«Aizkolari gazte asko dago egun, baina sasoiko jendea falta da, maila altukoa»

Bere herritarren, leaburutarren, omenaldia jaso berri duen aizkolari handiak etorkizunean lehen egiten ziren marketara iristea zaila izango dela uste du

AMAIA GOIKOETXEA
Arrospidek bere herritarren aldetik omenaldi beroa jaso zuen Leaburun. [A.G.]/
Arrospidek bere herritarren aldetik omenaldi beroa jaso zuen Leaburun. [A.G.]

TOLOSALDEA. DV. Egun Zumarragan bizi den arren, leaburutarra da Anjel Arrospide. 21 urterekin heldu zion aizkorari eta ordutik gelditu gabe ibili da. Besteak beste, sei aldiz izan da Euskal Herriko txapeldun. Orain egun batzuk, bere herritarren omenaldia jaso zuen.

- Duela gutxi Leaburun omenaldi beroa eskaini zizuten. Herritarrek zure lana kontuan izan eta eskertzea pozteko modukoa izango da, ezta?

- Bai, oso egun polita izan zen azkenean. Hasieran erreparo moduko bat ematen du, jendea zuri begira egongo dela pentsatzeak, baina gero dena oso ondo eta oso lasai joan zen. Bizimodu normaletik ateratzen den egun bat izan zen, gauza onak bakarrik entzun eta jasotzen baitituzu horrelakoetan.

- Lehenengo aldiz aizkora esku artean hartu zenuenean pentsatu al zenuen inoiz halako omenaldirik jasotzera iritsiko zinenik?

- Lehen ere egin zidaten halako omenaldi txiki bat Leaburun bertan, txapelak irabazi nituen garai hartan. Orduan elkartean bazkari bat antolatu zuten, oso polita izan zen, baina duela bi astekoa baino xumeagoa; azken hau handiagoa izan da, jende asko etorri zen... Egia esan, lehen aldiz aizkorari heldu nionean, ez zitzaidan halakorik burutik pasa ere egin.

- Noiz izan zen hori?

- 1980. urtean hasi nintzen aizkoran. Herriko festetan egin nuen lehenengo saioa Berastegiko beste gazte batzuekin. Honen ondoren, herriko koadrila batek galdetu zidan ea pixka bat preparatu eta apusturik jokatu nahi ote nuen. Baiezkoa erantzun nuen, asko gustatzen baitzitzaidan aizkoran aritzea eta horrelaxe hasi nintzen.

- Lehenengo apustu hura gogoan izango duzu, noski.

- Horixe baietz. 1981. urtean jokatu nuen Tolosan, Antonio Monadena nafarraren aurka, hain zuzen. Garai hartan punta puntako aizkolaria zen hura eta galtzea tokatu zitzaidan. Ez genuen aurkari egokiena aukeratu apustu kontuan hasteko, ,je je.

- Garai hartan erraza al zen aizkolari gazte batentzat apustuak bilatzea, materiala lortzea... azken batean, aizkora munduan sartzea?

- Bai, gaur egun baino errazagoa zen. Garai hartan aizkolari guztiek genuen halako kuadrilatxo bat egurrak ekarri, apustuak bilatu eta babes ekonomikoa ematen zuena. Laguntza hori oso ondo etortzen zen gu bezalako gazteentzat, ezinezkoa izango bailitzateke bakarrik aurrera egitea.

- Gaur egungo aizkolarientzat latzagoa da, beraz.

- Egun, gazteek oso apustu gutxi jokatzen dituzte. Horretan hasiko balira, nik uste dut egongo litzatekeela jendea aizkolari gazte horiei laguntzeko, baina kontua da gaur egun oso apustu gutxi jokatzen direla gazteen artean.

- Zergatik ote da hori?

- Ba ez dakit oso ziur. Gauza da apustuen kontu hori gogorra dela. Txapelketen eta gainerako erakustaldien aldean, dizplina gogorra eskatzen du apustuak.

- Apustu mordoxka bat jokatutakoa zara zu. Ba al da horien artean bat edo beste bereziki gogoratzen duzunik?

- Ba agian, txapela irabazi nuen urtean Mindegiaren aurka jokatu nuena izango da bereziena. Txapela irabazi nuenean demostratu nahi nuen ez zela kasualitate hutsa izan; eta Mindegia berak ere erakutsi nahi zuen ez zela ni baino gutxiago. Nik uste hura izan zela garrantzitsuenetariko bat, bai niretzat eta baita jendearentzat ere.

- Lehenengo txapela 1990ean irabazi zenuen. Lehenengo haren ondoren espero al zenuen atzetik beste bost etorriko zirenik?

- Ez, horixe. Ni txapel batekin konforme nintzen. Aizkora munduan aizkolari asko izan dira, baina txapela eskuratu dutenak ez dira hainbeste izan, eta edozein kiroletan bezala, ibili zaren tokian txapel bat irabaztea gustora geratzeko modukoa da.

- Nazioarteko Aizkolari Txapelketetan ere parte hartu izan duzu. Azkenekoz joan den azaroan. Zer moduz joan zen?

- Ba aurten australiarrek eman dute egurra. Beraien gustuko probak ziren eta eta horietan nagusi izan dira. Egur bateko probetan dira haiek oso onak, motzean, baina ez dago iraupeneko aizkolaririk haien arten. Horretan hemen hobeto moldatzen gara.

- Australian aizkolaritzarako tradizio handia al dago?

- Bai, diotenez oso indartsua gainera. Hango aizkolariak profesionalak direla ere entzuna dut, eta hori ez da batere erraza. Aizkolaririk gogorrenak Australian eta Zeelanda Berrian egongo dira ziur asko; bi metroko mutilak, 25-26 urtekoak, sasoi latzekoak... hemen ikusten ez dena, alegia. Gazte asko dago hemen, baina ezaugarri horiek dituzten mutilak, gutxi.

- Nola ikusten duzu egun aizkolaritzaren egoera Euskal Herrian?

- Aizkolari gazte asko dago Euskal Herrian. Orain gutxi Tolosan 70 aizkolari bildu ziren. Fitxak badaude, beraz. Faltan botatzen dena sasoiko aizkolariak dira. Orain, maila honeko bi edo hiru aizkolari agertuko balira plaza asko egingo lukete eta diru pixka bat irabazteko moduan egongo lirateke. Horretarako, garrantzitsuena gogoa da, edozer gauzetarako bezala. Asko prestatu behar da eta horretarako garbi eduki behar da aizkoran aritu nahi dela, zalantzekin ez dago ibiltzerik. Serio hartu beharreko kontua da. Beste kiroletan bezala, puntan ibili nahi baduzu asko entrenatu behar da, zeure buruari gogor egin eta astindu ederrak hartu. Hori egiteko preparatutako gazte askorik ez da une honetan, eta horixe da falta dena.

- Beraz, nola ikusten duzu aizkoraren mundua hemendik urte batzutara?

- Aizkolaririk ez faltako, hori garbi dago. Nire ustez, faltako dena lehen aipatutako maila hori da. Lehen egiten ziren marketara iristea zaila izango dela uste dut. Txapelketetan eta lan onak ikusten dira, baina lehen egiten ziren lanak egitea eta orduko marketara hurbiltzea oso nekeza izango da.

Fotos

Vídeos