Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketa abian Argi Berri elkartearen eskutik

Bertsozaleak deituta daude 16 garren deialdian parte harzteko

Jose Lizaso eta Lazkao Txiki aurrez aurre./
Jose Lizaso eta Lazkao Txiki aurrez aurre.

ORDIZIA. DV. Bertsolaritza goraka ari dela baieztatzean, gogoz datorkigu Argi Berri Elkartea, Lazkao Txiki bertsopaper lehiaketaren 16. deialdiarekin. «Duela urte batzuk pentsatzen ez genituen pauso eta urrats berriak eman dira bertsolaritzaren inguruan», diote. «Bertsolaritza eta bertso-zaletasuna parez pare doaz aurrera eta hala behar, batek bestearen beharra baitu aurrera egitekotan».

«Guk ere, hasi ginenean ez genuen pentsatzen gauzek hain bide bizkorra eraman behar zutenik. Joxe Mielen babesa bilatu genuen, bera baitzen une hartan Goierriko bertsolaririk ezagunena. Esan ere halaxe genioen hasi berri hartan: 'Izan ere Lazkao Txiki izan da eta da oraindik bertsolaritzaren ispilu eta eredu paregabea goierritarrontzat eta berak eta beraren lanak azaltzen dizkie ongien gaurko gazteei bertsolaritzaren itzal-argiak'».

Lehiaketa hiru mailatan banatzen da: Gaztetxoen maila: 13 urte artekoentzat (2007an 14 betetzen ez dituztenentzat). Gazteen maila: 14-18 urte artekoentzat (2007an gutxienez 14 eta gehienez 18 urte betetzen dituztenentzat). Helduen maila: 1988an edo aurretik jaiotakoentzat.

Lanak: Gaztetxoen mailan, parte hartzaile bakoitzak nahi adina bertsopaper bidal ditzake. Bertsopaper bakoitzeko idatzi beharreko bertsoak gutxienez 2 eta gehienez 4 izango dira. Gazte eta Helduen mailetan, berriz, parte hartzaile bakoitzak nahi adina bertsopaper bidal ditzake. Bertsopaper bakoitzeko idatzi beharreko bertsoak gutxienez 8 eta gehienez 12 izango dira.

Baldintzak

Gaztetxoen mailan, neurria eta doinua libreak izango dira, ez ordea gaia: 'Goierriko Bertso Eskolak 25 urte' izango da eta. Gazte eta helduen mailetan, berriz, gaia, neurria eta doinua bezala, librea izango da, bakoitzaren aukerakoa.

Lanak helbide honetara bidali beharko dira: Argi Berri Elkartea (Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketa), Gipuzkoa Kalea 15-behea, 20240 Ordizia, uztailaren 1aren aurretik.

Guztiek bete beharreko baldintzak dira bertsoek jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izatea.

Lanak bidaltzerakoan originala eta lau kopia bidaliko dira. Lanak izenordez bakarrik sinatuko dira.

Izenorde hori bertso sortaren barrenean jartzea hobeto. Eta izenordearekin bakarrik bidaliko zaizkie. Izenorde horrek guztiz ezezaguna izan behar du.

Beste gutunazal batean, izenordearekin batera bidaliko zaizkie beste xehetasun guztiak: egilearen izenordea eta izena, etabar. Karnetaren kopia bidaltzea gomendagarria da.

Bertsoak, ordenadore edo makinaz idatzirik bidaltzea eskatzen da. Bertso bakoitzari bere ordena-zenbakia jarriko zaio.

Ezinbestekoa da, bestalde, bertso sorta bakoitzaren doinua izenburuaren ondoan zehaztea.

Sariak: Gaztetxoentzako, lehenengoak 200 euro lortuko du, bigarrenak 100 eta hirugarrenak, 50. Gazteen kasuan, aurrenak 300 euro, bigarrenak 200 eta hirugarrenak 100. Eta helduen artean, irabazleak 500 euro, bigarreanak 400 eta hirugarrenak 300. Sari banaketa irailaren 9an egingo da, Euskal Jaien barruan.

Informazio gehiago nahi izanez gero, deitu telefono honetara: 649/011262 (Aitor).

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos