ONDARROA / Udalak BI-638 errepidean biribilgunea egiteko lankidetza hitzarmena sinatzea onartu du Bizkaiko Aldundiarekin

Egitasmo osoak 1.150.000 euroko aurrekontuak izango du eta lanak udazkenean hasiko lirateke Udalak lanak komenigarriak direla uste du

ALBERTO ECHALUCE

ONDARROA. DV. Ondarroako Udalak iragan apirilaren 2an egindako osoko bilkuran Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Lan eta Garraio Sailarekin lankidetza hitzarmena sinatzea adostu du. Akordio honen bitartez BI-638 errepidean biribilgune bat eraikiko da eta udalerriko erdigunerako sarbidean dagoen Zubi Barria gaitzeko lanak gauzatuko dira.

Egitasmo osoak 1.150.000 euroko aurrekontua izango du eta, Udalaren aurreikuspenen arabera, udazkenean hasiko lirateke lanak eta urte betean burutuko dira.

Lanek bihurgunearen barruko aldean geratzen den munaren lurra kendu eta bertako zenbait etxebizitza botatzea aurreikusten dute. Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak BI-638 errepideko 9+117 kg-tik (BI-633 errepidearekin bat egiten duen puntuan) 9+190 kg-ra (udal eskumenaren muga) doan tartearen titulartasunaren aldaketa ahalbidetuko du, tarte konkretu hori Ondarroako Udalari emanez eta udalerriaren ondarea izatera pasatuz.

Lan horiek burutzea komenigarritzat jotzen du Ondarroako Udalak, trafikoa banatzeko zailtasun handiak sortzen dituen puntu horretan zirkulazioa herri barrukoa delako erabat. Biribilgune horrekin etorkizunean trafikoa arin bideratu nahi da, bai udalerriaren erdira zein Mutrikuko norabidean.

Lan honekin inguruko segurtasuna eta ikusmena hobetuko dira. Halaber, hirigunera iristeko Zubi Barria konponduko du Bizkaiko Foru Aldundiak, egoera txarrean dagoelako. Horretarako, aldi berean eta Ondarroako Udalak eskaturik, lagapen bidezko titulartasun aldaketari buruzko foru dekretuaren onespena tramitatuko da, bertan aldaketa horren funtzionaltasuna egiaztatuko delarik. Aldaketa foru dekretu hori betearaziz gauzatuko da bi alderdiek emate-akta sinatuta hitzarmen hau sinatzen den egintza berean.

Gasa eta telefoniako fibra

Obrak egiteko behar den lurra jarri, eta ukitutako zerbitzuak berriro ezarriko ditu Ondarroako Udalak bere kontura, baina zerbitzuon berrezarpena haien titularrek kudeatuko dute (Iberdrola, Telefonica, gasa eta abar). Lan hauei esker, herrian gasa eta telefoniako fibra heltzea falta zuen tokira helduko dira.

Aipatu beharra dago Ondarroako Udalaren betebeharra dela biribilgunea eraikitzeko proiektua egitea eta hitzarmen honen xedean identifikatu diren obrak adjudikatzea, zuzentzea eta betearaztea, harik eta obrak egiteko kontratuak kitatu arte eta dagokion kontratazio espediente guztiak izapidetzeko ardura.

Horregatik, Ondarroako Udalaren konpromisoa 280.000 euroko ekarpen ekonomikoa egitea da.

Baimena

Bestetik, Herri Lan eta Garraio Sailari obra egiteko baimena ere eskatu beharko dio Udalak. Finantzaketari dagokionez, hitzarmenak zehazten duen moduan, Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Lan eta Garraio Sailak konpromisoa hartzen du urteroko 280.000 euroko ekarpena 2010 urtera arte egiteko, gehien-gehienez ere. Beraz Sailak biribilgunea eraikitzeko eta sarrerako zubia gaitzeko, orotara, 840.000 euro emango ditu, lan guztien aurrekontuaren %75.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos