«Herri bizia eta bizigarria egitea da gure helburua»

«Guk gobernua hartzen badugu, herritaren partehartze erreala eta herritarrek informazio osoa izango dutela ziurtatzen dugu»

AINHOA MANCISIDOR
Aintzane Ezenarro./
Aintzane Ezenarro.

Miren Aintzane Ezenarro Egurbide Aralar-Independienteak taldeko hautagaia da Getariako alkatetzarako. Bi umeren ama, lanbidez kazetaria, Kazetaritzan eta Zientzia Politikoetan lizentziatua, Getariako Udalean zinegotzi da azken legealdi honetan eta parlamentaria Eusko Legebiltzarrean.

- Zeintzuk dira zuen programaren ardatz nagusiak?

- Herri bizi eta bizigarria egitea da gure helburua. Horretarako lehentasuna, herritarrentzat etxebizitza eskuragarriak lehen bait lehen egitea da. Azken lau urtean EAJ-Eako gobernuak ez du ezer egin, gai honetan atzerapena izugarria da. Bestalde, herri biziak kultur azpiegitura gutxienekoak izatea eskatzen du eta Balentziaga Museoaren eraikinaren zati bat herriko kultur etxea egiteko erabiltzera bideratuko dugu.

- Zeintzuk dira herrian ikusten dituzun beharrak eta horiei erantzuteko zure proposamenak?

- Aipatutakoez gain, ongizate alorrean ezinbestekoa da zaharren eguneko zentroa lekuz aldatzea, eta Kofradia Zaharra izan daiteke leku egokiagoa. Eraikin historiko hau errekuperatu eta bertan aterpe bat eta turismoari begira interpretazio zentro bat egitea ere proposatzen dugu. Getarian kalitatezko turismoari bultzada eman beharra dago, eta gure ondare kultural eta ingurugiroa babestu behar dugu: gure itsasertza babestuz (superportuak baztertuz) eta txikitu diren parkeen ordez berriak eginez. Sahatsaga goian parke berri bat eraikitzea proposatzen dugu. 11 urte bitarteko haurrentzat ludoketa bat ezarri eta parkea zati batean estali nahi dugu. Horrez gain, aparkalekuen auziari konponbidea ematea, menditxo eta bista-ona konpontzea, Askizuko frontoia estaltzea, ari-indarra aurrezteko plangintza... Programa osoa etxeetan jasoko duzue egunotan.

- Getariak aldaketa behar du? Nolakoa? Zer eskeintzen die zure alderdiak getariarrei?

- 20 urteko EAJ-EAren gobernuaren ondorioz, premiazko proiektuak bizkortasunez egiteko dinamismo falta dago, eta hori baino larriagoa, diru-publikoaren erabileran gardentasun eta kontrol publikorik egon ez dela ikusi da. Guk gobernua hartzen badugu, herritarren partehartze erreala eta herritarrek informazio osoa izango dutela ziurtatzen dugu, orain arte egin dugun bezala.

- Ze espektatiba dituzu udal hauteskundeetako emaitzei begira?

- Gure itxaropena Getariako udal-gobernua aldatzea da. Aldaketa posible da eta guztion artean posible egin dezakegu. Hori dela eta, herri honetan erakundeak garbitzea eta aldaketa nahi duten guztiei eskatzen diegu babesa, alternatiba serio eta sendoa eskaintzen dugulako.

- Balentziaga Museoaren inguruan zuek eginiko irregulartasunen salaketak zeresan handia eman dute. Eraginik izango du auzi honek hauteskundeetan?

- Gai honen larritasuna zein den ikusi arren, oraindik ere Udal gobernu honek ez dio azalpenik eman herriari. Herriak dakiena guk esanda daki, eta gertaera larrien aurrean EAJ-EAk ezer ez argitzea oso larria iruditzen zaigu. Zergatik ez dira ausartzen herriari egia esaten? Irregulartasunak estaltzen dituen udal gobernua edo gaizki ordaindutako diru-publikoak berreskuratzea nahi duen udal gobernua aukeratzea, horixe da hauteskunde hauetan herritarrek egin behar duten aukeraketa.

- Getariako Abertzale Sozialistak eta ANV hauteskundeetatik kanpo geratu dira. Zein da zure balorazioa?

- Gertaera hau kaltegarria izango da guztiontzat. Batetik hainbat herritar ordezkaritzarik gabe geratuko delako, eta bestetik, giroa nahastea ekartzen duelako.