala klubeko beste arraunlari bat deitu zuten eta oso berezia izan zen, bertan hirugarren postua bereganatu genuen.

«Selekzioak deitzea oso polita da; egiten duzun lan ona balioan jartzen du horrek» unai etxepare, arraunlaria

«Kirol gogorra da hau, bai fisikoki bai buru aldetik indartsu egon behar zara»

«Herriaren egun handian Kontxako bandera irabaztea izugarria izan zen»

–Suposatzen dut oso polita izango dela selekzioak zure lana jarraitu eta aintzat hartzen duela ikustea, ezta?

–Dudarik gabe, gutxinaka ikusten duzu neguan zehar egindako lan gogor horrek bere emaitzak ematen dituela. Askotan zurekin eta zure kontra ere lan egin behar duzu, askotan pentsatzen duzulako ezin duzula gehiago, baina beti zertxobait gehiago ematen saiatzen zara. Horrek emaitzak ekartzen dituela ikustea oso garrantzitsua da.

–Deialdi horiek Sevillan izaten dira?

–Bai, normalean bai, baina aurten desberdina izan zen. Taldekako espainiako txapelketan geundela enteratu nintzen selekzioaren deiaz. Autobusean sartu nintzen sevillara gindoazela pentsatuz eta bertan enteratu nintzen galiziara gindoazelaz (azaltzen du barrezka).

–Nolakoak izaten dira deialdiak?

–Oso gogorrak, niri behintzat oso gogorrak egin zaizkit. Egokitzeko lehenengo asteak zailak dira. Goizean zortziterdiak edo bederatziak inguru uretan egoten ginen jada serieak egiten. Ondoren gimnasiora joan eta pisu serieak egiten genituen. Arratsaldean, bazkaldu eta pixka bat deskantsatu ondoren seietarako uretara itzultzen ginen beste serie batzuk egiteko.

–Nola antolatzen zara ikasketak aurrera eramateko hainbeste entrenamendu eta txapelketarekin?

–Iaz zailagoa egin zitzaidan batxilergoko bigarren kurtsoa. Arraunean aukera politak nituela ikusten nuen eta geroz eta esfortzu handiagoa egiten nuen, gero etxera ailegatu eta ikasten jartzea oso gogorra zen. Baina azken finean ondo antolatu behar da duzun denbora librea, gauzak aurreragotik preparatzen hasi.

–Etorkizunari begira: zein helburu dituzu?

–Lehenengo taldera iristea gustatuko litzaidake. Urtero kluba bere lorpenak handituz doa eta horietako parte izatea gustatuko litzaidake. Nire ametsa? Hondarribiko edozein arraunlarirena bezala, Kontxako bandera irabaztea. Bestela Liga edo Zarautzekoa bezalako bandera garrantzitsuak irabaztea gustatuko litzaidake. Baina, gaur egun, nire helburua lehenengo taldera iristea izango litzateke.

–Azken galdera hau derrigorrezkoa da, arraunlaria eta hondarribiarra izanik, eta gainera irailaren 8a herriko egun nagusia izanda, nola bizi izan zenuen Kontxako bandera?

–Ahaztezina izan zen, kale nagusia negarrez igo nuen. Bertan nire klubak irabazitako bandera ikustea, eta arraunlari guztiek, ezagutzen zaituztelako eta konfiantza dagoelako, zu agurtzea oso polita izan zen. 'Zapateroa' jaistea eta arraunlari batek ni heltzea eta nirekin jaistea ere izugarria izan zen, oso berezia.